Sarrerak
San Sebastián, ciudad de la cultura

Glad Is The Day jaialdiaren bosgarren edizioa abuztuaren 4an

Glad Is The Day #5

Ostirala, 2019(e)ko Uztaila(r)en 19-(e)an

Cristina-Enea parkea musikaz beteko da berriz ere Glad Is The Day jaialdiaren bosgarren urtean. Musika maratoi honetan 16 banda eta artista baino gehiagok hartuko du parte. Igandean zehar, eta doako sarrera medio, 8 talde izango dira entzungai oholtza nagusian eta 8 DJ, Ruina Sónica zonaldean. Honetaz gain, eguerdiko 12:00etatik arratsaldeko 21:00ak arte azoka txiki bat, haurrentzako jarduerak eta edari nahiz janari postuak egongo dira. Gau partean DJ gehiago izango dira musika onena aukeratzen, Le Bukowski eta Dabadaban asteburua luzatu nahi dutenentzat.

2016 Europako Kultura Hiriburutzaren baitan sortutako Glad is the Day jaialdiaren beste edizio bat antolatuko du Donostia Kulturak. Le Bukowskik eta Dabadabak koordinatutako jaialdiak aurten ere Kutxa Kulturren laguntza izango du eta, berrikuntza gisa, Keler garagardoaren babesa.

Hauek dira parte hartuko duten talde eta musikariak:

Susmara. Donostiako lau gaztek osatutako talde berri bat da. Pop-rock musika estiloa jorratzen du, Donostia Kulturaren Musikagela zerbitzuko talde honek.

Bloody Magic Nails. Banda donostiar hau ere Musikagela zerbitzuko taldea da eta No Wolf eta Albert Cavalier bandetako musikariek osatu zuten 2017an. Bikote gisa hasi zen eta 2019an bihurtu dira hirukote. Indie punk musika jorratzen dute eta Kintsugi lehendabiziko lan laburra plazaratu berri dute .

The Lookers. Ziburutik datorren hirukoteak kemena eta indarra oinarri dituen rock'n'roll-ik onenaren izpiritu gazte eta zorabiagarria zabaltzen du.

Potato. ¡PO-TA-TO, POTATO TODO EL RATO! Hori da euren kontzertuetako abestien artean entzuten den oihu nagusia. Jarraitzaileek esaldi horrekin adierazten dute sentitzen dutena: festa, grina, dantza eta iraun dezala... etengabe! Hogeita hamabost urteko ibilbidean hainbat belaunaldi dantzan jarri dituen ska-reggae estiloari fidelak izaten jarraitzen dute.

Mice. Miren Narbaizak bakarkako bideari ekin zion 2017an, urte luzez hainbat proiektutan ibili eta gero (Napoka Hiria, Perlak, Joseba B. Lenoir eta Dual Split taldeetan ikusi ahal izan dugu gitarra, teklatuak eta ahotsarekin). Atmosfera ilunak, distortsioak, tenpo geldoak, giro arin eta argiagoekin ahaztu gabe, haren ahotsa nabarmena gidari.

Grande Days. 2013an sortua, zaila da Grande Days taldea sailkatzea. Bere musika indie rock doinuetara gerturatzen da post rock eta rock finena alde batera utzi gabe. Kutxa Kultur ekimenak Donostiako Tabakaleran duen erresidentzia programan parte hartzen ari da.

Los Estanques. Madrilen ezarritako talde kantabriar bikainak 3 urte eskasetan beste hainbeste elepe argitaratzea lortu du. Zalantzarik gabe, 70eko hamarkadako nostalgikoak eta pop rock psicodelikoaren maitaleak asetuko dituen taldea.

The Limboos. Badira bost urte agertu zirela euren 'Exotic Rhythm & Blues' doinu propioarekin. Energia hutsa abesti forman itota lehertu arte dantzan egiteko.

Talde hauez gain, hip-hop eta doinu urbanoen inguruko hainbat emanaldi egongo da Ruina Sónica zonaldean. Bellaca b2b Joven Mata djs, Le Parody live, Brava dj, La Dani live, Skyhxxk dj, Chico Blanco live, Alvva dj eta Merca Bae dj izango dira, egungo belaunaldi berriek dakarten soinu global horien adierazgarri.

Iruzkina idatzi

Segurtasun kodea
Freskatu