Sarrerak
San Sebastián, ciudad de la cultura

Robotikak gure eguneroko bizitzan duen pisua aztertuko du "Hello, Robot" erakusketak udan San Telmo Museoan

Ostirala, 2019(e)ko Ekaina(r)en 21-(e)an

2019ko ekainaren 22tik irailaren 29ra, San Telmo Museoak Hello, Robot. Diseinua gizakiaren eta makinaren artean erakusketa eskainiko du, lehen aldiz robotikaren egungo booma xeheki aztertuko duena. Erakusketa hau Vitra Design Museum, Mak Vienna eta Desing Museum Gent museoena da. San Telmo Museoan, Kutxa Fundazioa da babesle berezia.

Erakusketak diseinuaren eta artearen arloko 200 pieza baino gehiago biltzen ditu, eta bertan etxean, zaintza lanetan eta industrian erabiltzen diren robotak izango dira ikusgai, bai eta ordenagailu jokoak, multimedia instalazioak eta robotak ageri diren filmak eta literatur lanak ere. Robotikak gaur egun hartzen dituen askotariko moldeak erakusteaz gain, arlo horrekin lotutako arazo etiko, sozial eta politikoen inguruko gure kontzientziazabaltzea izango du xede.

Izan produktuak banatzeko drone, sentsore adimendun edo 4.0 Industriaren osagai, azken urteetan robotikak bidea ireki du gure eguneroko bizitzan, eta hura aldatu egin du funtsezko hainbat modutan. Diseinuak eginkizun garrantzitsua du prozesu horretan, hain zuzen ere diseinatzaileak direlako gizakien eta makinen arteko interfazeei forma ematen dietenak.

Bisita gidatuak eta jarduerak

Ekainaren 29tik aurrera bisita gidatuak eskainiko ditu museoak asteartero eta larunbatero: 11:00etan euskaraz eta 18:00etan gaztelaniaz. Bisita hauek doakoak dira museoko sarrera eskuratuta.

Jarduerei dagokienean, udako San Telmo Gauetako batek, uztailaren 13an, erakusketa hau izango du ardatz, eta irailean museoak bi mahai-inguru antolatu ditu robotika eta neuroteknologiaren inguruan, INBOTS eta EXTEND H2020 proiektu europarren laguntzarekin.  

GURE_RBTK erakusketa

Hello, Robot. aldi baterako erakusketaren harira, San Telmo Museoak, Euskadi osorako Eraldaketa Digitalerako Bulego gisa diharduen Gipuzkoako Industria Ingeniarien Elkargoarekin elkarlanean, GURE_RBTK erakusketa txikia antolatuko du, euskal industria-sarearen hainbat soluzio robotiko aurkezteko.

San Telmoko erakusketa iraunkorraren Industrializazio-aretoan kokatuko da erakusketa hau, museoko lehen solairuan, eta uztailaren 12tik irailaren 29ra bitarte egongo da ikusgai.

Iruzkina idatzi

Segurtasun kodea
Freskatu