Eguzkiteka eta liburutegien gainerako udako eskaintza aurkeztu du Donostia Kulturak

Eguzkiteka

Monday, 17 June 2019

Udako hilabeteetan Donostia Kulturako liburutegiek zerbitzu berriak eskaintzen dituzte. Joan den larunbatean, ekainak 15, Eguzkiteka (Kontxa hondartzako liburutegia) zabaldu zen eta uztailaren 1ean, berriz, Urgulleko liburutegia. Bestalde, Intxaurrondo Kultur Etxeko liburutegia zabalik egongo da abuztu osoan astelehenetik ostiralera goizeko ordutegian. Donostia Kulturak Moyua enpresarekin duen hitzarmena berritu du udako liburutegien eskaintza hobetzeko eta orohar liburutegietan irakurketa sustatzeko.

Eguzkiteka

Aurtengo udan hirugarren aldiz jarraian Eguzkiteka, Kontxa hondartzako liburutegia, zabalik egongo da irailaren 15era arte, aste osoan zehar jai egunak barne, goizeko 11:00etatik arratsaldeko 19:30era.

Eguzkiteka liburutegia Kontxa pasealekuaren azpiko espazioan dago kokatua, erlojuen parean, Donostiako uda garaiko gune nagusienetako bat. Itsasoari begira irakurtzen egotea Kontxako hondartzak udan eskaintzen duen doako zerbitzu bat da. Liburutegia osatzen duten elementu fisiko guztiak, apalak liburuekin, mahaiak eta aulkiak, egunaren amaieran jaso egingo dira, horrela baitago arautua indarrean dagoen Kostaldeko legedian eta hurrengo goizean berriro kokatuko dira dagokien espazioan, beti ere pasealekuaren azpiko pasabidea libre utziko delarik.

Eguraldiaren aldaketek eragina izango dute liburutegiaren funtzionamenduan, enbata edo galerna sortzen bada edo eguraldia oso txarra dagoenean, segurtasun baldintzek hala eskatzen badute, liburutegia itxita egongo dela iragarriko da.

Jarduerak

Eguzkitekan haurrei zuzendutako jarduerak egingo dira. Arratsaldero 17:00etan Lur Kortaren taldeak haurrentzako ipuin kontaketa saio bat emango du. Guraso edo arduradunei gogorarazten zaie, haurrekin egon daitezela ipuin kontaketa saioak irauten duen bitartean.

Horretaz gain, aurten haurrei zuzendutako jarduera berri bat egingo da, ikasturtean zehar liburutegietan egin ohi dena. Uztaila eta abuztuan zehar goizero 11:15ean 0-3 urte bitarteko haurrentzat Liburu Baby Kluba saioak egingo dira Mestiza elkartearen eskutik. Jarduera ludiko eta aldi berean didaktikoa den honetan umeak pertsona heldu batekin egongo dira eta azken honek ere jardueran parte hartuko du. Liburu Baby Kluba liburutik abiatzen da eta helburu nagusia umeengan txikitatik eta beraien familiengan literatura, musika, artea eta naturarekiko interesa piztea da. Jarduera kulturaniztuna da eta horregatik hiru hizkuntzetan garatzen da euskaraz, gazteleraz eta ingelesez.

Helduen kasuan jarduera puntualak egingo dira. Ekainaren 18an goizeko 11:00etan Irakurketa Errazeko talde bat bilduko da eta bi ipuin irakurriko dituzte: Jorge Luis Borgesen Historia de dos que soñaron eta Sakiren La puerta abierta.

Uztailaren 10ean, 12:30ean, Mario Benedetti-ren Udaberri-kantoi hautsia, liburuaren aurkezpena eta irakurraldia egingo da EIZIE elkartearen laguntzarekin. Aiora Jaka itzultzaileak liburua aurkeztu eta haren itzulpena egitean sortu zaizkion zailtasun eta buruhausteen inguruko hausnarketa egingo du. Ondoren, irakurle talde batek liburuan agertzen diren bost pertsonaien pasarte bana irakurriko du.

Urgulleko liburutegia

Uztailaren 1etik abuztuaren 31ra, donostiarrek eta hirira etorriko diren bisitariek Urgull mendiko udal eraikinetan eskaintzen diren zerbitzuetara gerturatzeko aukera izango dute.

Liburutegian (Damen Bateria), astelehenetik igandera irekita egoten da, goizean 11:00etatik 13:30era eta arratsaldean 17:00etatik 20:00etara. Bertan, haurrentzako liburu, joku dibertigarriak eta Interneten nabigatzeko aukera eskaintzen da. Helduek, berriz, liburuak eta egunkariak irakurtzeko aukera dute. Donostia Kulturako liburutegien bazkideak eta orohar Irakurketa publikoko sareko bazkideak Urgulleko liburutegian dauden liburuak maileguan hartu ditzakete eta etxera eman irakurtzeko.

Horretaz gain, haurrentzako jarduera bereziak antolatzen dira, astelehen eta ostegunetan arratsaldeko 18:00etan ipuin kontaketaren ordua izango da.

Donostia Kulturako Liburutegi sarearen udako eskaintza

Eguzkiteka eta Urgull Donostia Kulturaren Liburutegi sareak ematen duen zerbitzuaren atal osagarriak dira. Eguzkitekan eta Urgullen aurkitzen ez dena sareko liburutegietan bilatzeko aukera egongo da. Erabilpen handiko sare honetan Liburutegi Nagusia bere bi sailekin, haurrena eta helduena, kultur etxeetako hamar liburutegiak, San Telmo Museoko liburutegia, Amundarain Mediateka, Cristina enea, Udal Musika eta Dantza liburutegia eta sasoiko bi liburutegi hauek daude, Urgull eta Eguzkiteka.

Add comment


Security code
Refresh

Social Networks

  • Facebook
  • Twitter
  • Youtube
  • Instagram
  • Linkedin