Sarrerak
San Sebastián, ciudad de la cultura

Berri Txarrak taldeak jasoko du 2019ko Adarra Saria

Berri Txarrak

Asteartea, 2019(e)ko Maiatza(r)en 21-(e)an

Donostia Kulturak Berri Txarrak talde nafarrari emango dio 2019ko Adarra Saria. Taldeak ekainaren 21ean, eguerdian, jasoko du saria Donostiako alkatearen eskutik Donostiako Udaletxean, eta, egun berean, arratsaldeko 20:00etan, taldeak kontzertua eskainiko du Victoria Eugenia Antzokian. 800 sarrera salgai jarri dira gaur, maiatzak 21, goizeko 11:30ean, eta 10 minutu eskasetan agortu dira.

Juan González Andrés kazetariak, Irene Larraza Etxepare Institutuko zuzendariak eta Jaione Askasibar Donostia Kulturako Komunikazio zuzendariak osatutako Aholku Batzordeak musika taldearen ibilbide artistiko eta profesionala eta euskal nahiz nazioarteko publikoarengan duen eragin izugarria hartu ditu kontuan sariaren irabazlea aukeratzeko. Berri Txarrak-en emanaldiek arrakasta handia izan dute herrialde askotan eta taldeak milaka jarraitzaileei eskaini dizkie kontzertuak bost kontinenteetako agertokietan.

Horren adibide da Ikusi arte biran lortzen ari den sekulako arrakasta, azken bira honetan Berri Txarrak Europako eta Ameriketako ehunka hirietan edukiera txiki nahiz handiko aretoak betetzen ari baita.

Horrez gain, kontuan hartu dira ere taldeak musikarekiko eduki duen dedikazioa eta euskal kulturarekiko izandako ardura eta errespetua, haien jarraitzaileen artean eragin benetan positiboa duen ezaugarria.

Berri Txarrak-ek jasoko duen saria Marijose Recalde (Iruñea, 1964) artista nafarraren eskultura bat da (garaikur baten tamainakoa). Lana brontzezko irudi neutro bat da, adar bat duena, musikaren jatorria iradoki nahian, adarrak naturarekin eta jatorrizkoarekin duen zerikusia dela medio. Brontzezko lana da, zenbait koloretako patinan bilduta, osagaiak bereizteko eta musikaren dardara, indarra, alaitasuna eta kitzikapena nabarmentzeko.

Donostiako Udalak eta Donostia Kulturak 2014an sortu zuen Adarra Saria, euskal musikaren arloan garrantzi edo eragin bereziko ibilbidea egin duen edo egiten ari den artista bati, urtero, omen egiteko. Lehen edizioan, sari hori Mikel Laboaren sorkuntza lanari eta jeinuari eman zitzaion. Bigarrenean, Ruper Ordorikari, 2016an Benito Lertxundik eskuratu zuen, 2017an Fermin Muguruzak eta, iaz, Anarik.

BERRI TXARRAK (Lekunberri, 1994)

Berri Txarrak rock hirukoa Nafarroako Lekunberrin sortu zen 1994an. Ordutik bederatzi disko, bilduma-lan bat eta dokumental bat argitaratuak ditu, ale bakoitzean jarrera eta garapen geldiezina erakutsiaz. Izaera honek zailduta, taldea gauza izan da bi hamarkadatan zehar bere entzuleria zabala ezustean harrapatu eta eten gabe bide berriak irekitzeko, erosotasun artistikotik ihesi. Mila kontzertutik gorako eskarmentua galtzarbean, hirukoak nazioartean leku bat egitea lortu du euskara hutsean.

2018ko abenduan taldeak etenaldi mugagabea egingo zuela jakinarazi zuen eta Ikusi Arte Tour 2019 ospakizun bira berezia egiten ari da 2019an –sarrera guztiak ordu gutxitan agortuz– ibilbidea eten aurretik.

Berri Txarrak-ek mundu osoan jo du; besteak beste, Europa eta Hego Amerikan bira osoak egin ditu Rise Against taldearekin batera, Deftones edo Sick Of It All taldeentzako atarikoak egin... musika jaialdi erraldoietan aritu (Hellfest -Frantzia-, Fuji Rock -Japonia-, South By Southwest -USA-, Canadian Music Fest -Kanada-, Wilwarin -Alemania-, Resurrection -Galiza-, Viña Rock, Sonorama Ribera -Espainia-, EHZ, Azkena Rock Festival, Bilbao BBK Live -EH-... Erresuma Batuan, Estatu Batuetan, Australian eta Asian barna egindako hainbat bira ahaztu gabe.

Iruzkina idatzi

Segurtasun kodea
Freskatu