Okendo Kultur Etxeak D´enak Ohana Surf Club ekimena abiatu du

D´enak Ohana: aurkezpena

Monday, 13 May 2019

Okendo Kultur Etxeko proiektuak Donostia, Euskal Herria eta munduko hainbat belaunalditako surflariak elkartzeko xedea du. Horretarako surfean espezializatutako liburutegi saila eta urte osorako ekimen programa antolatu da.

Iraganeko surf elkarte zahar baten itxura eta kontzeptua oinarri hartuta, Donostia Kulturak sortu berri duen proiektuak surflarien komunitateko harremanak indartzeko helburua du kulturaren, artearen eta hezkuntzaren bidez. Proiektua Okendo Kultur Etxean garatuko da.

D´enak Ohana Surf Club egitasmoak bi lan ildo nagusi ditu: surf kulturan espezializatutako liburutegi saila eta ekimen programa bat. Liburu aurkezpen, hitzaldi, proiekzio, erakusketa eta abarren bitartez surflarien artean hausnarketa sustatu nahi dute proiektuaren sortzaileek, bai gertuko ingurunearen gainean (Zurriola, Sagues eta Groseko auzoa), bai bestelako inguru metaforikoagoen gainean ere: "bidaia", "itsasoa eta natura"...

Surf kulturaren transmisioa helburu

Gaur egun, Donostian surfak presentzia handia du. Urte gutxian bisitariak erakartzeko eta ekonomia sustatzeko balio bihurtu da hiriarentzat eta adin eta jatorri anitzeko surflari ugari ikus daiteke uretan. Arazoa da, ordea, surfaren kirol-jarduera azkar zabaltzen ari den heinean, atzean duen kultura ez dela behar bezala transmititzen ari.

Surf kulturaren transmisioaren etenak sortutako hutsunea betetzeko helburuz sortu da D´enak Ohana Surf Club egitasmoa. Surfa berriro balore positiboekin lotzea lortu nahi da, belaunaldi ezberdinetako surflarien artean esperientziak, informazioa eta ezagutza elkar banatuz.

Indibidualismotik kolektibora

Iraganean, 40ko eta 50eko hamarkadetan, surflariek izaera propioa zuen komunitatea osatzen zuten. D´enak Ohana proiektuak garai zahar haietako hondartzako kultura eta laguntasun giroa berreskuratzeko xedea du. Zurriolako belaunaldi ezberdinetako surflarien artean zubiak eraiki nahi dira komunitate izaera sendotzeko.

Egitasmoa hainbat surflariren eta kolektiboren elkarlanarekin sortu da, gaur egun surf munduan gailendu den indibidualismoa apurtzeko helburuarekin. Horretarako, antolatzaileek surflari eta kolektiboekin egin dute proiektuaren sorkuntza prozesua. Haien guztien inplikazioa ezinbestekoa izan da programari gorputza eta forma emateko:

Talentua: Okendo Kultur Etxeko Susana Busteroren zuzendaritzapean, Sancho Rodríguez, Angela Zozaya eta Iñigo Gaitonek forma eman diote programari eta haiek koordinatuko dute. Xabi Zirikiain proiektuaren arte zuzendaria izango da, eta ekimenaren estetikaz arduratu da. Bestetik, lehen hiruhileko programan hauexek parte hartuko dute: Joseba Attard (diseinatzailea eta sortzailea, surflaria eta ardien ile moztailea), Fergal Smith (nekazaria, politikoa, surflari profesional ohia), Jabi Iraizoz (sortzailea eta surflaria), Janire Virgala (erizaina eta surflaria), Jonan Etxeberria (soroslea, surflaria eta musikaria), Julen Larrañaga (surflaria), Axi Muniain (olatu handietako surflari profesionala), Bob McTavish (surflaria eta surf taulagilea).

D´enak Ohana egitasmoak kolektibo, marka eta enpresekin elkarlanean aritzeko helburua du.

Surf liburutegi espezializatua Zurriola hondartzaren ondoan

Itsas bazterretik 200 metrora Okendo Kultur Etxeak liburutegi handia eta oparoa du, eta egunero donostiar ugari izaten da bertan. Aurrerantzean, liburutegiak surf kulturan (eta harekin lotura duten gaietan) espezializatutako liburu sorta zabala izango du erabiltzaileen eskura.

Programako lehen ekimena maiatzaren 15ean: surflarientzako sorospena, segurtasuna bidaietan eta esperientzia erradikalak

D´enak Ohana egitasmoak maiatzaren 15ean, asteazkenarekin, egingo du lehen ekimena Okendo Kultur Etxean, 19:00etan hasita. Lehen saio horri Limoi tantak zaurian izena jarri diote. Socorrismo para surfistas liburua aurkeztuko du Jonan Etxeberria egileak, Julen Larrañagaren laguntzarekin. Ondoren, Janire Virgala surflari eta erizainak Surf bidaietarako segurtasun quiverra hitzaldia emango du. Segidan, Javier Iraizozek eta Axi Muniainek olatu handien eta esperientzia erradikalen gainean solasaldia izango dute. Saioa bukatzeko, Bob McTavish surflari eta oholgile australiar ezagunak More Stoked! liburua aurkeztuko du.

Maiatza, ekaina eta uztaileko programa

Datak hurbiltzen doazen heinean, xehetasun handiagoarekin emango da datozen hiru hilabeteetako ekimenen berri, baina dagoeneko ezagutu daiteke programazioa:

2019/05/15 - 19:00

LIMOI TANTAK ZAURIAN

Socorrismo para surfistas liburuaren aurkezpena

Jonan Etxebarria

Surf bidaietarako segurtasun quiverra hitzaldia

Janire Virgala

Limoi tantak zaurian solasaldia: olatu handiak eta esperientzia erradikalak

Axi Muniain

More stoked! liburaren aurkezpena

Bob McTavish

2019/06/20 19:00

DISEINUA, SURFA ETA ARDIAK

• Groseko Indarra Surf Taldea: hezkuntza proiektuaren aurkezpena

Jon Mikel Zubeldia

• Diseinua, surfa eta ardiak hitzaldia

Joseba Attard

• Fergal Smith surflariarekin elkarrizketa, skype bidez

Joseba Attard eta Fergal Smith

Beyond the Noise filmaren proiekzioa, zuzendaria Andrew Kaineder

2019/07/25 10:30 – 20:00 BIBLIOPLAYA

Groseko Indarra Surf Taldearen egoitza ondoan

Biblioplaya: liburuak hartuta hondartzara goaz!

• Film proiekzioak (22:00): Sambal II + Free Jazz Vein

Add comment


Security code
Refresh

Social Networks

  • Facebook
  • Twitter
  • Youtube
  • Instagram
  • Linkedin