Sarrerak
San Sebastián, ciudad de la cultura

Annemarie Jacir-ek jasoko du Giza Eskubideen 17. Zinemaldiaren Saria

Annemarie Jacir

Ostirala, 2019(e)ko Apirila(r)en 12-(e)an

Annemarie Jacir zinegile palestinarrak jasoko du Donostiako Giza Eskubideen 17. Zinemaldiaren Saria. Sariaren entrega ostiralean, apirilak 12, 20:00etan Victoria Eugenia Antzokian ospatuko den bukaera emanaldian izango da.

Ostiralean bertan Annemarie Jaciren When I Saw You filma proiektatuko da Victoria Eugenian (16:30), doako sarrerarekin. Proiekzioaren ostean Jacirek berak parte hartuko duen solasaldi bat egongo da.

Saria Aitor Mendizabal artista euskaldunaren biktima guztien oroimenezko Oroimena – Memoria izeneko monolitoaren erreplika da.

Annemarie Jacir zinegile palestinarrak 16 pelikula inguru idatzi, zuzendu eta ekoiztu ditu bere ibilbidean zehar, bere sorlekuari estu lotutakoak beti. Betleemen jaio zen 1975ean; Saudi Arabian bizi izan zen eta ondoren Estatu Batuetan, eta bertan egin zituen bere ikasketak eta hasi zen lanean editore eta kamera gisa, baita zinemaren industriako beste lan batzuetan ere.

Zenbait urteren eta proiekturen ondoren, bere sorterrira itzuli zen eta 1997an Philistine Films sortu zuen beste batzuekin batera; ekoiztetxeak Palestinan eta Jordanian du egoitza, eta zinema arabiar independentea bultzatzea da bere xede, besteren artean, film hauekin: Like Twenty Impossibles (2003), aurreneko film labur arabiarra Canneseko sail ofizialean parte hartzen, Jacirrek zuzendua, edo berak ekoiztutako Until When (2004) dokumentala. 2003an Dreams of a Nation proiektuaren sortzaileetako bat izan zen eta Palestinako zinemaldi ibiltari handiena antolatu zuen Palestinan.

2008an lehenengo emakume palestinarra izan zen film luze bat zuzentzen: Salt of This Sea / Milh Hadha al-Bahr, Donostiako Zinemaldian Zinema Mugimenduan saria lortu zuena eta Cannesen ere proiektatu zena. Filmak Estatu Batuetan jaiotako emakume palestinar baten historia kontatzen du, bere sorlekura itzultzea erabakitzen duenarena.

2012an When I Saw You / Lamma Shoftak zuzendu zuen, Sei Egunetako Gerraren ondorengo egunetan girotua, milaka palestinarrek Jordaniara erbesteratu behar izan zutenean; filmak Asiako pelikula onenaren saria lortu zuen Berlineko Zinemaldian.

Aita-seme bat, aspalditik Erroman bizi direnak, Nazaretera itzuli dira ezkontza batera. Biak dira protagonistak orain arte bere azken pelikula den honetan: The Wedding Invitation / Wajib (2017), 36 sari jaso dituena nazioarteko zinemaldietan.

Tokiko talentu gazteei irakasteko eta haiek prestatzeko hartua duen konpromiso irmoarekin, etengabe ari da lanean bere ekoiztetxearen bitartez eskualdeko zinema bultzatzen. Klaseak eman ditu Columbian, Betleemen, Birzeit-eko Unibertsitatean eta errefuxiatuen esparruetan Palestinan, Libanon eta Jordanian.

Iruzkina idatzi

Segurtasun kodea
Freskatu