Sarrerak
San Sebastián, ciudad de la cultura

Zabalik dago HAU lehiaketan parte hartzeko epea, aurten zizeiluaren ingurukoa izango dena

Asteazkena, 2019(e)ko Otsaila(r)en 06-(e)an

HAU. Euskal Herriko objektu tradizionalaren diseinu lehiaketaren hirugarren ediziorako deialdia zabalik dago apirilaren 8ra arte. Bitamine Faktoria mugaz gaindiko sormen eta kultura ekoizpen lantegiak antolatzen duen lehiaketa honek,  San Telmo Museoaren, Mondragon unibertsitatearen, Aranzadi Zizentzia Elkartearen eta Ramírez i Carrillo estudioaren laguntzarekin, euskal kulturako objektu tradizional bat gaurkotzea du helburu.

Edizio honetan zizeilua izango da berrinterpretatu beharreko objetua. Zizeilua Euskal Herriko baserrietako jatorrizko altzaria da, eskualde guztietan aurki daitekeen mahai-bankua. Bizkarralde altua du, hotzetik babesteko; izan ere, sutondotik gertu eta, hortza, aire sarbide batetik gertu ere kokatzen zen. Eskuarki, zizeilua hiruzpalau lagun esertzeko egina zegoen, erdian mahaiaren funtzioa betetzen zuen taula eraisgarria zuen. Zizeilu batzuetan, eserlekuaren azpian atxikitako espazio bat egokitzen zen animalia txikien hazkuntzarako.

Lehiaketa hau diseinuaren alorrean diharduten ikasleei, profesionalei edo kolektiboei zuzenduta dago (industria- eta produktu-diseinua, arkitektura, ingeniaritzak, arte ederrak, etab.).
 
Epaimahaia diseinuko eta euskal etnografiako alorretako aditu hauek osatuta egongo da: Jaume Ramírez Pujolar (Ramírez i Carrillo estudioko diseinatzailea); Fermín Leizaola Calvo (Aranzadi Zientzia Elkarteko Etnografia Saileko zuzendaria); Elisabeth Urrutia Bea (industria-diseinuko irakaslea eta ikerlaria Mondragon Unibertsitatean); Agurtzane Garai Ibarluzea (San Telmo Museoko jarduera eta proiektu arduraduna); Bitamine Faktoriako lantaldeko kide bat.

Ekainean proiektu sarituaz eta diseinu nabarmenez osatutako erakusketa antolatuko da San Telmo Museoko gune gastrokulturalean.

Informazio gehiago eta oinarriak: www.bitamine.net

Iruzkina idatzi

Segurtasun kodea
Freskatu