Sarrerak
San Sebastián, ciudad de la cultura

Literaktum18: balorazioa

Literaktum: 2018ko programazioa

Astelehena, 2018(e)ko Azaroa(r)en 26-(e)an

Literaktum Jaialdia amaitu berri dela, balorazio positiboa egin du koordinazio batzordeak.

Bernardo Atxagak eta Jose Kruz Gurrutxagak eman zioten amaiera aurtengo Literaktum jaialdiari Martuteneko kartzelan emanaldiarekin. Amaiera ezin hobea izan zen larunbatekoa; goizez Pio Barojari bisitan ibilbide literarioa izan genuen Parte Zaharrean barrena, eta arratsaldez, berriz, Iban Zalduak eta Ramon Saizarbitoriak txiki utzi zuten Troa-Zubieta liburu-denda. Gau partean, Martuteneko kartzelan emanaldiarekin lepo bete zen Loiola kultur etxeko aretoa.

Iaz abiatutako bidetik ekin zion aurten ere Literaktumek, minaren gaia ardatz hartuta eta txikientzako programazio berezia antolatuta. Jaialdiaren programazioak jasotako erantzuna oso ona izan da, eta emanaldi batzuk zinez arrakastatsuak izan dira. Pozik egoteko moduan gaude, beraz, jendeari literatura hurbiltzea eta hausnarketarako gaiak mahai gainean jartzeko helburuak aski beteak izan baitira.

Datuei erreparatuz gero, 3.000 lagunetik gora hurbildu dira jaialdian programatutako 29 jardueretara, bi erakusketetara egindako bisitaldiak barne hartuta. Programazio zabala, askotariko gaiekin, eta jarduera bereziak izan dira jaialdiaren ardatz, eta edonork bere gustuko hitzaldia, emanaldia edo musika topatzeko aukera izan du. Arlo eta diziplina desberdinetan lanean diharduten 54 gonbidatu izan ditugu gure artean, eta literaturaz zein beste zenbait gairi buruzko ikuspegi eta iritzi anitzak plazaratu dituzte.

Azpimarratzekoak dira zenbait hitzaldik eragin duten interesa eta jakin-mina, eta esate baterako, gainezka egon ziren Nacho Carretero eta David Trueba, Ramon Saizarbitoria eta Iban Zaldua eta Manuel Vilas eta Juan José Millás idazleen hitzaldiak. Martuteneko kartzelan estreinaldiak Loiolako aretoa bete zuen, Sonetos del amor oscuro lanak bezalaxe, eta Afoniak soinu-sorkuntzak zein Harkaitz Canoren Fakirraren ahotsa liburuaren aurkezpenak jendea erakarri zuten. Ezin ahaztu, bestetik, Pio Barojari bisitan ibilbide literarioa eta Anna Karenina liburuari buruzko solasaldia eta afaria, zeinetan 80 lagun bildu ziren.

Elkarlanean landutako jarduerak ere arrakastatsuak izan dira, besteak beste, EHUrekin Pentsatu! Jardunaldien baitan landutakoek jende andana bildu zuten. Danele Sarriugartek eta Fernando Broncanok kulturari buruz egindako kritika zein hausnarketei adi-adi egon ziren Kaxilda liburu-dendan bildutakoak. Arratsaldez, berriz, filosofiari eta minari lotutako mikro-eztabaida biziek girotu zuten Tabakalerako Kutxa Kultur espazioa. Liburu-denden elkartearekin landutako hiru emanaldiak arrakastatsuak izan diren, eta liburu artean gai desberdinei buruz mintzatzeak beste xarma bat duela erakutsi zuten. Bestalde, ehunka izan ziren liburu-sorten zozketan parte hartu zuten ikus-entzuleak. Euskadiko Filmategiarekin, aldiz, Edurne Portelaren film gustukoena eskaini zen, La cinta blanca.

Jaialdiaren hedapenari dagokionez, webgunetik eta sare sozialetatik egunero informazioa jariatu zen, eta emanaldiei buruzko kronikak eta iritziak jaso ziren Literaktum blogean. Behin jaialdia amaituta, 10 eguneko programazioa laburbiltzen duten argazkiak eta informazioa daude ikusgai www.literaktum.eus webgunean.

Literaktum 2018

Iruzkina idatzi

Segurtasun kodea
Freskatu