Sarrerak
San Sebastián, ciudad de la cultura

Literaktum18: Afoniak soinu-sorkuntza

Osteguna, 2018(e)ko Azaroa(r)en 15-(e)an

Emanaldi berezia eta berria izango da ikusgai, eta batez ere entzungai, bihar Victoria Eugeniako Klub aretoan. Afoniak izeneko soinu-sorkuntza aurkeztuko dute Xabier Erkizia soinu-artistak eta Arantxa Iturbe idazle eta irrati-esatariak. Erabateko estreinaldia den emanaldi hau, Donostia Kulturaren eta Euskal Kultur Erakundearen elkarlanaren ondorio da, eta Xabier Erkizia artista arduratu da sorkuntzaren kontzeptualizazioaz, idazketaz, diseinuaz, edizioaz eta zuzeneko emanaldia prestatzeaz. Hitzordua bihar, azaroak 16, izango da, Victoria Eugeniako Klub aretoan 19:00etatik aurrera.

Lan honen abiapuntua Idazlezainak egitasmoa da. Proiektu horren baitan hainbat euskal idazleren soinu-grabazioak daude jasota Wikipedian, eta horiek abiapuntutzat hartuta, ahotsari, entzumenari, ahotsaren grabazioari eta literaturari buruzko hausnarketa poetikoa proposatzen da.

Estreinaldi honetan, dozenaka euskal idazleren ahotsak biltzen dira; batzuk lehendik grabatutakoak (artxibokoak, alegia), besteak propio emanaldirako grabatutakoak. Emaitza gisara, euskarazko literaturaren pieza koral moduko bat osatzen dute. Arantxa Iturbe irrati-esatariak eta Xabier Erkizia soinu-artistak josi dituzte hitzak eta hotsak, belarrirako collage erraldoi eta poliedriko bat osatzeko.

Idazlezainak egitasmoa

Idazlezainak taldea Donostiako liburuzain talde bat da, liburuak zaintzeaz gain, sortzaileak ere zaintzen dituena. Wikipediaren bidez egiten du hori, sortzaileei buruzko artikuluak idatziz, eguneratuz eta ahalik eta baliabide gehien eskainiz. Ekimenak harrera oso ona izan du eta hainbat idazlek parte hartu dute beren ahotsak grabatu eta haiekin Wikipediako artikuluak janzten.

Material hori du lehengai Afoniak sormen-lanak. Remix ariketa honek erakusten digu asmo jakin batekin grabatutako ahotsak berrerabil daitezkeela, pieza berri eta originala osatzeko. Kulturaren eta sormen-lanen hedapen librea sustatzen dute, halaber, Creative Commons lizentzia libreei esker.

Informazio gehiago: www.literaktum.eus

Soinu-grabaketak: https://eu.wikipedia.org/wiki/Wikiproiektu:Haur_eta_Gazte_Literatura/2017/Ekimenak


Iruzkina idatzi

Segurtasun kodea
Freskatu