Sarrerak
San Sebastián, ciudad de la cultura

Literaktum18: Paddington izeneko hartza erakusketa

Ostirala, 2018(e)ko Azaroa(r)en 09-(e)an

Paddington izeneko hartza erakusketa inauguratuko dute gaur Aiete kultur etxean. Literaktum Jaialdiarekin bat eginez eta Literaktum txikia sailaren barruan, gaur inauguratuko dute Paddington izeneko hartza erakusketa Aiete Kultur Etxean eta 2019ko otsailaren 3ra arte egongo da ikusgai. Haur literaturako ikono bihurtu den Paddington hartz ospetsua da erakusketaren protagonista.

Paddington hartza sortzeko oinarria peluxezko hartz batek eman zion Michael Bond idazle ingelesari. Eguberri bezperan Londreseko Paddington geltokiko denda bateko apalean hartzatxoa ikusi eta bere emaztearentzako oparitzat erostea erabaki zuen. A Bear called Paddington 1958. urtean argitaratu zen lehen aldiz, erakusketa honetan ikus daitezkeen Peggy Fortnum-ek egindako ilustrazioekin.

35 milioi liburutik gora saldu dira 20 herrialde inguruan, eta 40 hizkuntzetara itzuli. Hartzatxoak bere telesailak izan ditu, baita bi pelikula ere, oraingoz.

Liburua argitaratu zeneko 60 urte bete diren honetan, Aieteko erakusketan liburuko 53 ilustrazioak egongo dira ikusgai. Peggy Fortnumen irudien erreprodukzioak egiteko, Londreseko Paddington eskubideen jabeen laga dizkiote irudiak kultur etxeari.

Liburuaren zortzi kapituluen arabera sailkatu dira ilustrazioak erakusketa aretoan. Bertan, hartza ikus dezakegu Brown familiak tren geltokian jasotzean, etxera dihoala, metroan, antzerkian, hondartzan... Liburua aretoko hormetan irudikatzeko ahalegina egin da, irudi eta testu esanguratsuek lagunduta. Londres hiria bera ere liburuaren protagonista da, eta hiria identifikatzen duten hainbat objektu jarri dira: bi pisuko autobus erraldoia, Big Ben dorrea edo telefono kabina gorri bat. Objektuen artean, halaber, Bartzelonatik ekarritako peluxe berezi bat eta Londreseko liburuaren pop-up edizio berezia ekarri dira. Paddingtoni buruzko bi pelikulen kartelen erreprodukzioak ere ikusi ahal izango dira.

Erakusketa 3 urtetik gorako haurrei zuzendua dago, heldu batez lagunduta betiere. Bestalde, txikientzat egokitu da irudien kokapena, eta Paddingtonen marrazkiak koloreztatzeko aukera ere izango dute.

AIETE KULTUR ETXEA

2018 Azaroak 9 – 2019 Otsailak 3

Ordutegia:

Astelehenak eta jaiegunak: itxita

Asteartetik ostiralera: 16:00-20:30 Gabonetako ikasleen oporraldian: 10:00-14:00

Larunbatak: 10:00-14:00 / 16:30-20:00 Igandeak: 10:00 – 14:00

ERAKUSKETAREN TESTUINGURUA

Paddington hartza

Paddington hartza "Peru ilun eta urrutienetik" heldutako etorkin abegitsu gisa agertzen da. Brown familiak aurkitu zuen Paddington Londreseko geltokian, eta hortik datorkio izena, hartzak baitio inork ezin duela bere perutar izena ulertu. Hartzak manera goxoak ditu beti, bihotz onekoa da. Oso xaloa da, baina liskarretan sartu ohi da nahi gabe, nahiz eta horiek buru-belarri konpontzen saiatzen den beti.

Michael Bond (Newbury, Britainia Handia,1926-2017)

Michael Bond Newbury, Berkshire, Ingalaterran jaio zen 1926ko ekainaren 13an. Readingen Presentation Collegen ikasi zuen. Bigarren Mundu Gerran Royal Air Force eta Britainiar Armadako Middlesex Erregimentuan egon zen. BBCn kamera bezala lan egiten zuen bere lehen liburua argitaratu zuenean 1958an.

1997an Michael Bond Britainiar Inperioko Ordenaren Ofizial izendatu zuten haur-literaturan egindako ekarpenengatik, eta 2015ean Ingalaterrako erreginaren urteurrenarekin bat etorriz, Britainiar Inperioko Ordenaren Komendadorea.

Bere bizitzako azken 37 urteak Londresen eman zituen, Paddington geltokitik gertu. Idazten jarraitu zuen 91 urterekin zendu zen arte, 2017ko ekainaren 27an.

Peggy Fortnum (Harrow, Britainia Handia, 1919-2016)

Peggy Fortnum Paddington marraztu zuen lehenengo artista izan zen. Berari eskatu zioten lehenengo liburua Paddington izeneko hartza ilustratzeko eta bildumako hurrengoak ere egin zituen. Bere lan esanguratsuak boligrafoz eta tintaz marrazten zituen, zuri-beltzean. Batzuetan, beste artistek jartzen zioten kolorea haren ilustrazioei, horien artean bere ilobak, Caroline Nuttal-Smithek.

Paddingtonen beste ilustratzaile batzuk

Paddingtonen irudia ez da aldatu urteetan zehar eta ilustratzaile askok interpretatu dute. Peggy Fortnum izan zen lehena.

1972an, Michael Bondek irakurle gazteagoentzat liburu sorta bat idatzi zuen. Batez ere irudi-liburuak zirenez, ilustrazio estiloa aurrekoena baino askoz xehatuagoa behar zuten. Ondorioz, Fred Banbery aukeratu zen, guztira sei liburu argitaratu zituelarik.

1975ean, Paddington lehendabiziko aldiz agertu zen telebista ingelesean, 5 minutuko 30 kapitulutako telesailean. Ivor Woodek zuzendu eta diseinatu zituen, Britainia Handiko FilmFair Ltdek eginda. Ivor Woodek telesaileko panpinaren diseinua egin zuen eta marrazki bizidunen Paddingtonen irudia ere.

1980ean, Bondek beste haur telesail batzuk idatzi zituen. Horiek formatu txikiagoan diseinatu ziren, eta David McKee aukeratu zuten hori egiteko, ezaguna baitzen ordurako haren liburuak ilustratzeagatik, adibidez, King Rollo, Elmer the Elephant eta Mr. Benn.

1990ean, R.W. Alleyri eman zitzaion mandatua liburu sorta berri bat ilustratzeko. Bere artelanak liburu ilustratu askotan agertu izan dira eta hauetako batzuk berriro ilustratu ditu azken urteetan. Bob Alleyen ilustrazio ederrak azken liburuen orrialdeetan azaldu dira, adibidez 2018ko maiatzean argitaratu zen Paddington St. Pauls kalean liburuan.

90. hamarkadaren bukaeran, Cinar konpainia kanadarrak marrazki bizidunak telebistarako ekoitzi zituen. Pasarte asko liburuen ilustrazioetan oinarriturik zeuden baina zenbait pasarteren bidez, Paddingtonek eta bere lagun Gruber jaunak herrialde eta toki ugarietara bidaiatu zuten.

Filmak

2014an, Paddington filma estreinatu zen Erresuma Batuan, Paul Kingek zuzenduta eta rol nagusietan Nicole Kidman, Hugh Bonneville eta Sally Hawkinsek antzeztua.

2017an, Paddington 2 ere Paul Kingek zuzendu zuen. Pelikula horretako protagonistak ondorengoak dira: Hugh Grant, Brendan Gleeson, Hugh Bonneville, Sally Hawkins, Julie Walters, Jim Broadbent, Peter Capaldi, Madeleine Harris, eta Samuel Joslin. Azken hau, euskaraz ikusteko aukera egongo da Aiete Kultur Etxean, azaroaren 24an, larunbatean, arratsaldeko 17:00etan.


Iruzkina idatzi

Segurtasun kodea
Freskatu