Sarrerak
San Sebastián, ciudad de la cultura

Literaktum18: programazioaren aurkezpena

literaktum18-programazioaren-aurkezpena

Astelehena, 2018(e)ko Azaroa(r)en 05-(e)an

Literaktum jaialdiaren programazio orokorra aurkeztu da gaur Victoria Eugenia Antzokian eskainitako prentsaurrekoan. Jaialdia azaroaren 13tik 24ra bitartean izango da.

Jarraian albisteari buruzko informazioa:

Literaktum 18 jaialdia gainean dugu. Aurten, azaroaren 13tik 24ra bitartean izango da literatura ardatz duen jaialdia, eta atal berriekin zein kolaborazio sare zabalarekin iritsiko zaigu. Ez du alboratuko, ordea, bere jatorrizko helburua: literaturara hurbiltzea, bestelako lengoaia eta diziplinei zein gaur egungo eztabaidei lotuta.

Literaktum 18-ren gai nagusia gizakion funtsezko ezaugarri bat da, egungo kulturan presente dagoena: mina. Horrela, literaturak esperientzia mingarriei forma emateko duen gaitasuna aztertuko dugu, galeratik hasi eta gatazka sozialera; bakardadetik indarkeriara. Minak bizi izeneko atalak bilduko ditu mina ardatz duten jarduerak.

Belaunaldi berrien literatura ere landuko du, 30 urtetik beherako idazleek egindakoa, hain zuzen ere. Euskarazko literatura berriaren ahots interesgarrienak bilduko dira mahai baten inguruan gai honi tiraka. Ikuspegi hau osatzeko, gazteak irakurtzera noiz eta nola hurbiltzen diren ere aztertuko du beste mahai-inguru batek.

Literaktumek aurkezten du atalean, aldiz, egungo euskal idazle esanguratsuenetako hiru argitaratu berri dituzten liburuez mintzatuko dira: Harkaitz Canok, Katixa Agirrek eta Iban Zalduak beren lan berriak aurkeztuko dituzte.

Jaialdi batek orainaren argazkia egiten badu ere, klasikoek badute beren lekua orain horretan. Horrela, Literaktum 18-k Anna Karenina hobeto ezagutzeko aukera emango du afari literario baten bidez; Baroja, ibilaldi dramatizatu batean parte hartuz; García Lorca, hark idatzitako Sonetos del amor oscuro olerkiak taularatuz, eta Roberto Bolaño Sonorako basamortuetan barrena egindako bidaia literarioaren bidez.

Gizartean puri-purian diren eztabaidetan murgiltzeko ateak ere zabalduko dizkigu literaturak: sorkuntza askatasunaren aurkako mehatxu berriak, idazketa boterearen kontrako erresistentzia modu gisa edo diskurtso kultural nagusiak sortzeko prozesuak.

Estreinaldiak ere izango dira. Donostia Kulturaren eta Euskal Kultur Erakundearen (EKE) elkarlanak bultzatuta, soinu-sorkuntza lan bat estreinatuko du Xabier Erkizia soinu artistak Arantxa Iturbe kazetariarekin batera. Afoniak emanaldia prestatzeko, zenbait euskal idazleren ahotsak baliatu eta bihurritu ditu Erkiziak, sekula entzun gabeko irratsaioa osatzeko. Liburuzainen lanari esker sortutako Idazlezainak egitasmoak bildutako idazleen informazioa eta ahotsak ditu oinarri emanaldi esperimental honek.

Bestalde, Martuteneko kartzelan irakurraldi dramatizatua estreinatuko dute Bernardo Atxaga idazleak eta Jose Kruz Gurrutxaga aktoreak. Euskaltzaindiaren mendeurrenerako sortutako emanaldi hau estreinakoz ikusi ahal izango da Donostian.

Gonbidatuei dagokienez, gai horiek jorratzeko estilo askotariko idazleak izango ditugu gure artean. Nacho Carretero eta David Trueba sortzaileen askatasunaren mehatxu berriez mintzatuko dira; nobela argitaratu berriekin iritsiko dira Reyes Monforte, Laura Restrepo, Katixa Agirre, Harkaitz Cano, Manuel Vilas, Juan José Millás eta Jon Bilbao; Europa garaikideko literatura eta historiaren arteko harremanez eztabaidatuko dute Slavenka Drakulicek eta Luisa Etxenikek, eta kulturaren inguruan hausnarketa egingo dute Danele Sarriugartek eta Fernando Broncanok.

Programazio osoaren izenetako batzuk dira horiek, izan ere, 50 gonbidatutik gora izango dira aurten Literaktumen. Programazio orokorrari lotuta, gainera, azpimarratzekoak dira Literaktum Txikia eta erakusketak ere. Haurrei zuzendutako programa zabala antolatu da jaialdian zehar, bai eta Paddington izeneko hartza erakusketa ere.

Bestalde, Literaktumen eta Gipuzkoako Liburu-denden Elkartearen arteko harremana urte osoan zehar luzatzen da, eta aurtengo jaialdian oso presente izango dira liburu-dendak. Herritarrek liburuekiko eta literaturarekiko maitasuna sustatze aldera. Literaktumeko zenbait emanalditan liburuak eta erosketa-bonoak zozkatuko dira bertara hurbiltzen direnen artean. Honako liburu-denda hauek kolaboratuko dute: Aritz, Casa del Libro, Donosti, Elkar, Garazi, Gurutz, Hontza, Kaxilda, Lagun, Tobacco Days eta Zubieta.

Iazko kolaboratzaile gehienek aurten ere presentzia izango dute jaialdian, bai eta kolaboratzaile berriek ere. Hor izango dira: Donostiako Udaleko Lankidetza, Giza Eskubideak eta Kultur Aniztasuna bulegoa, Euskadiko Filmategia, Euskal Kultur Erakundea, Euskaltzaindia, Euskarazko Wikipedia, Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Liburu-denden Elkartea, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura departamentua, Kutxa Kultur eta UPV-EHU Kultura.

Programazioa atalka edo gaika xehatze aldera, honako blokeak nabarmentzen dira:

Minak bizi:

* Azaroak 14, La memoria de la lavanda, Reyes Monforte, Tomasene KE, 19:30

* Azaroak 15, La impunidad del monstruo, Laura Restrepo, San Telmo museoa, 19:30

* Azaroak 20, El silencio y los crujidos. Tríptico de la soledad, Jon Bilbao & Pilar Adón, Troa Zubieta liburu-denda, 19.30

* Azaroak 21, Asuntos de familia, Manuel Vilas & Juan José Millás, Kutxa Kultur plaza, 19:30

Klasikoak:

* Azaroak 12, Los Desiertos de Sonora. Un viaje literario al universo de Roberto Bolaño, Paty Godoy, Pere Ortín, Rodrigo Fresán, Komikigunea, 19:30

* Azaroak 18, Amor oscuro (Sonetos), Viridiana, Lugaritz KE, 19:30

* Azaroak 23, Cenar con Anna Karenina, Convent Garden, 19:30

* Azaroak 24, Pio Baroja Donostiara bisitan, Okendo plaza, 11:00

Literaturaren bide berriak:

* Azaroak 19, Zergatik idazleak?, Esti Martínez & Peru Iparragirre, San Jeronimo aretoa, 19:30

* Azaroak 20, Gazteak eta irakurketa, Maialen Berasategi, Imanol Epelde, Larraitz Idarreta, San Jeronimo aretoa, 19:30

Literaktumek aurkezten du:

* Azaroak 14, Amek ez dute, Katixa Agirre, Elkar liburu-denda, 19:00

* Azaroak 22, Fakirraren ahotsa, Harkaitz Cano, Lugaritz KE, 19:30

* Azaroak 24, Como si todo hubiera pasado, Iban Zaldua & Ramon Saizarbitoria, Troa Zubieta liburu-denda, 18:30

Gaurkotasuna duten eztabaidak:

* Azaroak 13, Las nuevas amenazas de la libertad creativa, Nacho Carretero & David Trueba, Okendo KE, 19:30

* Azaroak 17, ¿Quién hace la cultura? Injusticias epistémicas, Danele Sarriugarte & Fernando Broncano, Kaxilda liburu-denda, 12:00

* Azaroak 23, La escritura vigilada: literatura e historia de Europa, Slavenka Drakulic & Luisa Etxenike, 19:00

Bestelako jarduerak:

* Azaroak 16, Afoniak, Xabier Erkizia & Arantxa Iturbe, Klub aretoa, 19:00

* Azaroak 17, Filosofia zuzenean, mikro-eztabaidak, Kutxa Kultur plaza, 19:00

* Azaroak 21, Literaktum Wikilantegia, Haur Liburutegia, 17:30

* Azaroak 24: Martuteneko kartzelan, Bernardo Atxaga & Jose Kruz Gurrutxaga, 20:00

Erakusketak:

* Paddington izeneko hartza, Aiete KE

* Euskadi Literatur Sariak, Okendo KE

Literaktum Txikia:

* Azaroak 16, Ipuinak dantzan, Loiola KE, 18:00

* Azaroak 17: Areto literarioa, Mandasko Dukea aretoa, 11:00

* Azaroak 17: Txitxarra eta inurria, Aiete KE, 17:00

* Azaroak 20: Galtzagorriak, Aiete KE, 17:00

* Azaroak 21: Aita Manuelen ipuinak, Okendo KE, 18:00

* Azaroak 24: Paddington 2, Aiete KE, 17:00

 

Informazio gehiago: www.literaktum.eus

Iruzkina idatzi

Segurtasun kodea
Freskatu