Sarrerak
San Sebastián, ciudad de la cultura

Literaktum18: Anna Karenina afaria

Asteartea, 2018(e)ko Urria(r)en 30-(e)an

Literaktum jaialdian Anna Karenina eleberri klasikoaren inguruko solasaldia eta afaria izango dira azaroaren 23an Convent Garden jatetxean. Bestalde, liburu sortak zozkatuko dira emanaldietara hurbiltzen direnen artean.

Jarraian albisteari buruzko informazioa:

Anna Karenina-rekin solasaldia eta afaria

Literatura nobedadeak eta gaur egungo gaiak dira Literaktum jaialdiaren oinarri, baina klasikoek ere badute beren lekua. Hortaz, klasiko bat berreskuratu eta horren inguruan gehiago ezagutu eta solasteko aukera izango da solasaldi eta afari baten bidez. Hautatutako eleberri klasikoa Leon Tolstoiren Anna Karenina da.

Tolstoiren maisulanari buruzko saioa azaroaren 23an izango da, ostiralarekin, eta bi zatitan banatuko da: lehenik, solasaldi literarioa egingo da eta afari literarioa, ondoren. Solasaldia edonori irekia izango da eta Anna Karenina eleberriaren garaian murgildu eta giro goxoan hitz egiteko aukera izango da. Ondoren, beste ikuspuntu batetik begiratuko zaio Tolstoiren maisulanari: liburuan ageri diren plateretan oinarritutako afarian, hain zuzen. Ba al da liburu bati buruz hitz egiteko modu hoberik? Convent Garden jatetxeak diseinatu du afariko menua eta Slawka Grabowska arduratuko da solasaldia bideratzeaz. Afariaren prezioa 25 euro da. Izena emateko egin klik hemen.

Afaria Convent Garden jatetxean egingo da (Easo kalea, 20) eta parte hartzeko lekuak mugatuak dira. Gaurtik aurrera izena eman eta ordainketa egin daitezke www.literaktum.eus webgunean. Azaroaren 15era arte dago afarian izena emateko epea zabalik. Argibide gehiago liburutegiaalderdieder@donostia.eus helbidera zuzenduta eskura daiteke.

Aukera ezin hobea da belaunaldiz belaunaldi irakurleak liluratzeko gaitasunik galdu ez duen klasiko hau sakonetik ezagutzeko eta literatura zaleekin batera afari literarioaz gozatzeko.

Liburuak eta deskontuak zozketan

Literaktumen eta Gipuzkoako Liburu-denden Elkartearen arteko harremana urte osoan zehar luzatzen da, baina jaialdiak irauten duen egunetan, haien inplikazioa eta presentzia areagotu ohi da. Aurtengo edizioan, elkarlan horren ondorioz, liburuak eta erosketa-bonoak zozkatuko dira Literaktumeko emanaldietara hurbiltzen direnen artean, herritarren liburuekiko eta literaturarekiko maitasuna sustatzeko xedearekin.

Jaialdiak irauten duen bitartean, zozketan parte hartzeko txartelak banatuko dira, eta nahi duenak izango du parte hartzeko aukera. Zozketa horretako saridunak liburu bat eta beste erosketa bat egiteko deskontu-bonua jasoko ditu, dagokion liburu-dendara hurbilduta. Zozketaren emaitzak behin jaialdia amaituta argitaratuko dira www.literaktum.eus webgunean.

Ehun liburutik gora zozkatuko dira, Donostiako liburu-dendek erakutsitako eskuzabaltasun eta prestutasunaren ondorioz. Guztira, hamar liburu-dendek parte hartu dute jarduera honetan: Aritz, Elkar, Casa del Libro, Donosti, Garazi, Gurutz, Hontza, Kaxilda, Lagun, Tobacco Days eta Zubieta.

 

Informazio gehiago: www.literaktum.eus.

Iruzkina idatzi

Segurtasun kodea
Freskatu