Sarrerak
San Sebastián, ciudad de la cultura

Wikiliburutegiak: liburutegiak eta Wikipedia

Wikiliburutegiak: liburutegiak eta Wikipedia

Astelehena, 2017(e)ko Azaroa(r)en 27-(e)an

Gaur, azaroak 27, 2016ko Donostia Hiriburutzaren legatuan oinarritutako Wikiliburutegiak: liburutegiak eta Wikipedia proiektuaren barruan 2017an zehar egindako lana eman da ezagutzera, baita 2018an zehar aurreikusitakoa ere. Era berean, egitasmoaren berri emateko ekitaldi bat antolatu da abenduaren 4an, 19:00etan, Victoria Eugenia Cluben.

Wikiliburutegiak

Wikipediaren filosofiak bete-betean bat egiten du liburutegien helburuekin: jakintza jasotzea, zaintzea eta hedatzea. Donostiako liburuzainek Wikipediak eskaintzen dituen aukera berriak ezagutu ondoren, formazioa eta baliabideak jaso dituzte eta Wikiliburutegiak proiektuan bi esparru landu dituzte: Euskal Herriko Unibertsitateko Irakasleen Eskolarekin batera Haur eta Gazte Literaturako edukiak landu dira eta bestalde Idazlezainak egitasmoa sortu da.

Idazlezainak proiektuaren xedea da euskal idazleei buruzko artikuluak sortzea, gaurkotzea, hobetzea eta ahalik eta hizkuntza gehienetara itzultzea da. Liburutegiek, zerbitzu publiko gisa, tokiko egileak (idazleak, ilustratzaileak, artistak...) babesteko eta sustatzeko bokazioa dute, haiek baitira gertaera literarioen muina eta iturburua. Egitasmo honetan, liburuzainek, liburuak zaintzeaz gain, idazleak ere zaintzen dituzte Wikipedian, haien artikuluak sortuz, gaurkotuta mantenduz eta ahalik eta hizkuntza gehienetan eskainiz.

Abenduaren 4ko ekitaldia

Wikiliburutegiak proiektuak bat egin du Euskararen Egunaren ospakizunekin eta egitasmoa azaltzeko ekitaldi berezi bat egingo da abenduaren 4an arratsaldeko 19:00etan Victoria Eugeniako Club izeneko aretoan. Ana Malagon eta Iban Zaldua, idazle donostiarrak, hitzaldi solasaldi bat egingo dute literatura, bibliotekak eta Internet gaien inguruan. Gainera Wikiliburutegiak proiektuaren erakusketa interaktiboa aurkeztuko da. Erakusketa ibiltari hau Durangoko azokan egongo da datorren abenduaren 8an Kabia gunean eta 2018an kultur etxeetan eta liburutegietan ibiliko da. Azkenik, Donostiako liburuzainek egindako lanaren ekarpena azalduko dute. Ekitaldi irekia izango da, baina Victoria Eugeniako leihatilan jaso behar dira gonbidapenak egunean bertan arratsaldeko 17:00etatik aurrera.

Egitasmo honetan Donostia Kulturarekin batera Euskal Wikilarien Kultura Elkartea eta Euskal Idazleen Elkartea ibili dira. Edukien sorrerari dagokionez, Donostia Kulturako liburuzainak, Koldo Mitxelena Liburutegiko liburuzainak eta HABEko liburuzainak elkarlanean aritu dira.

2018ari begira Donostia Kulturak proiektuarekin aurrera jarraituko du eta liburutegi sareekin harremanak eta lankidetza berriak bilatuko dira egitasmoan parte hartuko duten bazkide berriak lortu ahal izateko.

Bideoaren bertsio luzeagoa hemen ikus dezakezue.

Iruzkina idatzi

Segurtasun kodea
Freskatu