Sarrerak
San Sebastián, ciudad de la cultura

Literaktum aurrerapena: Madame Bovary eta Victor Hugo

Gustave Flaubert

Asteartea, 2017(e)ko Urria(r)en 31-(e)an

Literaktum jaialdian klasikoek ere beren txokoa izango dute. Batetik, Gustave Flauberten Madame Bovary liburuaren inguruko solasaldia eta afari literarioa izango dugu. Bestetik, Victor Hugoren figuraren inguruan ibilbide literarioa egingo da Pasai San Pedro eta Pasai Donibaneren artean.

Madame Bovary: solasaldia eta afaria

Literatura nobedadeak eta gaur egungo gaiak dira Literaktum jaialdiaren oinarri, baina aurtengo edizioan klasiko bat berreskuratu eta horren inguruan gehiago ezagutu eta solasteko aukera izango da tertulia eta afari baten bidez. Hautatutako eleberri klasikoa Gustave Flauberten Madame Bovary da.

Flauberten maisulanari buruzko saioa azaroaren 24an izango da, ostiralarekin, eta bi zatitan banatuko da: lehenik, solasaldi literarioa egingo da eta afari literarioa ondoren. Solasaldia edonori irekia izango da eta Madame Bovary-ren munduaren inguruan giro goxoan hitz egiteko aukera izango da. Ondoren, beste ikuspuntu batetik begiratuko zaio Flauberten maisulanari: liburuan ageri diren plateretan oinarritutako afarian, hain zuzen. Ba al da liburu bati buruz hitz egiteko modu hoberik? Gastronomiazko Euskal Anaiartea elkarteak diseinatu du afariko menua eta Slawka Grabowska arduratuko da solasaldia bideratzeaz. Afariaren prezioa 20 euro da.

Afaria Gastronomiazko Euskal Anaiartea elkartean egingo da (Elbira Zipitria kalea, 2) eta parte hartzeko lekuak mugatuak dira. Gaurtik aurrera izena eman eta ordainketa egin daitezke www.donostiakultura.eus webgunean. Azaroaren 17ra arte dago afarian izena emateko epea zabalik. Argibide gehiago liburutegiaalderdieder@donostia.eus helbidera idatziz eskura daitezke.

Aukera ezin hobea da belaunaldiz belaunaldi irakurleak liluratzeko gaitasunik galdu ez duen klasiko hau sakonetik ezagutzeko eta literatura zaleekin batera afari literarioaz gozatzeko.

Victor Hugori bisita

Victor Hugo idazle klasikoak eta bere obrak ere izango dute lekua jaialdian. Azaroaren 25ean, ibilbide literarioa egingo da Pasai San Pedrotik Pasai Donibanera, eta Hugok denboraldi batez ostatu izandako etxeraino gidatuko ditu bidaiariak aktore talde batek. Etxea ez ezik, idazlearen zenbait eskuizkribu ezagutzeko aukera izango dute. Jarduera euskaraz izango da.

Hitzordua Pasai San Pedroko dorrean jarrita dago (ontziralekuan), azaroaren 25ean, goizeko 11:00etan, eta bertan parte hartzeko izena eman behar da aldez aurretik honako helbidean: liburutegiaalderdieder@donostia.eus.

Iruzkina idatzi

Segurtasun kodea
Freskatu