Sarrerak
San Sebastián, ciudad de la cultura

2017-2018: aurten ere 600dik gora ikastaro aukeran

2017-2018 ikasturteko ikastaroak

Asteartea, 2017(e)ko Uztaila(r)en 11-(e)an

2017-2018 ikasturtean kultur etxeetan eskainiko diren ikastaroak aurkeztu ditu Donostia Kulturak gaur goizean, hilak 11, egindako agerraldian. Ikastaroen matrikulazioa 2017ko irailaren 12tik 26ra bitartean egiteko aukera izango da, edozein kultur etxetan zein Donostia Kulturaren webgunean.

2017-2018 ikastaroen eskaintza pdf formatuan daukagu kontsultatzeko moduan (kultur etxeetan abuztu bukaeran edo irail hasieran izango da paperean) eta informazio osoa www.donostiakultura.eus/ikastaroak helbidean ere ikus daiteke.

2017-2018 ikasturteko liburuxka (0,5 MB, pdf)

Aurtengo ikastaroen uzta oparoa izan da, eta guztira, 612 ikastaroz gozatzeko aukera izango dute erabiltzaileek. Aipatzekoa da 150tik gora ikastaro berri eskainiko direla, Donostia Kulturak bere eskaintza berritu eta hobetzeko helburuari helduz.

Hizkuntzari dagokionez, ohi bezala, helduei zuzendutako ikastaro guztiak euskaraz zein gaztelaniaz eskainiko dira, egile ikastaroak izan ezik. Kasu horretan, egilearen hizkuntzaren araberakoak izango dira. Haur eta gazte ikastaro guztiak, aldiz, euskaraz emango dira.

Datu batzuk aipatzearren:

  • 322 ikastaro euskaraz
  • 288 gaztelaniaz
  • 2 ikastaro ele bitan
  • 150tik gora ikastaro berri

Nabarmentzeko

Gazte ikastaroak: 31 ikastaro eskainiko dira 30 urtetik beherako gazteentzat, eta gazteei interesatzen zaizkien gaiak hautatu dira: besteak beste, teknologia, dantza, musika, parkour eta eskulanak. Azpimarratzekoak dira Musikagelaren bidez antolatutako musika ikastaro espezializatuak.

Haur ikastaroak: txiki zein gaztetxoenek 48 ikastaroren artean aukera egin ahal izango dute: antzerkia, dantzak, eskulanak, marrazketa eta pintura, gitarra... Ikastaro hauek formatu ezberdinetan eskaintzen dira etxeko txikien beharrei eta ohiturei zein familiaren egoerari egokitzeko asmoarekin.

Eskaintza orokorrean ere ikastaro berriak programatu dira. Askotariko diziplinak landuko dira: estanpazio naturalak, orratz arteak, kapoeira, jumping dance, rock and roll, akroyoga, 3D-n inprimatzea, perkusioa, didgeridoo-a, Aristoteles eta Platonen filosofia...

Lau hilabeteko ikastaroak: aurreko urteetan ikusitako arrakastari esker, aurten ere lau hilabeteko ikastaroen eskaintza oparoa eta berritua da; guztira, programazioaren % 17a. Era honetan, parte-hartzaileen eskaerei erantzuna eman nahi diegu. Otsailetik maiatzera arte egingo diren ikastaroetan izena emateko epea 2018ko urtarrilaren 19ra arte izango da.

Egile ikastaroak: zenbait kultur etxetan hainbat diziplinatako profesionalekin eskaintza berezia egingo da, herritarrak gai oso espezifikoetara hurbiltzeko asmoarekin. Ikastaro hauek ezaugarri bereziak izan ohi dituzte, iraupenaren zein edukien aldetik, eta oso harrera ona dute ikasleen artean. Kultur etxeen espezializazioei buruzkoak dira gehienbat: adibidez, Casaresen komunikazioaren ingurukoak edota Larrotxenen bideoaren eta zinearen ingurukoak.

Aurtengo eskaintzan 59 egile ikastaro izango dira, adin tarte desberdinei zuzendutakoak:

  • Casares-Tomaseneko irrati eta komunikazio ikastaroak: Casares Irratiak komunikazioan eta irrati tekniketan eta lengoaietan interesatuta daudenei zenbait ikastaro eta tailer eskainiko dizkie, bai banakakoak bai taldekoak. Irakasle hauek parte hartuko dute: Maider Gorostegi, Joseba Sacristán, Anartz Zuazua, José Joaquín Forcada Forki, Sergio Errasti eta Inko Martín.
  • Larrotxeneko bideo eta ikus-entzunezko ikastaroak: kultur etxearen bideo tailerrean sortutako proiektuak anitzak eta kalitatezkoak izan ohi dira, bai ikastaroen garaian, baita ikastaroak bukatzen direnean ere. Egile ikastaroetan arituko dira: Pablo Malo, Pello Gutiérrez, Haimar Olaskoaga, Michel Gaztambide, Andoni de Carlos, Paula Olaz, Ignacio Zabala, Oskar Tejedor, Ander Iriarte, Maria Elorza eta Marian Fernández.
  • Musikagelako ikastaroak: Musikagela zerbitzuak musikarekin zerikusia duen formakuntza eskaintzen du eta Egia eta Intxaurrondo kultur etxeetan ikastaro laburrak eta espezializatuak eskainiko ditu. Besteak beste, DJ ikastaro sorta (Telmo Trenor, Arcanoid, Rude Kanka), musika ordenagailuz sortu (Flavio Bánterla), zuzeneko emanaldietarako sonorizazioa (Unai Moraza) eta bateria-jole autodidaktaren gida (Andoni Etxebeste).

 

Iruzkina idatzi

Segurtasun kodea
Freskatu