Sarrerak
San Sebastián, ciudad de la cultura

2017ko Poltsiko Antzerki Sorkuntza: "Erbeste" eta "Ni ala zu" dira aukeratutako proiektuak

2017ko-poltsiko-antzerki-sorkuntza-erbeste-eta-ni-ala-zu-dira-aukeratutako-proiektuak

Ostirala, 2016(e)ko Abendua(r)en 09-(e)an

Euskarazko formatu txikiko antzerki sorkuntza eta ekoizpena bultzatzeko 2017ko Poltsiko Antzerki Sorkuntza izeneko programak baditu dagoeneko lehen eta bigarren sariak. Jasotako proiektuen artean, epaimahaiak lehen saria eman dio Anodino Teatroa taldearen Erbeste antzezlanari. Bigarren saria, berriz, Joseba Usabiagaren Ni ala zu lanari egokitu zaio.

Erbeste

Proiektu honetan Mikel Fernandino idazketa lanetan ibiliko da. Aitor Fernandino eta Getari Etxegarai izango dira antzezlanean parte hartuko duten bi aktore nagusiak. Azkenik, idazketa estilo eta zuzenketa lanak Maialen Lizarralde eskutik izango dira.

Antzezlan honen xedea zera da: familia desegituratu baten joan-etorriak ezagutzera ematea eta matxismoaren gaitzaz hausnartzea. Horretarako Adam eta Evaren Bibliaren zatia berrikusi beharko dute.

Ni ala zu

Antzezlan honetan aktore ezagunak ditugu (Joseba Usabiaga eta Iñaki Santos). Psikiatriko baten musika gela. Musika eta "musikaeroa" dagoen pertsonaren istorioa. Musikaria bere gelan dago, norbait azalduko zain. Musikaz erotu den "bezeroa" sartzen da. Terapia behar du bere arazoa gainditzeko. Ez ditu pilularik behar, baizik eta pentagrama eta notekin duen obsesioa piskanaka murriztea.

Ideia eta gidoia Joseba Usabiagarena da. Josu Lete diseinu grafiko lanetan arituko da eta produkzioa Ttipia Kultura Sustapenaren esku dago.

Proiektu irabazleak 4.000 euroko dirulaguntza jasoko du proposatutako antzezlana garatzeko eta ekoizteko. Bigarren sariak, berriz, 3.200 euroko dirulaguntza izango du. 2017ko otsailaren 2tik 19ra Donostiako hainbat taberna eta aretotan egingo den Poltsiko Antzerki Jaialdiaren 26. edizioaren barruan ikusteko aukera izango da.

Donostia Kulturak, Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak deialdian parte hartu duten guztiei beren esker ona azaldu nahi diete. Aurkeztutako proiektuek maila altua erakutsi dute eta aukeraketa zaila izan da.

Iruzkina idatzi

Segurtasun kodea
Freskatu