Sarrerak
San Sebastián, ciudad de la cultura

Literaktum 2016: Bigarren astearen laburpena

literaktum-2016-bigarren-astearen-laburpena

Astelehena, 2016(e)ko Maiatza(r)en 16-(e)an

Literaktum jaialdiaren bigarren astea lehena bezain bizia izan da.

Irakurgunea espazioan Anjel Lertxundi izan zen lehen gonbidatua, maiatzaren 10ean. Berez azken liburuan, Zu, bere emazteak minbiziarekin izan duen borroka materia literarioa bihurtu du Lerxundik. Goizalde Landabasorekin izan duen solasaldian aitortu zuenez, liburu honekin bere aurreko liburu guztiekin baino irakurleen gutun gehiago jaso ditu idazleak. Askoren esperientziari forma artistikoa ematen asmatu duenaren seinale.

Jordi Fibla, beste askoren artean, Philip Roth estatubatuar idazle handiaren itzultzailea da gaztelaniara. Fibla Roth eta itzulpengintzari buruz Donostia Book Club-eko dinamizatzailea den Slawka Grawoskarekin egon zen hizketan maiatzaren 11n, ingelesez, idazle juduaren Everyman liburua ardatz zutela. Fiblak, joan den urtean Espainiako Itzulpengintza Saria Nazionala bere karrera osoagatik jaso zuena, Roth-ek elementu biografikoak fikzionalizatzeko duen trebetasuna azpimarratu zuen, bere estiloaren muina bezala definituz.

Maiatzaren 12an Manuel Rivas izan zen Literaktum 2016-ko protagonista. Idazle galiziarrak Donostiako Garoan Boca da Terra, bere azken poema-liburuaren testuak galegoz irakurri zituen, liburudenda indar dramatikoz eta pasioz bete zuelarik. Ez zegoen bakarrik Rivas irakurketa honetan. Ixiar Rozasek Beltzuriaren pasarteak irakurri zituen, estilo neurridun eta zehatzarekin, Rivasen osagarri perfektua. Ondorengo solasean bi idazleen arteko konplizidadea agerian geratu zen.

Arratsalde horretan bertan Rivasek Liburutegi Nagusiko San Jeronimo Aretoan (eguraldiak Irakurguneako karpan egitea galerazi baitzuen) bere azken nobela aurkeztu zuen: El último día de Terranova, Amaia Garcíarekin solasean. Bertan Rivasek Trantsizioaren garaia eta ondorengoak liburudenda baten metaforaren bidez hausnartzen ditu. Komunikatzaile paregabea dela frogatu zuen Rivasek, publikoa guztiz liluratuz. Aipatzekoa da liburuak sinatzerakoan irakurle bakoitzarekin pasa zuen denbora, sinadurarekin batera marrazkiak eta guzti eginez.

Jaialdiaren azkeneko txanpa ez da nolanahikoa izan. Ernest Lluch Kultur Etxean Literatura eta futbola gaia jorratu zen maiatzaren 13an, Santiago Roncagliolo idazle perutarra, Santi Segurola kazetaria eta Aixa de la Cruz idazle bilbotarraren eskutik. Bi alor hauek, literatura eta futbola, noizbait urrun egon baziren, gaur egun ordea egoera zeharo aldatu da, eta ez dira gutxi futbola materia literario, sozial edo politiko gisa aztertzen dituzten liburuak.

Larunbata goizean, maiatzak 14, Literaktum 2016-k Asteasura egin zuen salto. Muskerraren Bidea ibilbidea Bernardo Atxagaren gidaritzapean ezagutzako aukera izan zuen aldez aurretik izena emandako talde ugari batek. Benetako luxua izan zen euskal literatura garaikideko idazle nagusienetako batek bere unibertso literarioaren muina poetikoaren oinarria bertan azaltzea. Atxagak Asteasuko mundua “sistema” bat bezala definitu zuen, bere barruan unibertso osoa egon daitekeela azpimarratuz. Ibilbidean idazleak sistema horren zenbait “item”-en analisia egin zuen, betiere errealitate historikoaren garapen poetikoa eginez. Emaitza liluragarria izan zen, Literaktum 2016-ko jarduera magikoena seguruen.

Amaia Irazabal, Amaia Ruiz, Ane Artetxe eta Iñaki Letamendiak, edo beste modu batera esanda, LeKord taldeak itxi zuen aurtengo jaialdia, larunbatean, Lugaritz Kultur Etxean, Sokak antzezlanarekin. Itxiera delikatu eta poetikoa, musika eta hitza uztartzen zituena, jaialdiaren izakera mestizoaren eredugarri.

Literaturaren hamaika aurpegietara hurbildu da aurtengo Literaktum. Eta ondorioa pozgarria bera da beti: inoiz amaitzen ez den bidea dela literatura. Datorren urtean jaialdiak bidearen beste zatitxo bat ibiliko du. Gonbidatuta zaudete.

Iruzkina idatzi

Segurtasun kodea
Freskatu