Sarrerak
San Sebastián, ciudad de la cultura

2022ko Dantzaren Munduko Eguneko mezua

Kang Sue-jin

Asteazkena, 2022(e)ko Apirila(r)en 27-(e)an

Apirilaren 29an ospatuko dugu Dantzaren Nazioarteko Eguna. 1982tik indarrean, Unescoren baitan dagoen Antzerkiaren Nazioarteko Erakundeko (ITI) Dantzaren Nazioarteko Batzarraren ekimenez. 2022ko mezua Kang Sue-jin (pdf lotura) dantzari eta Koreako Ballet Nazionaleko zuzendari artistikoak idatzi du. Iñaki Iñurrietak ekarri du euskarara.

Apirilean zehar hainbat ekitaldi egin dira dantzarekin zerikusia izan dutenak gure hirian, eta azkena maiatzaren 1ean egingo da, Victoria Eugenian: Dantzaren Nazioarteko Eguneko XXV. Gala.

Kang Sue-jin-en mezua

Covid-19aren hondamendiak eten egin du bizitza, guk hain libreki ezagutzen genuen huraxe, eta tragedia honen erdian, berriro jarri gara "dantza" eta "dantzari" hitzen esanahiaz hausnarrean. Antzina batean, dantza ezinbesteko bitartekoa zen keinuen bidez espresatzeko eta komunikatzeko, eta arte eszeniko bihurtu zen, arima inarrosten eta ikus-entzuleak inspiratzen zituena. Unez osatutako artea da, baita arte zaila ere osatu ondoren bere jatorrizko forman berrezartzeko, gorputzetik eta arimatik sortzen baita. Dantza une iheskorrez egina da, eta horrek daramatza dantzariak etengabe higitzera. Baina Covid-19ak murriztu eta are geldiarazi egin du dantzaren artea bere jatorrizko eran.

Egoerak hobetzera egin du, baina oraindik ere murrizpen asko ezartzen zaizkie dantza-ikuskizunei. Horrek oroitzapen ederrak dakarzkigu gogora, dantzak eta dantzariek, bitxiak bezala dizdizka, mundua argitzen zutenekoak, gizakien larridura eta goganbeharra adieraziz, bizitzeko borondatea eta itxaropena.

Orobat, garrantzitsua da gogoratzea ezen, Erdi Aroko Europan sortutako izurrite beltzak gerora izan zuen agerraldietako batean, 1841eko ekainaren 28an, Giselle balleta estreinatu zutela Parisko Operan, heriotzaz haragoko maitasunaren adierazgarria, eta egundoko erantzun beroa izan zuela. Harrezkero, Giselle Europa osoan eta mundu osoan eman izan da, pandemiak zafratutako gizateriaren gogoak berotzeko eta pizteko. Halaxe ulertzen dut nik Giselle, lehen emanaldi hartan agertu zen bezala: mundua astintzen duten gaitzen larritasunetik ihes egiten saiatzen den dantzari baten gogo bikaina da.

Ikus-entzule bakarti eta nekatuak dantzarien begikotasunaren eta kontsolamenduaren egarri dira. Dantzari garen aldetik, uste dugu gure hegalak astintzeak itxaropena daramala dantzaren artea maite dutenen bihotzetara eta pandemia gainditzeko adoretzen dituela.

Bihotza hasia zait pilpiraka.

Iruzkina idatzi

Segurtasun kodea
Freskatu