Sarrerak
San Sebastián, ciudad de la cultura

Joseba Tapiak jasoko du 2022ko Adarra Saria

Joseba Tapia. Argazkia: Gaizka Peñafiel

Asteazkena, 2022(e)ko Apirila(r)en 06-(e)an

Donostia Kulturak Joseba Tapiari emango dio 2022ko Adarra Saria. Musikariak ekainaren 21ean, Musikaren Europako Egunean, arratsaldeko 19:30ean, Victoria Eugenia Antzokiko oholtzan jasoko du Marijose Rekalde eskultoreak egindako sariaren garaikurra, Eneko Goia Donostiako alkatearen eskutik. Sarrerak jada salgai daude.

Jose Joaquin Forcada Forki kazetariak, Auria Etxeandia EGOko komunikazio arduradunak eta Esther Fernandino Donostia Kulturako Musika ataleko teknikariak osatutako Aholku Batzordeak aho batez erabaki du aurtengo Adarra Saria Joseba Tapiari ematea.

Saria ematerakoan, kontuan hartu dira Joseba Tapiaren ibilbide luzea, moldakortasuna (era askotako estiloetan eta musikari handi askorekin frogatu baitu bere musika-bikaintasuna), herri-musikaren ondarea kontserbatu eta zabaldu izana, eta hainbat eta hainbat pieza berri konposatu izana, bai eta akordeoiak askotariko musika-ingurune eta giroetan duen gaurkotasuna frogatu izana ere.

Adarra Saria jasoko zuela jakindakoan, hauxe adierazi zuen Joseba Tapiak: "Aurretik sarituak izan diren euskal kantari horien belaunaldiko, ekipoko, taldeko sentitzen naiz. Euskal kantari profesionalak gara eta borrokan ari gara euskararen eta artearen alde. Sari hau nire izenean badator ere, nirekin ibili diren eta dabiltzan musikari, teknikari eta profesional guztiekin partekatu nahiko nuke".

Joseba Tapiak ekainaren 21ean, Musikaren Europako Egunean, arratsaldeko 19:30ean, Victoria Eugenia Antzokiko oholtzan jasoko du Marijose Rekalde eskultoreak egindako sariaren garaikurra, Eneko Goia Donostiako alkatearen eskutik, eta segidan azken diskoa, Egon edo ez egon, aurkeztuko du musikari hauez lagunduta: Nerea Erbiti (ahotsa), Olaia Inziarte (ahotsa), Kristina Aranzabe (ahotsa), Iñigo Telletxea (gitar apala), Iker Uriarte (jazbana), Jexux Aranburu (teklatua), Ion Celestino (tronpeta), Amets Aznarez (tronboia), Ibon Irixoa (saxofoi tenorra) eta Mixel Ducau (saxofoi altua).

Kontzerturako sarrerak gaur, apirilak 6, jarri dira salgai, 18 euroan, Victoria Eugenia Antzokiko eta Antzoki Zaharreko leihatiletan edota www.donostiakultura.eus/sarrerak webgunean. Lau sarrera erosi ahal izango dira gehienez pertsonako. Kontzertu honek Tapiak apirilaren 28an Victoria Eugenia Antzokian eman behar zuen kontzertua ordezkatuko du, eta sarrerak ekainaren 21eko kontzerturako baliagarriak izango dira.

Donostiako Udalak eta Donostia Kulturak 2014an sortu zuen Adarra Saria, euskal musikaren arloan garrantzi edo eragin bereziko ibilbidea egin duen edo egiten ari den artista bati, urtero, omen egiteko. Orain arte Mikel Laboak, Ruper Ordorikak, Benito Lertxundik, Fermin Muguruzak, Anarik, Berri Txarrak taldeak, Kepa Junkerak eta Amaia Zubiriak jaso dute Adarra Saria.

Iruzkina idatzi

Segurtasun kodea
Freskatu