Sarrerak
San Sebastián, ciudad de la cultura

2022ko Antzerkiaren Munduko Eguneko mezua

Victoria Eugenia Antzokia

Ostirala, 2022(e)ko Martxoa(r)en 25-(e)an

Martxoaren 27an ospatzen den Antzerkiaren Munduko Eguneko mezua Peter Sellars antzerki, opera eta jaialdi zuzendari estatubatuarrak idatzi du aurten (Itzulpena: Iñaki Iñurrieta).

Egun horretan Donostia Antzerki Sariaren gala ospatzen da Victoria Eugenia Antzokian, aurreko urtean hirian euskaraz antzeztutako obra onena saritzeko. Horman Poster kolektiboaren Antigone edo ezetzaren beharra lanak irabazi du XXII. edizio hau.

Adiskideok,

Mundua orduz ordu eta minutuz minutu eguneroko albisteen jariotik zintzilik dagoen bitartean, gonbita egin nahi nuke guk denok, sortzaile garen aldetik, geure ikuspegia eman dezagun nork geure esparrutik denbora epikoaz, aldaketa epikoaz, kontzientzia epikoaz, gogoeta eta ikuspegi epikoaz. Giza historiaren aldi epiko batean bizi gara, eta gizakiok geure buruarekin, gure artean eta gizakioz besteko munduekin ditugun harremanetan nozitzen ari garen aldaketa sakon eta ondoriozkoak gure gaitasunaz harago daude, gauzak ulertzeko, artikulatzeko, mintzagai izateko eta adierazteko dugun gaitasunaz harago.

Ez gara bizi 24 orduko albiste-zikloan, denboraren ertzean bizi gara. Egunkariak eta komunikabideak oro har ez daude prestatuta eta ez dira gai bizitzen ari garenari aurre egiteko.

Non dago hizkuntza, zein dira mugimenduak eta zein dira irudiak, bizitzen ari garen aldaketa eta haustura sakonak ulertu ahal izateko? Eta nola transmiti genezake gure bizitzaren edukia une honetan, ez erreportaje gisa baizik eta esperientzia gisa?

Antzerkia esperientziaren arte-forma bat da.

Prentsa-kanpaina itzelek, esperientzia simulatuek, iragarpen beldurgarriek itotako mundu batean, nola irits gaitezke zenbakien errepikapen amaigabeaz harago, esperimentatzeko zer eta bizitza bakar baten santutasuna eta azkengabetasuna, ekosistema bakar bat, adiskidetasun bat edota argiak zeru arraro batean duen kalitatea? COVID-19arekiko bi urteok pertsonon zentzumenak lausotu dituzte, pertsonon bizitza murriztu, elkarrekiko loturak hautsi, eta giza bizitzaren zero zona bitxi batean kokatu gaituzte.

Zer hazi landatu eta birlandatu behar dira urteotan, zein dira gehiegi ugaltzen diren espezie inbaditzaileak, erabat eta behin betiko ezereztu behar direnak? Jende asko muga-mugan dago. Hainbeste bortxa ari da eztanda egiten, irrazionalki edo ustekabean. Hainbeste sistema ezarri agertu dira ankerkeria etengaberako egitura gisa.

Non dira oroitzeko zeremoniak? Zer oroitzeko beharra dugu? Zein dira berriro imajinatzeko eta aurrez inoiz egin gabeko urratsak egiten hasteko bidea ematen diguten erritualak?

Ikuspegi epikoaren, asmoaren, suspertzearen, ordainaren eta zaintzaren antzerkiak erritual berriak behar ditu. Ez dugu entretenimenduen beharrik. Elkarrekin bildu beharra dugu. Guneak partekatu beharra, partekatutako guneak landu beharra dugu. Sakon eta berdintasunean entzuteko babesguneen beharra dugu. Antzerkia lurrean berdintasun-gune bat sortzea da; gizaki, jainko, landare, animalia, euri-tanta, malkoentzako berdintasun-gunea, eta berpizteko berdintasun-gunea. Berdintasunaren eta aditze sakonaren gunea edertasun ezkutuak argitzen du, zeinak bizirik baitirau arrisku, zintzotasun, jakitate, ekintza eta pazientziaren arteko interakzio sakonean.

Lore Apainketaren Sutran, Budak giza bizitzako pazientzia handiaren hamar mota aipatzen ditu banan-banan. Ahaltsuenetako bati Dena Irudikeria gisa Hautemateko Pazientzia deritzo. Antzerkiak beti aurkeztu du mundu honetako bizitza irudikeria balitz bezala, gauzak argitasun eta indar askatzailez ikusteko bidea ematen digularik giza irudikeriaren, engainuaren, itsutasunaren eta ukazioaren artetik.

Hain ziur gaude begiratzen diogunaz eta begiratzeko dugun eraz, non ez baikara gai bestelako errealitateak ikusteko eta sentitzeko, beste aukera batzuk, ikuspegi desberdinak, harreman ezinbestekoak eta konexio denboraz kanpokoak.

Hau da garaia gure gogamena, gure zentzumenak, gure irudimena, gure historiak eta gure etorkizuna sakonki freskatzeko. Lan hori ezin dute egin bakarrik ari diren pertsona isolatuek. Lan hori denon artean egin behar dugu. Antzerkia lan hori elkarrekin egiteko gonbita da.

Eskerrak benetan zure lanagatik.

ITI, Nazioarteko Antzerki Institutua.

Eszenako Arteen Mundu Erakundea.

Iruzkina idatzi

Segurtasun kodea
Freskatu