Sarrerak
San Sebastián, ciudad de la cultura

Izaskun Igoak irabazi du Donostia Kultura V. Poesia Lehiaketa

Izaskun Igoa

Astelehena, 2022(e)ko Martxoa(r)en 21-(e)an

Poesialdia egitarauaren baitan, gaur, martxoak 21, idazle gazteei zuzendutako Donostia Kultura Poesia Lehiaketaren V. edizioaren sari banaketa egin da Udal Liburutegi Nagusiko Mandasko Dukearen aretoan. Aurtengo saritua Izaskun Igoa Jaimerena da (Ziga, 1995), Hotza bazkatzen poema bildumagatik.

2020an Igoak aipamen berezia lortu zuen Lurra zango zolaren gainean lanarekin, Iruñeko Udalak antolatutako Egile Berrientzako XXX. Euskarazko Literatur Lehiaketan. 2019az geroztik, Ttipi Ttapa aldizkarian aritzen da kolaboratzaile gisa.

Epaimahaikideen arabera, Hotza bazkatzen lanak kontzientzia eta izatea ditu ardatz. Gorputzari uko egin gabe, haragoko kezka eta gogoetetan sakontzeko gaitasuna erakusten duela azpimarratu dute, orekari eutsiz eta hunkigarri izanez. Sen poetikoa eta egileak han-hemenka, omenaldi modura, erabili dituen erreferentziak ere nabarmendu dituzte.

Poesia lehiaketa honen sari ekonomikoa 1000 eurokoa da; horretaz gain Imanol Larrinagaren margolan bat oparitu zaio eta Balea Zuria argitaletxeak saritutako idazlana argitaratuko du. Azkenik, ekainean egingo den Poesia eta Pentsamendua saioan Igoak bere poemak errezitatu ahal izango ditu.

Poesia zabaldu eta idazle gazteen lanari bultzada emateko bokazioarekin sortu zuten Balea Zuria argitaletxeak eta Donostia Kulturak Donostia Kultura Poesia Lehiaketa. 2018an, saria Esti Martinez Diaz de Ceriok irabazi zuen Azalberritze bat-ekin. Bigarrena 2019an egin zen eta Gorka Salcesek eskuratu zuen Iraganaren izterrak obrarekin; finalista izandako Elena Olaveren Zeldak poema-liburua kaleratu zen. 2020an Lizar Begoñak lortu zuen Aro beilegia poema liburuarekin Donostia Kultura III. Poesia Lehiaketaren saria. Azkenik, 2021eko irabazlea Maialen Berasategi Catalan izan zen.

Iruzkina idatzi

Segurtasun kodea
Freskatu