Sarrerak
San Sebastián, ciudad de la cultura

Argitaratua Harkaitz Canoren “Kandelikara – Buñueli buruzko film baterako apunteak” liburua

Kandelikara

Asteazkena, 2021(e)ko Azaroa(r)en 10-(e)an

Euskadiko Filmategiak eta Donostia Kulturak gaur goizean beren argitalpen berria aurkeztu dute, Kandelikara – Buñueli buruzko film baterako apunteak, Harkaitz Canok idatzia, Nosferatu Bildumako IX. zenbakia.

Liburua, Iñaki Landaren ilustrazioak biltzen dituena, Luis Buñuelen irudiari eta obrari buruzko saiakera pertsonal bat da, eta Aragoiko zinemagileari eskainita urtarriletik datorren abendura arte Tabakaleran egiten ari den zikloari gehitzen zaio.

Harkaitz Canok gaur arratsaldean aurkeztuko du liburua 18:00etan Tabakalerako Zine aretoan, Belle de Jour (1966) filmaren proiekzioaren aurretik izango den ekitaldi batean.

Aurkezpena Literaktumen programazioaren barruan sartzen da.

"Literaturaren alde jostarienetik zinemari egindako omenaldi bihurri hau, Luis Buñuelen eta beste artista askoren testu, film, elkarrizketa zati, poema, off-eko ahots eta bestelakoen remake bat da. Tarteka, egileak asmatutakoak ere badira. Inoiz edo behin, Buñuelekin zerikusirik ez duen jendeak parte hartuko du: adibidez, aseguru-saltzaile armeniar batek. Badelako modu bat saiakera fikzio bihurtzeko: aski da kandela baten argitan irakurtzea, liburuak esku artean su hartzen dizun bitartean".

Harkaitz Cano

Harkaitz Cano

Donostia, 1975. Eleberrigile bezala ezaguna (Fakirraren ahotsa, Twist), ipuinak (Neguko zirkua, Beti oporretan), antzerkia (Sisiforen paperak), saiakera (Zinea eta literatura, Txalorik ez, arren) eta poema bildumak ere idatzi ditu. Diziplina ezberdinen arteko bidegurutzeen zale, euskal talde eta bakarlari askorentzat egin izan ditu kantuen letrak. Sylvia Plath, Hanif Kureishi, Anne Sexton, Raymond Carver edo Allen Ginsberg bezalako egileak euskaratu ditu. Bere lana dozena bat hizkuntzatara itzulia izan da.

www.harkaitzcano.com

Iñaki Landa Fuentes

Portugalete, 1981. Diseinatzaile grafikoa eta ilustratzailea, Arte Ederretan lizentziatua (EHU-UPV). Hainbat kultur proiektutan lan egin du, eta horien artean hauek nabarmentzen dira: consonni argitaletxe eta arte ekoizlearekin egindako lana (2015-2020) eta sortzaileetako bat den KLOF fanzinea (2012-2016), kolaboratiboa eta autoeditatua. 2020an, prentsa, argitaletxe eta hirugarren sektoreko elkarteetarako freelance ilustratzaile gisa ekin zion, eta zeregin horiek lan pertsonalagoekin tartekatu ditu. Erakusketa kolektiboetan parte hartu du Bilbon, Bartzelonan, Madrilen eta Berlinen, besteak beste.

www.inakilanda.com

Iruzkina idatzi

Segurtasun kodea
Freskatu