Sarrerak
San Sebastián, ciudad de la cultura

Manuel Sanjulián ilustratzaileak bere erakusketa bisitatu du Okendo KEn

Manuel Sanjulián

Larunbata, 2021(e)ko Urria(r)en 30-(e)an

Manuel Sanjulián ilustratzaile bartzelonarrak gaur goizean bisitatu du Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 32. Asteak eskaini dion erakusketa, joan den irailaren 27an inauguratua Okendo KEn.

Erakusketa, Asteak Sitgeseko Corner4art galeriak (Bartzelona) antolatua, datorren azaroaren 13ra arte egongo da zabalik, eta Sanjuliánen ehun bat lan ikus daitezke bertan.

Erakusketaren barruan Sanjulián, el poder de la ilustración (2021) dokumentala estreinatu da, David García Sariñenak zuzendua, eta erakusketaren iraunaldi osoan zehar ikusi ahal izango da.

Sanjulián – Fantasiazko artearen maisua

Seguru uneren batean Manuel Pérez-Sanjulián ClementerenSanjulián bezala ezagunagoa– ilustrazioren bat topatu duzula. Agian orduan ez zenuen jakingo berea zela, baina ziur ez zenuela erraz ahaztuko. Horrelakoxea da bere obra: erraietakoa, zirraragarria, liluragarria. Eta hala ere, Espainian ozta-ozta hasia zen aintzatetsia izaten Estatu Batuetako merkaturako bere lana Dossier Negro, Vampus edo Rufus aldizkarien bidez iristen ari zen bitartean. Argitalpen horiek, 70eko hamarkadan, Warren Publishing-en material originala argitaratzen zuten (jakina, garai hartako zentsura nonahikoak filtratua beti).

Lehen etapa profesional baten ondoren, non gidoilari eta marrazkilari bezala bidea egiten saiatu zen, Sanjuliánek bere tokia aurkitu zuen atzerriko merkaturako ilustrazioan. Testuinguru profesional horrek jarduteko askatasuna ematen zion (eta, horren barruan, Espainia frankistarentzat ezinezkoak ziren xehetasun erotikoak sartzeko aukera) eta horrek ahalbidetu egiten zion olio-pinturaren teknikan zuen nagusitasuna eta bere detallismo adierazkorra aplikatzea. Eraginen nahasketa bat da bere artea, Hal Fosterretik Diego Velázquezera, besteren artean, Frank Frazetta eta Francisco de Goyatik igarota. Eta irudimenezko leherketa batean ernetzen da, non koloreen erabilera bereizgarriak eta, batez ere, irudiek koadroaren gainean duten antolamenduan eta konposizioan jarritako arretak egiten duten distira.

Hala ere, maitasunez (eta nostalgia apur batez) Warren-eko bere etapa hura gogoratzeak ez luke ezkutatu behar Sanjuliánen irudiaren benetako handitasuna. Zeren eta, ilustratzaile on batez ari garenez gero, bere estiloa, pertsonala eta antzemangarria beti, egokitu eta moldatzeko gai baita zehaztasun handiagoaz islatzeko abiapuntuko materialen izaera. Horregatik da bere Conan hori, bere Frazetta miretsiaren eraginpean bada ere, Conan besterenezin bat erabat. Eta berdintsu gertatzen da western eremura egiten dituen hurbilketekin (lehorrak, laburrak); errepikaezina da generoarekiko darien maitasuna, baita, oro har, zinemarekiko ere. Zazpigarren artearekin zuen lotura pertsonal eta profesionala Hispano Foxfilm-en egin zituen lehen urratsetatik zetorren. Hala, ibilbide horrek eman zizkion pelikulen kartelak konposatzeko oinarriak eta, ordurako erabat heldua zen bere estilo berezkoarekin, distirarazi egin zuen The Empire Strikes Back (1980) filmerako bere bozetoan eta Juan Piquer Simónekin izan zituen kolaborazio guztietan.

Tonio L. Alarcón

Iruzkina idatzi

Segurtasun kodea
Freskatu