Sarrerak
San Sebastián, ciudad de la cultura

Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteko programazio osoa aurkeztu da

Dead & Beautiful

Osteguna, 2021(e)ko Urria(r)en 21-(e)an

Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 32. Astea urriaren 29tik azaroaren 5era izango da. Veneciafrenia eta Mona Lisa and the Blood Moon pelikulek hasiera eta amaiera emango diote Asteari Antzoki Zaharrean.

Antzoki Zaharra eta Victoria Eugenia Antzokia izango dira egoitza nagusiak, eta haietan proiektatuko da Astearen sail ofiziala, 25 film luzez eta 27 film laburrez osatua (11 sail internazionalean, animaziozko 8 film labur eta 8 espainiar).

Aurtengo zikloa, Kulturaren Institutu Poloniarrarekin (Madril) batera antolatua, Stanisław Lem (1921-2006) zientzia-fikziozko idazle poloniarrari eskainia dago, jaio zenetik ehun urte bete direnean. Bere obran oinarrituta, 2 film luze eta 5 film laburren saio bat proiektatuko dira Tabakaleran.

Gainera, Antonio Merceroren La cabina pelikularen proiekzio berezi bat eskainiko da; aurtengo kartelaren inspirazio-iturri izan dena. Bestetik, urriaren 23an, Bang Bangek saio bikoitz bat aurkeztuko du Antzoki Zaharrean, Astearekin lankidetzan, urteko bere programazioari hasiera emanez.

Aurten, Astearen zinema programazioaren osagarri izango dira haur zinemaren bi film –Kranston Ikastetxea Victoria Eugenian eta Harri zopa (eta beste zenbait alderantzizko ipuin) Kontadoresen–, ohiko kolaborazioa Kresala zineklubarekin (El monstruo de St. Pauli) eta Amari dokumentalaren proiekzio berezia San Telmon.

Ohi denez, beste jarduera batzuk ere gehitu dira programan: edizio honetan beren jardunarekin jarraitzen du Azaro mamua online hedapen kanal partekatuak, 2020an sortuak Fancine (Málaga) eta TerrorMolins (Molins de Rei) zinemaldiekin lankidetzan, eta aurten kide berri bat duenak, Isla Calavera (Tenerife) zinemaldia; Mikel Pagadiren Phantasmikel ikuskizuna; TraShe – Bad Girls go to Hell mahai-ingurua, eta Fanzineen Gerra klasikoaren 6. edizioa.

Bestetik, 4 erakusketak –Sanjulián: Fantasiazko artearen maisua (Okendo KE), asisKo: Sugarren mende: ehizakiak, sorgin? (Liburutegi Nagusia), Simonides (Kutxa Kultur Plaza) eta Batman: El mundo (Paco Roca) (FNAC)– osatzen dute 32. Astearen programa.

Ostiralean, urriaren 22an, 11:30ean hasiko da abonuen salmenta, oraingo honetan online soilik (www.donostiakultura/sarrerak) egun bereko 20:00ak arte. Asteartean, urriaren 26an ordu berean eta soilik online ere jarriko dira salgai sarrera solteak, eta urriaren 27tik aurrera erosi ahal izango dira Antzoki Zaharrean eta Victoria Eugenia Antzokian ere.

Informazio gehiago: Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea

Iruzkina idatzi

Segurtasun kodea
Freskatu