Sarrerak
San Sebastián, ciudad de la cultura

Bueltan dira Haurtxotekak eta irakurketa sustatzeko aurrez aurreko programak

Bueltan dira Haurtxotekak eta haurren artean irakurketa sustatzeko aurrez aurreko programak

Osteguna, 2021(e)ko Iraila(r)en 30-(e)an

Urriaren 1etik aurrera Donostia Kulturako liburutegi sarean irakurketaren zaletasuna baino haratago doazen bi jarduera abiatuko dira aurrez aurreko moduan: Liburu Baby Kluba eta Zeu irakurle, gu kontalari. Gainera urriaren 4tik aurrera ere 6 urtetik beherakoentzako liburutegiko guneak, Haurtxotekak, zabalduko dira berriz ere.

Haurtxoteka

Haurtxoteka euren guraso edo arduradunez lagundutako 0 eta 5 urte arteko haurrei zuzendutako zerbitzua da. Helburua haurrengan irakurzaletasuna sustatzea da. Espazio erosoa eta maileguan eraman daitekeen dokumentu-sorta eskaintzen da bertan. Adituen esanetan, egunero irakurketari 15 minutu eskaintzea nahikoa izaten da. Haurtxoen harreman goiztiarrak liburuekin irakurketaren inguruko jakin-mina eta gogoa sortzen laguntzen du. Era berean, helduen papera funtsezkoa da ohiturak eta irakurketarekiko une atseginak sortzeko eta haurra irakurtzeaz nekatu dela ikusten dutenean, liburutegiko denbora ez luzatzeko.

Liburu Baby Kluba

0 eta 3 urte bitarteko umeei zuzenduriko jarduera ludiko eta didaktikoa da. Umeak heldu batekin egongo dira eta azken honek jardueran ere parte hartuko du. Jardueraren ardatza eta abiapuntua liburua da. Helburu nagusia umeengan txikitatik eta beraien familiengan literatura, musika, artea eta naturarekiko interesa piztea da.

Liburu Baby Kluba Mestiza Elkartearekin batera antolatutako jarduera da. Kulturaniztuna da eta horregatik, euskaraz, gazteleraz eta ingeleraz garatzen da. Doako jarduera astero eskeiniko da eta aldez aurretik izena eman behar da. Egutegia hemen

Zeu irakurle, gu kontalari

Zeu irakurle, gu kontalarik irakurzaletasuna bultzatzeko xedea du. Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailako haurrei zuzendutako jarduera da. Haurrek irakurtzeko aukera izango dute, baita ipuinak, asmakizunak, txisteak eta beste kontu batzuk entzuteko ere. Hori guztia euskaraz eta giro goxoan.

Zeu irakurle, gu kontalari jardueran, 6 eta 8 urte bitarteko haurrek irakurketara modu atseginean hurbiltzeko aukera izango dute, Lur Korta taldearen eskutik. Doan izango da, baina izena eman behar duzu zure liburutegian. Kontutan hartu taldeak txikiak izango direla, eta heldurik gabekoak. Egutegia hemen.

Iruzkina idatzi

Segurtasun kodea
Freskatu