Sarrerak
San Sebastián, ciudad de la cultura

Altza Apain: hitzaldiak eta margoketa irekiak larunbatean

Astelehena, 2021(e)ko Iraila(r)en 27-(e)an

Casares-Tomasene Kultur Etxeak hiritarrei zuzendutako jardunaldi bat antolatu du asteburuan.  Altza Apain topaketen baitan, larunbat goizean arte urbanoari buruzko hainbat hitzaldi labur izango dira eta arratsaldean, berriz, margotzeko mural irekiak izango dira topaketa artistikoetan parte hartu nahi dutenentzat. Irailaren 17an hasi ziren margoketak eta gehienak urriaren 5ean amaituta egotea espero da.

 

Urriaren 2an, larunbat goizean, tokiko hizlariekin arte urbanoaz hitz egiteko aukera izango dugu Tomasene Kultur Etxean. Ez da beharrezkoa aldez aurretik izena ematea.

10:30- MIKEL ARBIZA: Hiria mihise bat denean: skatea esperientzia estetiko gisa.

Hitzaldia gazteleraz izango da: La ciudad como lienzo: el skate como experiencia estética.

Mikel Arbiza skater ezagunak espazio urbanoaren azterketarako, interpretaziorako eta esku hartzerako skateak duen erabileraz hitz egingo du. Halaber, giza gorputzaren eta inguratzen gaituen arkitekturaren arteko harremana aztertuko du.

11:00- XABIER ANUNZIBAI: Horma-irudia eraikinaren ezaugarrietara egokituz

Horma-irudi bat garatzeko orduan eraikinaren arkitektura eta koloreak kontuan hartzearen garrantziaz hitz egingo digu Xabier Anunzibaik. Estudioko obra euskarrira egokitzen den bezala, horma-irudia eraikinera egokitu behar da.

11:45- GARIKOITZ C.MURO: Esku-hartze artistikoek espazio publikoan duten eragina.

Hitzaldia gazteleraz izango da:  El impacto de las intervenciones artísticas en el espacio público.

Garikoitz Murok topaketetan egiten dabiltzan eskuhartzeak aurkeztu eta inguruarekin nola harremantzen diren arrazoituko du.

12:30- TZESNE & AMSIA: "Arkade sKroll" eta espazio urbanoa jolaserako plataforma.

Ikusentzunezkoa eta eztabaida irekia bi hizkuntzetan.

Garai bateko jolas-areto ospetsuak eta horietako makina futurista ikusgarriak ez ziren soilik jolasteko. Topagune ere bihurtu ziren; sozializatzeko, beste batzuekin harremanetan egoteko eta, askotan, grinaz lehiatzeko lekuak ziren.

"Arcade sKroll"-ek kontzertu-formatuaren bidez, murgiltze-esperientzia batean parte hartzera gonbidatzen gaitu,dagoeneko teknologia itzali haien garaiko ehunka bideo-joko eta soinu-banda gogoratuz. Amsiak eta Tzesnek elkarrizketa bat proposatu nahi dute ikus-entzunezko proiekziora bertaratzen direnen artean. Bideo-jokoen praktika eta horien inguruko interakzio sozialak espazio publiko eta pribatuetan fisikoki gertatzen ziren garai bat gogora ekartzea eta balioestea dute helburu.

Arratsaldean zehar, horma-irudi irekiak edo parte-hartzaileak egin ahal izango dira Zebra kolektibo artistikoaren laguntzarekin. Bi jardueretan aldez aurretik izena ematea eskatzen da, taldeak eta espazioak antolatu ahal izateko.

16:00-20:00 Horma margoketa irekia Zebra kolektiboaren eskutik.

Topaketan parte hartu eta ezagutza artistikorik ez duten edo bakarka parte hartu nahi ez duten pertsonentzako esku-hartze irekia. Kolektiboak esku-hartzeari buruz egingo du hitz bertaratutakoekin. Arropa erosoa eta/edo zaharra ekarri beharko dute, zikindu ahal izateko, eta taldea arduratuko da beharrezko materiala prestatzeaz.

16:00-20:00 Graffitigile amateurrei irekitako hormak.

Donostia Kulturak doako materiala eta hormetan margotzeko espazioa eskainiko ditu. Gaia librea izango da, artista bakoitzaren irizpidearen araberakoa. Graffiti/muralismoaren munduan hasten diren gazteek lehentasuna izango dute.

BI jarduerak Ermita Bidea 1 helbidean izango dira eta bertan emango zaie parte-hartzaileei materiala. Izen ematea bezperara arte Casares Kultur Etxean, telefonoz (943 35 11 49) edo posta elektronikoz (casareskulturetxea@donostia.eus).

Iruzkina idatzi

Segurtasun kodea
Freskatu