Sarrerak
San Sebastián, ciudad de la cultura

2021eko udazkeneko literatur solasaldien programa hastera doa

Solasaldiak

Ostirala, 2021(e)ko Iraila(r)en 03-(e)an

Irailean abiatuko dira Donostia Kulturako liburutegi eta kultur etxeetan helduentzako antolatzen diren literatur solasaldiak. Hilero hainbat doako saio egiten da Liburutegi Nagusian eta Aiete, Egia, Ernest Lluch (Amara), Intxaurrondo, Lugaritz (Antigua), Okendo (Gros) eta Tomasene (Altza) kultur etxeetako liburutegietan.

Kasu batzuetan, parte-hartzeko, erreserba egin behar da, liburutegi bakoitzeko posta elektronikora mezua bidaliz. Horretaz aparte, bete beharreko baldintza bakarra solasaldirako aukeratua izan den liburua aldez aurretik irakurtzea da. Liburu horiek maileguan eska daitezke Donostiako liburutegietan, eta zenbait kasutan liburuak eLiburutegia plataformatik deskargatzeko aukera egon daiteke.

Liburutegi Nagusiko San Jeronimoko aretoan lau solasaldi daude: euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez. Euskarazkoaren dinamizatzailea Iñigo Aranbarri da, irailaren 14an izango da lehenengo saioa eta Natalia Ginzburren Familiako lexikoa irakurriko dute. Gaztelerazko lehenengoa, Amaia Garciak gidatzen duena, irailaren 28an izango da, eta aukeratutako liburua, Tristana, Benito Pérez Galdosena. Ingelesezko tertulia, Slawka Graboskak dinamizatzen du, eta Jeffrey Eugenidesen The Virgin Suicides irakurriko dute. Solasaldi hauek 19:30ean izaten dira. Frantsesezko solasaldia urrian hasiko da, 19:00etan. Miren Garmendiak gidatzen du, eta udazkeneko lehenengo liburua Georges Perecek idatzitako La vie mode d'emploi izango da.

Aiete Kultur Etxean Literatura eta Zinema lantzen dute Lola Arrietarekin. Urriaren 14an, 18:30etan, Salman Rushdieren Hijos de la medianoche izango dute mintzagai.

Casares-Tomasene (Altza) Kultur Etxean, eta Ana Merinoren eskutik, gaztelerazko tertulia abiatuko da irailaren 29an, 18:00etan. Lehenengo liburua sorpresa izango da, eta, beraz etxekolanik egin gabe ahal da bertaratu, bertan irakurriko da.

Egia Kultur Etxean, Egian Euskaraz-ek antolatuta, bi liburu jorratuko dituzte hasteko, Edu Zabalaren gidaritzapean: Lazunak azkazaletan eta VHS, Ohiana Arana eta Oier Guillanen liburuak, hurrenez hurren. Hitzordua irailaren 29an, 19:00etan izango da. Zientza fikziozko gaztelerazko tertulia, aldiz, urriaren 6an hasiko da, Octavia Butlerren Amanecer (La estirpe de Lilith, 1) liburuarekin, Juan Luis Diazek gidatuta.

Ernest Lluch (Amara) Kultur Etxean, Javier Minak gidatzen ditu gaztelerazko tertuliak. Urriaren 13an, 18:30ean, izango da lehenengoa: Pedro Mairal idazlearen La uruguaya. Euskarazko solasaldiak Ikasbide Kultur Elkartearen ekimenez (Isabel II,15 b) gauzatzen dira, 19:00etan, Edu Zabalak dinamizatuta, Oihana Arana idazlearen Lazunak azkazaletan liburuaren inguruan arituko dira, irailaren 6an.

Intxaurrondo Kultur Etxean komiki solasaldiak antolatzen dira. Juan Manuel Díaz de Guereñurekin gazteleraz eta Igor Leturiarekin euskaraz. Urriaren 19an izango da lehen saioa, eta Ana Penyasen Todo bajo el sol landuko da. Bestalde, Plazara goaz euskara batzordeari esker, azaroaren 11n, Odolekoak, Antxine Mendizabalen liburuari buruz arituko dira Iratxe Retolazarekin. Saio guztiak 19:00etan hasiko dira.

Lugaritz Kultur Etxean Maite Gonzalez Esnalek zuzentzen ditu saioak, 17:00etan, euskaraz. Lehenengo hitzordua urriaren 18an izango da eta Esnearen kolorekoa, Nell Leyshonen liburua, landuko dute.

Groseko Okendo Kultur Etxeko euskarazko saioak urriaren 4an hasiko dira, 18:00etan. Ane Mayozek gidatuko ditu, eta Joan Mari Irigoienen Babilonia izango da lehenengo liburua. Kontakizun laburren solasaldiak, bere aldetik, urriaren 27an, 12:00etan hasiko dira, Ana Merino gidaritzapean, eta Bécquer idazlearen Leyendas liburuarekin.

Horiek guztiak solasaldien lehenengo saioak dira. Ondoren, partekatzeko beste proposamen ugari egongo dira kurtso osoan zehar.

Iruzkina idatzi

Segurtasun kodea
Freskatu