Sarrerak
San Sebastián, ciudad de la cultura

Zer egin Donostian abuztuko lehen astean

Utzi zure mezua seinalearen ondoren: antzezlana

Asteartea, 2021(e)ko Abuztua(r)en 03-(e)an

Abuztua agertu zaigu jada egutegian eta espero laster uda giroa gailentzea. Hezurrak berotzeko hainbat kultur ekitaldiren berri emango dizuegu lerro hauetan: antzerkia, dantza, musika, zinema, Abuztua Donostian, erakusketak, haurrentzako emanaldiak... Lotura guztiak filtro honetan.

Antzerkian antzezlan baten bi bertsioak, euskarazkoa eta gaztelaniazkoa, izango ditugu Antzoki Zaharrean: Utzi zure mezua seinalearen ondoren taularatuko du Tanttaka Teatroak ostegunean eta ostiralean, abuztuak 5 eta 6, iluntzeko 20:00etan. Larunbatean eta igandean, berriz, Deje su mensaje después de la señal.

Marina, Carmela, Sara eta Vivianak erabiliko dute ahots-postontzia beren burua ulertzeko terapia gisa, eta batez ere, besteek haiek uler ditzaten. Miren Arrieta, Mireia Gabilondo, Oihana Maritorena eta Leire Ruiz dira Arantza Portabalesen lanaren egokitzapen honen protagonista, Fernando Bernuésen zuzendaritzapean.

Victoria Eugenian dantza izango da nagusi asteburuan: hilaren 6an Amoria & Dolore. Elkano, lehen mundubira eszenaratuko du Kresala Dantza Taldeak. Obrak, Elkanoren zirkunnabigazioaren urrezko aroan zehar bidaiatzen du, ikerkuntza eta berrinterpretazioa lagun, ondare koreografiko berria sortuz.

Eta hurrengo bi egunetan, abuztuaren 7an eta 8an, Joseba Sarrionandiak 1995ean argitaratutako poema liburuan oinarritutako ikuskizuna ekarriko dute Victoria Eugeniara Kukaik eta Tanttakak: Hnuy Illa.

Musikan hiru programa aipatuko ditugu:

Musika Hamabostaldiaren barruan gaur, hilak 3, Antzinako musika zikloan, Anacronía Ensemble boskotearen emanaldia iluntzeko 19:30etan San Telmo Museoan. Ziklo berean, ostiralean, Seldom Sene arituko da toki berean, 19:00etan. Amaitzeko, Judith Jáuregui eta Jesús Reinaren kontzertua izango dugu hilaren 5ean Ganbera musikaren zikloan.

Larunbatean San Telmo Gaua ospatuko dugu museoan eta horretarako Mundu bira musikala antolatu dugu DJ Makalaren eskutik. 19:00etan hasiko da musika jartzen.

Dkluba zirkuituak bi geldialdi izango ditu Bataplanen: hilaren 6an Radiocaster (rock and roll) eta 7an Las Penas (pop garage sixtees).

Atzoko albistean aipatu genuen Nosferatuk segida izango zuela abuztuan Tabakaleran: larunbatean Sweet Movie (1974), Dušan Makavejev zuzendariarena, ikusteko parada dugu. Jatorrizko bertsioa,  azpitituluak euskaraz eta ingelesez.

Gehiago ere bada: Abuztua Donostian programa ere bizi-bizi baitugu, eta webgunean bertan egunez eguneko programazioa kontsultatu dezakezue; San Telmo Museoan zein Okendo, Ernest Lluch eta Aiete kultur etxeetan erakusketak ditugu, haurrentzako emanaldiak Urgull eta Aieten...

Iruzkina idatzi

Segurtasun kodea
Freskatu