Sarrerak
San Sebastián, ciudad de la cultura

Udako zerbitzu eta jarduerak liburutegietan: Urgullekoa uztaila eta abuztuan zabalik

Urgull

Asteartea, 2021(e)ko Ekaina(r)en 29-(e)an

Udako hilabeteetan Donostia Kulturako liburutegiek zerbitzu berriak eskainiko dituzte. Uztailaren 1ean, Urgulleko liburutegia zabalduko da. Bestalde, Intxaurrondo Kultur Etxeko liburutegia zabalik egongo da abuztu osoan zehar  astelehenetik ostiralera goizeko ordutegian.

Urgulleko liburutegia

Uztailaren 1etik abuztuaren 31ra, donostiarrek eta hirira etorriko diren bisitariek Urgull mendiko udal eraikinetan eskaintzen diren zerbitzuetara gerturatzeko aukera izango dute.

Liburutegia (Urgulleko Damen Baterian) astelehenetik igandera egongo da zabalik, 16:00etatik 20:00etara. Bertan, haurrentzako liburu, joku dibertigarriak eta Interneten nabigatzeko aukera eskainiko da. Helduek, berriz, liburuak eta egunkariak irakurtzeko aukera izango dute. Donostia Kulturako bazkideak eta orohar Irakurketa publikoko sareko bazkideak Urgulleko liburutegian dauden liburuak maileguan hartu ditzakete eta etxera eraman irakurtzeko.

Horretaz gain, haurrentzako jarduera bereziak antolatuko dira, ostegunetan arratsaldeko 18:00etan irakurketa kluba eta ipuin kontaketa saioa izango da.

Ostegunero jarduera: Zeu irakurle, gu kontalari

Irakurketa sustatzeko, Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailako haurrei zuzendutako jarduera hau Donostia Kulturako liburutegi zerbitzuak antolatua da. Ostegunero 18:00etan Urgulleko liburutegian.

Saio hauetan haurrek irakurtzeko aukera izango dute, baita ipuinak, asmakizunak, txisteak eta beste kontu batzuk entzuteko ere.

Hori guztia euskaraz eta giro goxoan, Lur Korta Taldearen eskutik.

Doan izango da, baina aldez aurretik izena eman beharko da posta elektroniko honetan haurliburutegia@donostia.eus. Gehienezko kopurua 10 umez osatutako taldea izango da, heldurik gabe. Ostegunetan beranduenez eguerdiko 13:30ak arte eman ahalko da izena.

Eguraldiak laguntzen duenean, saioak liburutegiko atarian egingo dira. Irakurriko diren liburuak eskuragarri izango dituzte partaideek bertan.

Gainera, aurten, iaz ez bezala, Urgull mendiko hiru zentroak zabalik egongo dira udan eta haurrentzako jarduerak eskainiko dituzte: Historiaren Etxeak ekainaren 18an zabaldu zituen ateak; Natur Txokoak eta Liburutegiak, berriz, esan bezala uztailaren 1ean.

Donostia Kulturako Liburutegi sarearen udako eskaintza

Urgull Donostia Kulturaren Liburutegi sareak ematen duen zerbitzuaren atal osagarria da. Urgullen aurkitzen ez dena sareko liburutegietan bilatzeko aukera egongo da. Erabilpen handiko sare honetan Liburutegi Nagusia bere bi sailekin, haurrena eta helduena, kultur etxeetako hamar liburutegiak, San Telmo Museoko liburutegia, Amundarain Mediateka, Cristina Enea, Udal Musika eta Dantza liburutegia, Eskura Giza Eskubideen aldeko Pedagogia-Baliabideen Zentroa eta sasoiko liburutegia dago, Urgull.

Donostia Kultura ON!

Udan ere haurrei zuzendutako jarduerak jarraituko du. Liburu Baby Kluba Donostia Kulturako liburutegien sareko ohiko jarduera da. 2021eko urtarriletik aurrera, programa online moduan eskaintzen da, eta ipuin eta abestien bideoak eskaintzen dira. Mestiza elkartearen eskutik.

Hamabostero, hiru bideo argitaratuko dira, euskaraz, gazteleraz eta ingelesez. Horietan, ipuinak eta abestiak entzuteko aukera egongo da, baita parte hartzeko ere.

Liburu Baby Kluba online programako saio guztiak ikusi ahal dira gure Youtubeko kanaleko zerrenda honetan.

Iruzkina idatzi

Segurtasun kodea
Freskatu