Sarrerak
San Sebastián, ciudad de la cultura

Altza Apain: kaleko arte topaketa 2021eko iraila amaieran

Loiola Apain: Reskate

Asteartea, 2021(e)ko Maiatza(r)en 25-(e)an

Altza Apain Donostia Kulturaren egitasmo bat da eta arte urbanoaren bidez hiriko auzoak balioan jartzea helburu duen Donostia Apain programaren baitan dago. Horretarako, datozen urteetan artista muralgileen topaketak antolatuko ditu eta edizio berri bakoitza auzo desberdin batean egingo da. Altza Apain irailaren 27tik urriaren 3ra egingo da eta Casares-Tomasene Kultur Etxetik koordinatuko da.

Ekimenaren jatorria Loiola Apain da, 2019ko herritarren partaidetzarako Olatu Talka Jaialdiaren (hamargarren eta azken edizioan) izan zen arte urbanoari buruzko topaketa bat.

Bigarren edizio honetako berrikuntza nagusiak bi izango dira: ekimen artistikoak aste bakarrean kontzentratzeko asmoa eta arte urbanoari buruzko hitzaldi eta tailerrak jasoko dituzten hainbat jardueren antolaketa.

Gaur egun, ekimena hastapen fasean dago eta bi lan lerro ditu: batetik, auzoko gizarte-eragileei eta jabe-erkidegoei proiektuaren berri ematea eta bestetik, esku-hartzeko espazioak eta artistak aukeratzea.

Esku hartzeko espazioen kokalekuak

Kokaleku posibletzat, gizarte edo interes urbanoko guneak aukeratuko dira, argi ikusteko modukoak edo oso ezagunak: horma pribatuak edo publikoak kale-mailan, mehelinak,  plazak edo elkarguneak, eskailerak, arrapalak, igogailuak, etab.

Loiolan egindako lehen saiakeretako hormak lortzeko jabego erkideekin lan handia egin behar izan bazen ere, goraipatzekoa da proiektuak gero eta oihartzun handiagoa duela auzotarren artean eta jada hasiak direla euren kabuz eskaintzen lanerako espazio partikularrak. Nolanahi ere, espazio publikoak eta pribatuak erabili ahal izateko kudeaketa baldintza askoren mende dago eta denbora hartuko du.

Artista muralisten balizko hautagaiak

Parte hartuko duten artisten aukeraketa egiterakoan, oso kontuan hartu dira artista plastikoen kalitatea eta ibilbidea. Ezinbestekoa da horrelako hiri-eskuhartze orotan artistak eta bere obrak inguruko natura- eta giza ingurunearekin duen konpromezua baloratzea.

Altza oso topografia berezia duen auzoa da hirigintzari eta arkitekturari dagokionez. Garrantzitsua da ulertzea nola, zergatik eta noiz sortzen den hiri-sarea eta zein den haren bilakaera. Kontuan hartu beharreko puntu interesgarria izango da topaketan parte hartzen duen artistei gaiak proposatzeko garaian. Era berean, aukera bat da inguruko bizilagunak artearekin eta artistekin konektatzeko, "auzo" nortasuna sortzen lagun baitezakete egingo diren margolanen bitartez.

Tokiko eta kanpoko hainbat artista ezagunek topaketetan parte hartzeko prest agertu dira, beti ere euren margolanetarako espazio egokiak sortzen badira. Aipatu horien guztien artean auzoaren beraren ordezkaritza ere izango dugula: Iñaki Martiarena, Mattin ilustratzailea.

Egingo dituzten margolan hauetako hainbat ez dira betirako izango eta eguraldiarengatik, denborarengatik edo berrikuntzen ondorioz desagertzen joango dira. Ekimena auzoan sustraitzen den neurrian, etorkizunean berroneratuak edo margolan berriekin ordezkatuak izatea espero da.

Jarduera osagarrien programa

Margolanak egiteko ekintzez gain, topaketetan jarduera osagarriak antolatuko dira eta arte publikoan eta urbanoan interesa duen orok parte hartu ahal izango du. Besteak beste, aire zabalean masterclass bat margolan bat egiten den bitartean, herritarrekin batera esku-hartze ireki bat, bideomaping-a edo grafiti historikoei buruzko tailer bat.

Arte espresio urbano desberdinetan interesa duten gazteei zuzenduta egongo dira bereziki jarduerak eta grafitigileen, abokatuen, artisten eta pentsalarien artean elkarrizketa irekia sortuko da espazio publikoaren erabilera artistikoari buruz eztabaidatzeko.

Grafitigile gazte amateurrentzako horma-irudi irekiak ere eskainiko dira, horma-margolariek, grafitigileek eta gainerako artistek ekitaldi berean lekua dutela erakusteko. Materialaren eta margotzeko aukeraren truke, gazteek sinadura edo tag bat egin beharko dute horma-irudi batean, parte hartu dutela adierazteko.

Behin betiko programa uda ostean aurkeztuko da, lanerako espazioak eta esku-hartze artistikoak zihurtatu ondoren.  Bitartean, informazio gehiago jaso nahi duen oro Casares-Tomasene Kultur Etxearekin jar daiteke harremanetan.

Iruzkina idatzi

Segurtasun kodea
Freskatu