Sarrerak
San Sebastián, ciudad de la cultura

Historia

Bizimodu zehatz batera lotuta sortu ziren traineruen estropadak: itsaso zabaleko arrantzaren inguruan, hain zuzen ere. Ontzietan gizabanako indartsuak eta sendoak behar ziren, bogari eutsiz kaletara iristeko gai izango zirenak, behin arrantza egin eta gero, portura ahalik eta azkarren itzuli eta enkantea egiteko.

xxx
xxxxxx”
“xxxxx

Trainerua espezie pelagikoak arrantzatzeko erabiltzen zen, antxoa eta sardina batez ere, eta 12 edo 13 gizonek eta norabidea gidatzen zuen patroiak osatzen zuten eskifaia. Hastapenetatik, diseinu arineko ontzia izan da, ontzi azkarra, eta ontziaren neurriak berdin mantendu dira gaur egunera arte (12 metroko luzera).

Denborarekin, motorrak ordezkatu zuen gizakiaren indarra, baina estropaden munduak arrantzarekin lotuta jarraitu zuen urteetan. Sektoreko profesionalek itsasertzeko eskifaia onenetan jasotzen zuten prestakuntza. Eta, gaur egun ere, nahiz eta arraunlariak arrantzale baino zerbait gehiago ere badiren, eta banku finkoko arraunlaritzaren pseudo-profesionalizazioa ezagutu den, arraunlariak arrantza-tradizio luzeko udalerrietan sortutako klubetan antolatzen dira.

xxxx
xxxxx”
“xxxxx

1879. urtean antolatu ziren lehen aldiz Kontxako Estropadak, Donostiako udako jai-programaren barruan. Tartean diruzko erronkak zituztela, eta guztien artetik indartsuena nor zen ikusteko, elkarren artean lehian ibiltzen ziren arrantzarako traineruak erabili ziren.

Iraileko igande hartan “Lequeitiarra” traineruaren (Donostiako arraunlariekin) garaipena ikustera hurbildu zen jendetza ikusita, Donostiako Udalak hurrengo urteetako programetan estropadak sartzea erabaki zuen. Mende hasierako urte batzuetan eta gerra zibilean izan ezik, estropadak urtero antolatu dira, gaur egunera arte.

Ehun urtetik gorako historia edukita, Donostiako Estropadak – Kontxako Bandera Euskal Herriko urteko kirol-ikuskizun nagusienetakoa izatera iritsi da. Iraileko lehen igandeak iristean, ez dago ikuskizunik horrelako jendetza biltzen duenik Urgull, Igeldo, Paseo Berri, Kai eta Uhartean, baita hondartzetan eta edonolako ontzien gainean ere. Eta horrela da bai, nahiz eta telebistari esker, proba guztiak etxetik ikusteko aukera ematen den.

Gaur egun, Donostiako Estropadetan emakumezkoen bandera ere jokatzen da, eta horrela egin da azken sei urteetan. Emakumeek proba honetan duten partaidetzak, Kontxako Bandera kirolaz haraindi dagoen ospakizun bat dela erakusten du, izan ere, inguruan duen gizartearen sentsibilitatearekin bat egiten da eta are erakargarriagoa egiten duten alderdiak bateratzen dira.

Kontxako Bandera (1/2) Informe Robinson (Canal Plus - 2010ko urria)
Kontxako Bandera (2/2) Informe Robinson (Canal Plus - 2010 urria)

Donostia Kultura Festak da Donostiako Estropaden antolatzaile eta itsasertzeko txapelketa zaharrenak eta garrantzitsuenak jarraitutako eskema historikoari eusten dio, eta honela laburbil daiteke eskema hori:

Sailkapen-estropadak, erlojuaren aurka, iraileko lehen igandearen aurreko ostegunean, 17:30ean (emakumezkoen modalitatea) eta 18:00etan (gizonezkoen modalitatea); emakumezkoen modalitatean, 1,5 miliako ibilbidea, bi luze eta ziaboga bakarra; gizonezkoen modalitatean, 3 miliako distantzia, bi luze eta ziaboga bakarra.

Azken estropadak, 11:00etan (emakumezkoen modalitatea) eta 12:00etan (gizonezkoen modalitatea), iraileko lehen bi igandeetan; bai emakumezkoen modalitatean, bai gizonezkoenean, bi txanda sailkapen-proban sailkatutako zazpi traineru onenekin eta Donostia Hiriko traineruarekin. Aurreko bi igandeetan lortutako denborak batera hartuta denborarik onena lortzen duen traineruak irabaziko du Kontxako Bandera preziatua, bi modalitateetan.