Sarrerak
San Sebastián, ciudad de la cultura

Hamaika Entzuteko! VI. irrati-piezen lehiaketako sariak

Hamaika entzuteko!

Asteartea, 2020(e)ko Abendua(r)en 15-(e)an

Donostia Kultura Irratiak antolatutako Hamaika entzuteko! VI. Irrati-piezen lehiaketako sariak gaur, abenduak 15, banatuko dira Victoria Eugenian. Sari nagusia bi lanen artean banatuko da; sariaren erdia Jon Obeso, Maider Gorostegi eta Jose Luis Padrónentzat izango da, "Die Brücke. Retrato del último domingo sobre la Tierra" piezagatik, eta, beste erdia, Karla Ferrera Sánchezentzat, "El escritorio de los Tártaros" lanagatik. Euskarazko pieza onenaren saria, berriz, Rubén Rosasen "Zoritxarreko egoerak" lanarentzat izango da.

Sariak banatzeko ekitaldia 19:00etan izango da, Victoria Eugenia Antzokiko Club Aretoan. Saritutako lanak zein diren jakin eta entzuteaz gain, umorezko irrati-antzerkiaz gozatzeko aukera ere izango da: Anartz Zuazuaren eta Asier Sotaren "PARDEMIA" ikusgai eta entzungai izango da.

Deialdira aurkeztutako 35 piezen artean, epaimahaiak erabaki du hiru pieza bereziki nabarmendu direla sarituak izateko. Gauzak horrela, gaztelaniaz aurkeztu diren bi piezari sari nagusia ex aequo ematea erabaki du, erdi-bana. Irabazleetako bat "Die Brücke. Retrato del último domingo sobre la Tierra" da. Hau esan du epaimahaiak pieza horri buruz: "Pieza literarioa da. Maila tekniko bikaina du, mimoz editatua eta detailez josia, esperientzia sentsorial bat izateraino". Gidoia eta muntaia Jon Obesorenak dira, zuzendaria Jose Luis Padrón izan da, eta ahotsa Maider Gorostegik jarri du.

Beste irabazlea "El escritorio de los Tártaros" lana da. Epaimahaiaren esanean, "kazetaritza, Saharako egoera, literatura eta umorea oso modu eraginkorrean nahasten ditu". Piezak entzuleari egiten dizkion keinuak ere azpimarratu dituzte. Karla Ferrera Sánchez da egilea, Madrilgo kazetaria.

Azkenik, euskarazko pieza onenaren saria Rubén Rosas kazetariarentzat da, "Zoritxarreko egoerak" izeneko lanagatik. Epaimahaiak hainbat istorio lotzeko gaitasuna azpimarratu du, eta "entzulea muturreko egoeretara garraiatzeko eta enpatia sortzeko trebetasuna".

Pieza irabazleak entzungai egongo dira irratiaren webgunean (sari-banaketa ondoren).

Hauek izan dira epaimahaikideak: Mikel Iturria, Donostia Kulturako Komunikazioa eta Irudia saileko teknikaria; Susana Bustero, Casares-Tomasene Kultur Etxeko zuzendaria; eta Manex Urruzola, Elhuyarreko Komunikazioa Unitatearen koordinatzailea.

Epaimahaikideek eta antolatzaileek eskerrak ematen dizkiete deialdian parte hartu duten guztiei, eta bide horretatik jarraitzera animatu. Eta gogorarazten dute, gainera, DK Irratiko baliabideak nahi duenaren eskura daudela, horretarako.

Iruzkina idatzi

Segurtasun kodea
Freskatu