Sarrerak
San Sebastián, ciudad de la cultura
Volver

Trena eta zu, Patxi Zubizarreta

Literatura
Koadernoa
Kodadernoa: Patxi Zubizarreta
DK ON!
2020 Mai 07
/ 12:00
Euskaraz
Euskaraz

Ekonomia gizatasunaren gainetik ipini duen mundu globalizatu bezain zaurgarri honetan, Giacometti artistak artearen bitartez ibiltzen jarraitzeko eta geure buruak birpentsatzeko gonbita egiten digu.

Koadernoa izeneko egitasmoaren barruan, gure idazle eta ilustratzaileek kontakizun labur argitaragabeak eskainiko dituzte, eta egoera berezi honetarako bereziki sortutako ilustrazioak. Eguneroko eskaintza izango da –astelehenetik ostiralera–, donostiakultura.eus-etik eta sare sozialetatik. Zenbait idazle ezagunek, hala nola Juan Kruz Igerabide, Luisa Etxenike, Mila Beldarrain, Julia Otxoa, Xabier Etxaniz Rojo, Aritz Gorrotxategi, Oier Guillan eta Ana Malagonek, agindu digute DKEtxean Kuadernoa programaren lehen egunotan parte hartuko dutela.

 

TRENA ETA ZU

Azken asteotan ezin izan naiz Gasteizko hirigunera hurbildu, ezin Dato kaleko Ibiltaria eskulturari eskutik heldu. Juan José Eguizábalen silueta luzangak Giacomettiren Dabilen gizona oroitarazten du, baina egunotan niri batez ere pasadizo bat ekarri dit gogora.

1915eko eguberri aurretxoan, hamalau urteko mutiko batek oporrak hartu zituen barneko ikasle zegoen Schierseko ikastetxean. Lehenengo aldiz, bakarrik abiatu zen etxekoengana eta tren aldaketa bat baino gehiago egin behar izan zuen. Coira herrian beste tren bati itxaron bitartean, liburudenda batean sartu zen eta, bertan, Rodin eskultoreari buruzko liburu ilustratu batek egundoko liluramendua eragin zion. Alabaina, gazteak Saint-Moritzeko ostaturako eta handik Stamparako posta lera ordaintzeko dirua besterik eduki ez, hau da, liburuaren prezioa hortxe-hortxe... Hala ere, ez zuen zalantzarik egin: Rodinen alde egin zuen. Sosik ez, baina liburukote preziatua aldean eraman zuen Saint-Moritzera eta, mendirik mendi, elurretan, Stampako etxera. Horra Giacometti, dagoeneko, hamalau urterekin, ibili dabilen gizona. Geroago, artistak 1947an eraiki zuen zanbuluka doan gizonaren eskultura, Bigarren Mundu Gerratik nola edo hala onik irten zirenak gogoan.

Bitxiak izan ohi dira oroitzapenen eta burubideen arteko loturak, baina pasadizo hori gogoratu dut seguruenik ni ere halako nahasmendu batetik onik irten diren pertsonen antzera sentitzen naizelako —eta pribilegiatua ere bai: azken aldian utzi gaituzten edota gorriak eta beltzak ikusi dituzten pertsonen aldean—; pasadizo hori oroitu dut berriro ere egunerokotasunaren trena hurbiltzen sumatzen dudalako eta dagoeneko erabakiak hartzeko beharra sentitzen hasia naizelako —lehengo normaltasunera itzultzea ez al da gure arazo nagusien oinarrizko gaitzetako bat?—; pasadizo horrek jadanik nire egoera eta jokamoldea Rodinen beraren antzera birpentsatzera narama —kritikoki, autokritikoki.

Datozen asteetan, argi dut, ahalik eta azkarren itzuliko naiz Dato kaleko eskulturan neure burua islatua ikustera, eta zalantzarik ere ez nik: liburuaren eta, oro har, gizartearen alde egingo dut egoera asaldagarri honetatik irten, eta aurrera egin nahi dudalako, zanbuluka bada ere.

Patxi Zubizarreta

Argazkia: Luis Magán

Iruzkina idatzi

Segurtasun kodea
Freskatu