Sarrerak
San Sebastián, ciudad de la cultura
Volver

Egiantzekotasuna, Kirmen Uribe

Literatura
Koadernoa
Koadernoa: Kirmen Uribe
DK ON!
2020 Mai 01
/ 12:00
Euskaraz
Euskaraz

Kirmen Uribe euskal idazleak narrazio labur bat bidali digu New Yorketik. Bertan bizi da azken bi urteotan.

Euskal letren klasiko handia den Pedro Dagerre Axular du protagonista.

Koadernoa izeneko egitasmoaren barruan, gure idazle eta ilustratzaileek kontakizun labur argitaragabeak eskainiko dituzte, eta egoera berezi honetarako bereziki sortutako ilustrazioak. Eguneroko eskaintza izango da –astelehenetik ostiralera–, donostiakultura.eus-etik eta sare sozialetatik. Zenbait idazle ezagunek, hala nola Juan Kruz Igerabide, Luisa Etxenike, Mila Beldarrain, Julia Otxoa, Jabier Etxaniz, Aritz Gorrotxategi, Oier Guillan eta Ana Malagonek, agindu digute DKEtxean Kuadernoa programaren lehen egunotan parte hartuko dutela.

 

EGIANTZEKOTASUNA

Pedro Agerre Axular Sarako erretore eta idazleak entzute handia lortu zuen bizian.

Berari buruz gauza asko kontatzen ziren.

Nola Salamancan ikasi zuen deabruaren leizean. Nola ikaskideek aitortzen zuten infernuko maisua bera baino bizkorragoa zela ikaslea. Nola lapurtu zion deabruak itzala, eta nola gerizperik gabe bizi izan zen, heriotzako egunera arte.

Galtzagorrien altzoan Europa erdia hegan zeharkatu zuela, hori ere esaten zen. Erromara hegazkinen abiaduran iritsi eta salbatu egin zuela nor eta Aita Santua, orduan ere deabruaren atzamarretatik. Etxera itzultzean izotza omen zeukan arropan, hegazkinen hegoetako horma.

Kontatzen zen azkenik nola berreskuratu zuen bere itzala, San Juan egunean eta eguerdiz, eta segurua zela bera zerura sartu zela.

Kontu horiek denak esaten ziren gure Axularri buruz.

Eta jendeak denak sinesten zituen, zirkinik egin gabe.

Alabaina, haren arreba ezkongabea haurdun geratu eta etxetik bota zuela, hori ez. Abizena ere ukatu zion, bere fama ez zikintzeko.

Baina hori ez zuen inork sinesten.

Nola egingo zuen ba hori gure Axularrek.

Kirmen Uribe

Iruzkina idatzi

Segurtasun kodea
Freskatu