Sarrerak
San Sebastián, ciudad de la cultura

Liburutegien udako eskaintza aurkeztu du Donostia Kulturak

Eguzkiteka: irakurleak

Larunbata, 2018(e)ko Ekaina(r)en 16-(e)an

Udako hilabeteetan Donostia Kulturako liburutegiek zerbitzu berriak eskaintzen dituzte. Atzo, ekainak 15, Eguzkiteka, Kontxa hondartzako liburutegia zabaldu zen eta uztailaren 1ean, berriz, Urgulleko liburutegia. Bestalde, Intxaurrondo Kultur Etxeko liburutegia zabalik egongo da abuztuan zehar astelehenetik ostiralera goizeko ordutegian. Aurten Donostia Kulturak Moyua enpresaren dirulaguntza jaso du udako liburutegien eskaintza hobetzeko eta orohar liburutegietan irakurketa sustatzeko.

Eguzkiteka

Eguzkiteka, Kontxa hondartzako liburutegia zabalik egongo da irailaren 15era arte. 2017an martxan jarri zen ekimen honek jarraipena izango du aurtengo udan eta gainera egutegi luzeagoarekin, hau da, ekainaren 15etik irailaren 15era, egunero egongo da zabalik, goizeko 11:00etatik arratsaldeko 19:30era.

Eguzkiteka liburutegia Kontxa pasealekuaren azpiko espazioan dago kokatua, erlojuen parean, Donostiako uda garaiko gune nagusienetako bat. Itsasoari begira irakurtzen egotea Kontxako hondartzak udan eskaintzen duen doako zerbitzu bat da. Liburutegia osatzen duten elementu fisiko guztiak, apalak liburuekin, mahaiak eta aulkiak, egunaren amaieran jaso egingo dira, horrela baitago arautua indarrean dagoen Kostaldeko legedian eta hurrengo goizean berriro kokatuko dira dagokien espazioan, beti ere pasealekuaren azpiko pasabidea libre utziko delarik.

Eguraldiaren aldaketek eragina izango dute liburutegiaren funtzionamenduan, enbata edo galerna sortzen bada edo eguraldia oso txarra dagoenean, segurtasun baldintzek hala eskatzen badute, liburutegia itxita egongo dela iragarriko da.

Haurrentzako jarduerak

Eguzkitekan haurrei zuzendutako jarduerak egingo dira. Arratsaldero 17:00etan Lur Kortak haurrentzako ipuin kontaketa saio bat emango du. Guraso edo arduradunei gogorarazten zaie, haurrekin egon daitezela ipuin kontaketa saioak irauten duen bitartean.

Horretaz gain, ostiraletan eta larunbatetan, eguerdiko 12:00etatik 13:00etara mahai-jokoak antolatuko dira Mestiza elkartearen eskutik 6-12 urte bitarteko haurrentzat. Jardueraren xedea irakurketara hurbiltzea izango da modu ludiko eta dibertigarrian eta aldi berean haurrengan liburutegietara joateko zaletasuna sortzea. Saioa bakoitza testu baten irakurketarekin hasiko da, euskaraz eta gaztelaniaz. Ondoren haurrak jolasean arituko dira eta saioari amaiera emateko haurrek ingelesezko testu bat irakurriko dute.

Urgulleko liburutegia

Uztailaren 1etik abuztuaren 31ra, donostiarrek eta hirira etorriko diren bisitariek Urgull mendiko udal eraikinetan eskaintzen diren zerbitzuetara gerturatzeko aukera izango dute.

Liburutegian (Damen Bateria), astelehenetik igandera irekita egoten da, goizean 11:00etatik 13:30era eta arratsaldean 17:00etatik 20:00etara. Bertan, haurrentzako liburu, joko dibertigarriak eta Interneten nabigatzeko aukera eskaintzen da. Helduek, berriz, liburuak eta egunkariak irakurtzeko aukera dute. Donostia Kulturako liburutegien bazkideak eta oro har Irakurketa publikoko sareko bazkideak Urgulleko liburutegian dauden liburuak maileguan hartu ditzakete eta etxera eman irakurtzeko.

Horretaz gain, haurrentzako jarduera bereziak antolatzen dira, astelehen eta ostegunetan arratsaldeko 17:00etan ipuin kontaketaren ordua izango da.

Donostia Kulturako Liburutegi sarea

Donostia Kulturaren Liburutegi sarea Eguzkitekak eta Urgullek ematen duten zerbitzuaren osagarri dira, Eguzkitekan eta Urgullen aurkitzen ez dena sareko liburutegietan bilatzeko aukera egongo da. Erabilpen handiko sare honetan Liburutegi Nagusia bere bi sailekin, haurrena eta helduena, kultur etxeetako bederatzi liburutegi, San Telmo Museoko liburutegia eta sasoiko bi liburutegi hauek daude, Urgull eta Eguzkiteka.

Iruzkina idatzi

Segurtasun kodea
Freskatu