Sarrerak
San Sebastián, ciudad de la cultura

Heineken Jazzaldia

Hiromi-Web

52. Heineken Jazzaldia hurrengo sentsazioarekin itxi genuen: historiako osatuenetakoa izan zen, kalitate artistiko altuarekin, ia hedabide guztiek ere hala nabarmendu zuten, eta publikoaren erantzuna sutsua izan zen, ohikoa denez. Ikus-entzuleak, guztira, 156.500 izan ziren: 17.000 kontrolatutako sarbidea zuten aretoetan, eta gutxi gorabehera, 139.500 sarbide librekoetan.

Trinitate plazako emankizunek entzuleak txunditu zituzten, eta zaila da kontzertu bakar bat nabarmentzea. Saxofonisten urtea izan zela esan daiteke. Donny McCaslin eta Kamasi Washington izan genituen, proposamen arrunt desberdinekin, baina biak ere jazz garaikideari buru eta bihotz emanak. Eta Charles Lloyd maisu hunkigarria, jakina, aurtengo Donostiako Jazzaldia Saria.

Abeslari apartak ere ez ziren falta izan "Trini"-n. Macy Grayk soul intimoa eta adierazkorra tartekatu zituen. Gregory Porter momentuko jazz abeslaria; Grammy bat lortzen du diskoko, eta agertokian gertukoa eta atsegina. Piano-jotzaile historikoa ere izan genuen gure artean: Abdullah Ibrahim, bakarka, Ekaya bere taldearekin edo Terence Blanchardek lagunduta entzutea, beti da plazera.

Trinitate plazan inor nabarmentzea zaila bada, are gehiago Kursaalen. Wayne Shorter azken 50 urteetako saxofoi-jotzaile handienetakoa izan zen bertan, eta Danilo Pérez, John Patitucci eta Brian Bladerekin egindakoa etorkizuneko saxofoi-jotzaileek seguru oso aintzat hartu zutela.

Puntaren puntakoa, halaber, Herbie Hancock, eta bere egin du belaunaldi berrien musika-lengoaia. Hiromi pianista japoniarrak ezohiko bikote hunkigarria osatu zuen Edmar Castañeda harpa-jotzaile kolonbiarrarekin. Robert Glasper Experiment, aldiz, jazz elektronikoan bide berriak urratzen ari da.

Bryan Ferry ere bertan izan genuen. Gizon dotorea da eta oso serio hartzen du kontzertu bakoitza. Haren bandak (zazpi musikari eta bi korista) beti erdietsi behar du perfekzioa. Denak primeran funtzionatu behar du. Gustu handiz abesten du eta horrek eman dio sona. Jendeak biziki estimatzen du eta esker ona ematen dio bueltan, eta halaxe gertatu zen Heineken Jazzaldian ere: publikoa zutik jarri zen eta txalo-zaparrada grinatsua eskaini zion.

 

Charles Lloyd Jazzaldia Saria 2017-web

Heineken Jazzaldiak aukera eskaini zigun ikus-entzunezko proiektu erraldoi bat ezagutzeko: Poem of a Cell, Stefan Winter soinu-artista eta musika-ekoizle alemaniarrak zuzendutako irudi eta soinu ikuskizuna. Beste hiruzpalau hiritan bakarrik ikusi ahal izan da.

Irudi eder uholdea eta musika bikaina 42 musikarik zuzenean exekutatu zutena, guztiak ere jazzeko, musika klasikoko, etnikoko eta koraleko figura nabarmenak: Uri Caine, Mark Helias, Clarence Penn, Barbara Walker, Joachim Badenhorst, Fumio Yasuda, Rajab Suleiman, Saada Nassor, Fanny Winter, Kettwiger Bach Ensemble talde bokala eta Forma Antiqva ganbera-musika taldea.

Agertoki Berdean The Pretenders izan ziren protagonista, ezin beste modu batera izan. 37.000 pertsona bertaratu ziren, eta ederki gozatu zuten Chrissie Hyndek eta kideek eman zuten kontzertu zintzo eta trukurik gabekoarekin. Beste emanaldi batzuek ere jende andana bildu zuten, eta ikus-entzuleek saria jaso zuten bueltan: emanaldi dibertigarriak (Sir The Baptist, Cory Henry, The Lucky Chops, Fantastic Negrito, of Montreal) eta erlaxatuagoa zen besteren bat (King Creosote). Txalo zaparrada jaso zuten Donostiako Niña Coyote eta Chico Tornadok ere. Atentzioa ematen dute ezohiko formazioa osatzen dutelako (gitarra eta bateria, eta neskak du baketen ardura) eta baita kontzertuaren intentsitateagatik ere.

30etik gora bakarlari eta talde euskaldun izan ziren, guztiak maila altukoak. Aipu berezia merezi dute Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiko irakasleek. Beraiek izan zuten omenaldiak bideratzeko ardura: Ella Fitzgeraldena, Thelonious Monkena eta Dizzy Gillespierena (hirurak jaio zirela 100 urte bete ziren 2017an), eta John Coltranerena (duela 50 urte hil zen). Deborah Carterek, Iñaki Salvadorrek, Chris Kasek eta Mikel Anduezak erronka nota altuarekin gainditu zuten: moldaketa originalak tentuz ikasi zituzten eta euskal jazz eszenako musikari fidagarriez inguratu ziren.

Poem of a Cell-Web

Alderdi Ederreko lorategiak jaialdiko agertoki bihurtu ziren berriz ere. Eguneroko eskaintza bikoitzak jendetza batu zuen, bi arrazoigatik: kokapen ezin erakargarriagoa eta bertan programatutako lehen mailako artistak.

Kursaaleko terrazek ondo baino hobeto bete zuten aurreikusitako zeregina: jazzaren tendentzia guztien agertoki izatea. Houston Person eta Ernie Watts moduko klasiko erraldoiak hartu dituzte. Biak ala biak jazzista dotore, diskretu eta perfektuak, entzuleen aitortza merezi dutenak, eta Donostian horixe jaso zuten. Askoz gehiago ere izan ziren: Ray Gelatoren swing kutsagarria; Uri Caineren jazz intelektuala; Gabacho Maroc eta Rajab Suleiman & Kithararen musika etniko landuak. Eta estilo guztietako euskal taldeak.

Victoria Eugenia Antzokian hainbat ikuskizun izan ziren gauerdian. Hala ere, guztiek izan zituzten bi gauza komunean: musikari birtuosoak eta elkarlanean aritzeko espiritua: Erdi Aroko musika jazzarekin (ArFolia Libra), flamenkoa jazzarekin (Chicuelo-Mezquida), jazz italiarra jazz espainiarrarekin (Stefano Bollani-Chano Domínguez), Europa iparraldekoa Mediterraneokoarekin (Atmosphères).

Gainontzeko agertokietan ere ez zen atsedenik izan. Jazza toki guztietan eta etengabe: Tabakalerako Kutxa Kultur Klubean, Victoria Eugenia Clubean, Nauticoolean, Orion, Villabonan, Saguesen, La Perlan, FNAC Gunean... Gelditu gabe.

Txikijazz, familientzako jaialdia, sendotu ez ezik, fenomeno bihurtu zen bosgarren edizioan. Jarduera gehiago, kontzertu gehiago, jende gehiago. Txikiak gozatzen, eta gurasoak pozik. Jazz zaleen harrobia da. 50 haurretik gora musikari gisa aritu ziren Txikijazz Big Bandean. Horrez gain, publiko gazteenak Kevin Mahogany, King Creosote, The Good Time Rollers (Donostiako Lindy Hop taldearekin) eta Alfred Spirli-Les Incendiaires entzuteko aukera izan zuen. Ziur zerbaitekin geratu direla.

105 emanaldi, 17ko agertoki, 156.000 entzule. Horiek dira 52. Heineken Jazzaldiaren zenbaki hotzak, udako sasioi horretarako tenperatura freskoekin bizitakoa, baina artisten eta entzuleen eskutik etorri zen berotasuna, eta haiek bihurtu zuten gogoangarri.

 

DatuakJAZZALDIA web EUS