Sarrerak
San Sebastián, ciudad de la cultura

Olatu Talka

Memoria2015Olatu talkaMercadillo

Aipamen berezia merezi du 2015eko Olatu Talkak, bai izan zuen arrakastagatik bai eta antolakuntza aldetik eman ziren aurrerapausoengatik ere.

Batetik, eguraldia lagun, Olatu Talkak antolatutako jarduerek erantzun ikaragarria jaso zuten: 34.000 lagunek parte hartu zuten, 2.000 eragile aktibo inplikatu ziren eta 200 jarduera inguru burutu ziren. Sorkuntzan, hiritarren konpromiso, inplikazio eta izaera aktiboaren erakusgarri nabarmenak dira datu horiek.

Seigarren urtez jarraian, herritarrek, elkarteek eta hainbat eragilek bikain erantzun zioten Olatu Talkari, beti ere, parte-hartze kultura eta ezagutza partekatzearen aldeko apustu irmoa mantenduz.

Bestetik, 2015eko jaialdian, Donostia Kulturak eta Donostia 2016k lankidetzan kudeatu eta antolatu zuten Olatu Talka. 2017tik aurrera Donostia Kulturak hartuko duenez jaialdiaren antolaketa osorik beregaina, trantsizio-epe bat ireki zen 2015ean, esku-aldaketa hori modu egokian gauzatzeko, hori izango baita 2016ko Hiriburutzak Donostian utziko duen ondareetako bat.

Olatu Talkak auzoetan presentzia handiagoa izan zuen, aurreko urteetan auzoetako herritarrek egin zuten eskaerari erantzunez, beti ere Kultur Etxeen inplikazioarekin. Hori da, besteak beste, Kultur Ekintza sailak Olatu Talkaren antolaketa hartzeko arrazoietako bat, sail horrek Donostiako Kultur Etxeen kudeaketaren eta koordinazioaren ardura baitarama eta deszentralizatua den neurrian, auzoetako ekintzen dinamizazioa eta ikusgarritasuna ahalbidetzen dituelako.

Jarraian Olatu Talkan burututako zenbait jarduera:

Huts uneak egitasmoa, egun hutsik dauden merkataritza lokaletan jarduera artistikoak programatuz, hiriko kaleak dinamizatu eta oinarrizko kulturari formatu eta gune berriak eskaintzeko jaio zen. Erakusketa, antzerki emanaldi eta animazio tailerrak izan ziren ikusgai hiru lokaletan. Datozen jaialdietan Donostiako Sustapenaren laguntzaz Huts Uneak programaren hazkunde nabarmena espero da.

Kontxako arkupeak beste modu batean gozatzeko aukera dagoela erakutsi zuen Kontxa Gau Market jarduerak. 50 salmenta postu, musika zuzenean, uda giroa, gau zoragarria eta 6.000 lagun inguru hurbildu ziren Kontxako Gau Marketera, jakinmina eta interesa asetzera.

Uliarako igoeran dagoen udal hazitegi ohiak sekretu bitxiak gordetzen ditu. Arkitektura ondare diren ur biltegi harrigarriak eta Uliako auzo elkarteak kudeatzen duen Uliako Lore-baratzak parkeak eskaintzen dituen guneak oso musika emanaldi berezien bitartez disfrutatu zituzten 500 hiritar baino gehiagok.

Egia auzoko haurren ikastolarako joan etorriak ahalik eta era autonomoenean eta seguruenean egin ahal izateko ahalduntzea helburu, auzoko elkarte eta hiritarren parte-hartze masiboa jaso zuen jarduera izan zen Egia Segurua. Auzolanean eta jai-giroan euren auzoa eraldatu zuten egiatarrek.

Sagues argiz eta kolorez josi zuten Sagues Roller Fest jaialdiaz disfrutatzera gerturatu ziren 1.000 gazteek. Longboard erakustaldia, kontzertuak eta, batez ere, puntako teknologia eta roller derby-a uztartu zituen Openledroller jardueraz gozatu ondoren, Roller Disco festan dantzatzeko aukera paregabea izan zen.

Kontzertour ekimen musikalaren barnean, musika estilo ugari jorratu eta disfrutatu ziren, Donostiako auzoetako tabernetara eta komertzioetara talde eta bakarlarien zuzeneko musika eramanez eta giro aparta sortuz.

Stringedwood musika elkartea eta Easo Musika eskola batuz, musika jaialdi ahaztezinaz disfrutatu zuten 300 pertsonek Miramongo basoan, Basoka egitasmoan.