Sarrerak
San Sebastián, ciudad de la cultura

Europako programak

BesteHitzak

Donostia Kulturak Europa mailako hainbat proiektu abiatu zituen 2015ean, gehienak Donostia 2016 Kultur Hiriburuarekin batera, eta haien bidez mugaz gaindiko elkarlana eta ezagutza bultzatu zen, literatura eta arte eszenikoak bezalako arloetan. Horrez gain, azpimarratzekoa da proiektu horietako gehienak DSS2016EUk utziko duen ondarearen parte izango direla, ondorengo urteetan ere segida izango baitute.

Beste Hitzak / Other Words

Jakina da Europaren ezaugarri nagusietako bat aniztasun kultural eta linguistikoa dela, eta errealitate horretan hizkuntza gutxituek eta hizkuntza txikiek garrantzi berezia dutela. Hain zuzen, garrantzia hori ardatz hartuta, hizkuntza horietan egiten den literatur sorkuntza bultzatu nahi du Beste hitzak (Other Words) programak. Donostia Kulturak (bazkide leaderra) eta Donostia/San Sebastian 2016ek bultzatutako Beste Hitzak ekimenean Irlanda, Eslovenia, Mazedonia eta Frisiako elkarteak ari dira lanean.

Mugalariak

Mugalariak sorkuntza-, hezkuntza- eta bitartekotza-programa bat da, DSS2016k sustatua, eta Hegoaldeko eta Akitaniako antzoki eta kultur etxeen ateak ireki nahi ditu sorkuntza-prozesuan diren dantza- eta antzerki-proiektuak sustatzeko eta, aldi berean, mugaren bi aldeetako elkarteek eta herritarrek parteka ditzaten sorkuntza-prozesuok. Hain zuzen ere, Donostia Kulturak hiru proiektutan hartu du parte. Imanol Larzabal guneak eta Senpereko gune batek Robinson konpainiarekin jardun zuten; Gazteszenak eta Hendaiako gune batek Igor Kalongeren Tormenta aurkeztu zuten, eta Victoria Eugenia Antzokiak eta Baionako Scène Nationalek Kukai / La Veronal-en Oskara estreinatu zuten. Bestalde, 2016an programazio zabala izango da arte eszenikoen arloan, Donostia 2016ren eta Donostia Kulturaren arteko elkarlanaren ondorioz.

Kimu

Kimu programan deialdi bidez hautatutako Iparraldeko eta Hegoaldeko lau artista haurrei eta gazteei zuzendutako arte eszenikoen inguruko berariazko trebakuntza jasoko dute urtebetez. Programaren helburua da master-classekin eta jaialdietako egonaldiekin trebakuntza-ibilbide bat diseinatzea, haur eta gazteei bideratutako euskarazko arte eszenikoen sorkuntza aberasteko eta dinamizatzeko.

BalletT

BALLET T

BALLET T 2007tik ari da jardunean, truke hirukoitzean hain zuzen ere: kultura-, arte- eta hezkuntza-trukean, denen artera ekarriz dantza-ikuskizunei ekiteko modu desberdinak, bai arte-produkzioaren aldetik, bai dantzari eta koreografoen prestakuntzaren aldetik, eta bai ikusle berriak sortzeari eta sentsibilizatzeari dagokionez ere. Helburu nagusia da Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko sinergiak aprobetxatzeko bidean jartzea Donostia (Donostia Kultura) - Biarritz (Malandain Ballet Biarritz) ardatzean, ikuskizun koreografikoak ekoizteko/emateko espazioaren barruan. Lankidetza-proposamen originala da, eta urte osorako jarduerak planteatzen ditu. Parte-hartze handia lortzen dute jarduera guztiek.

ESZENA T

BALLET Tk (2007) sortutako dinamikaren eredura, antzerkian ere lanean hasi ginen ESZENA T deitu dugun proiektu batean. Hau ere kultura-, arte- eta hezkuntza-trukea da, antzerkia zaleei eta oro har ikusle interesatuei hurbiltzeko xedez. Arte eszenikoetan sentsibilizatzeak eta ikus-entzule berriak sortzeak lehentasuna dute betiere Donostia Kulturarentzat. Helburu nagusia da Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko sinergiak aprobetxatzeko bidean jartzea Donostia (Donostia Kultura) - Baiona (Scène Nationale du Sud-Aquitaine) ardatzean, antzerki- eta zirku-ikuskizunak ekoizteko/emateko espazioaren barruan. Lankidetza-proposamen originala da, eta urte osorako jarduerak planteatzen ditu. Honelako jarduerak, besteak beste: egonaldi artistikoak, koprodukzioak, informazio-trukea eta antzoki eta ikastaroen artean ikus-entzule eta partaideen joan-etorria bultzatzeko programak. Herritarrek ezin hobeto hartzen dituzte jarduerok.