Sarrerak
San Sebastián, ciudad de la cultura

Heineken Jazzaldia

Memoria2015-Jazzaldia-Cullum

50. Heineken Jazzaldia erabateko arrakasta izan da maila artistiko zein publikoaren erantzunaren aldetik. Uztailaren 22a eta 26a bitartean, 124.000 pertsona baino gehiago gerturatu dira 17 agertokietan programatutako emanaldietara, horien %80a doakoak. Nahiz eta euria bi egunetan izan den, jaialdiko eszenatoki ezberdinetan jendetza izan da, Trinitate Plazako sarrerak agortu eta Zurriolako hondartzako Agertoki Berdea eta Kursaaleko Terrazetan giro bikaina sortu da.

Artistek esperotakoa baino gehiago eman dute. Jamie Cullumek aipamen berezia merezi du bere hiru agerraldiengatik: Agertoki Berdean DJ gisa, Kursaal Auditorioan bakarlari moduan -pianoa, gitarra eta ahotsa erabiliz-, eta Urgull ingururaino jendez gainezka zegoen Trinitate Plazan, big band baten buru. Publikoak sutsuki gozatu zuen britainiar artistaren jeinutasunaz eta jendearekin konektatzeko duen gaitasunaz.

Trinitate Plazan aritu ziren emakume abeslari guztiek audientzia liluratu zuten, bakoitzak bere estiloan: Sílvia Pérez Cruzek mediterranear sentsibilitatearekin; Zazek bere jazz manouche estilo dibertigarriarekin eta chanson frantsesa erakargarriarekin; Dee Dee Bridgewater bere ahots zoragarriarekin oholtza menperatuz; Melody Gardot sofistikatuak banda itzelaren babesarekin eta Andrea Motis gazteak, abeslari izateaz gain, saxofoia eta tronpeta jotzeko ahalmena erakutsiz.

Memoria2015-Jazzaldia-Gardot

50 urte bete dituen jaialdi honen sorburua den Trinitate Plaza kuttuneko programazioak, bi emanaldi gogoangarri eskaini zituen: Andrzej Olejniczak eta Iñaki Salvador buru dituen boskotearen emanaldia, Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburutzaren baitan kokatua, eta The New Standard Triorena, elkarrekin edo bakarka, aurretik ibilbide luzea duten egungo jazzaren hiru maisuek osatua.

Ohikoa denez, Kursaal Auditorioak Jamie Cullumen soloaz gain, lehen lerroko kontzertuak eskaini zituen. Gaztetan John Coltranekin batera entseatzen zuen Benny Golson saxofonistak, soila baina zuhurtasunez beteriko agerpena egin zuen, eta hurrengo egunean hunkiturik eta atsegin handiz Donostiako Jazzaldia Saria jaso zuen. The Bad Plus hirukoteak, adierazpen bide berriak bilatzeko arduragatik ezaguna, azken bi hamarkadetako saxofonista nabarmenetarikoa den Joshua Redmanekin batu eta emaitza aparteko kontzertua izan zen. Bi urteren ostean, eta Masada Marathon historikoaren ondoren, John Zorn Donostiara itzuli zen eta Bill Laswell baxu-jotzaile eta Dave Lombardo bateria-jotzailearekin batera, izugarrizko soinu esperientzia sortu zuen.

Victoria Eugenia Antzokiko aurtengo proposamena oso interesgarria izan da. Norvegiako Kristiansand hirian ospatzen den PUNKT jaialdia Donostiara hurbiltzeko asmoarekin, eta PUNKT Donostian izenburupean, hiru emanaldi programatu dira. PUNKT-en esentzia, Jan Bang eta Erik Honorék sortua, ohiko musika tresnak erabiliz emandako kontzertu baten ondoren, artista ezberdinek horren nahasketa egitean du bere funtsa. Heineken Jazzaldiak eta Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuaren elkarrekin ekoitzitako esperimentu honetan, Bang eta Honoréz gain, Eivind Aarset, Arve Henriksen, Nils Petter Molvaer, Sly & Robbie, Josetxo Silguero, Sidsel Endresen, Suso Saiz edo Mungolian Jet Set artistek parte hartu zuten, entzuleen zirrara sortuz.

Memoria2015-Jazzaldia-Fields

Victoria Eugenia Antzokia guztiz bete zen, Iñaki Salvador eta Alexis Delgado piano-joleen Bach eta jazzaren arteko hurbilketaz gozatzeko.

Agertoki Berdeak sorreratik ezarri zitzaizkion helburuak bete zituen: amaigabeko festa izatea. Hasiera ona izan zuen: lehenbizikoz, Jamie Cullum DJ gisa aritu zen jendearen aurrean; Earth, Wind & Fire Experiencek aurrekoak hasitako parranda luzatu zuten, eta reggaeren sortzaileetakoa den Jimmy Cliffek gauari itxiera eman zion. Gainerako egunetan jazza, indie-a edo power pop-a txandakatu ziren, Gregory Porter, Lee Fields & The Expressions, Neuman, LoneLady, KAKKMADDAFAKKA eta Bullet Proof Lovers donostiarren eskutik, hurrenez hurren. Azken hauek besteen mailako arrakasta lortzera iritsi ziren eta euren ibilbide internazional geldiezina argi geratu da.

San Telmoko gauak oso proposamen erakargarriak aurkeztu ditu, bata bestearengandik oso desberdinak gainera: Zanmari Baré eta Indikoko Réunion irlako kantu exotikoen lilura; Julia Biel, deskubritu beharreko abeslari eta piano jolearen lan bikaina; euskal jazzaren adierazle den Gonzalo Tejada baxu jotzaile donostiarrak Norma Jean Baker edota Marilyn Monroeri egindako omenaldia; Arve Henrikssen tronpeta jolearen soinua eta Trio Mediaevaleko emakumeen ahotsek bat eginik, europar musika eta geografian zehar eginiko bidaia.