Sarrerak
San Sebastián, ciudad de la cultura

Victoria Eugenia Antzokia

VEA-MEMORIA2015-Robot Blanca

Victoria Eugenia Antzokiak lider izaten jarraitzen du lurralde honetako programazio eszenikoan.

2015ean, dantza-programazioa askotarikoa eta interesgarria izan zen. Gogora ditzagun Fuego, Antonio Gades dantza-konpainiarena, Robot, Blanca Lirena edo Vortice dance, eta Dantzaren Gala, Gipuzkoako Dantza Profesionalen Elkartearekin batera antolatu genuena: horiek izan genituen 2015ean, eta hala ikus-entzuleen nola kritikaren interesa piztu zuten ikuskizunez gozatu ahal izan zuten dantzazaleek. Malandain Ballet Biarritzekiko lankidetzaren ondorioz, ballet hori etengabe izan genuen Donostian, sinergiak sortuz eta ikus-entzule eta dantzazaleekiko topaketak eskainiz.

Ohiko programazioan, Kathy y el hipopótamo antzerki-lana nabarmendu zen; Ana Belén protagonista lanetan, Vargas Llosaren testu batekin, eta Magüi Mirak bikain zuzendua. Roberto Álamok eta Sergio Peris-Menchetak antzezpen bikaina oparitu ziguten Keith Huff-en Lluvia constanten, bi poliziarena eginez. Daniel Finzi Pasca Bianco su bianco lanarekin etorri zitzaigun; eszenaratze originala benetan, ohi duen bezala.

Donostiako udak espero zen bezala erantzun zuen: Goyo Jiménez, Asier Etxeandia, Carlos Latre, Concha Velasco, Pepón Nieto, Carlos Sobera, Lolita Flores, Verónica Forqué aritu ziren Urumea ondoko agertokian, El intérprete, El eunuco, Buena gente, The Hole 2, Olivia & Eugenio... lanetan, besteak beste. Zer esana eman duen urtea, beraz, eta ikus-entzuleen konplizitatea eta oniritzia ekarri dituena.

Donostiatik pasatu ziren, aurreko urteetan bezala, biran ziren musikalik garrantzitsuenak, hala nola, La fuerza del destino. Sasibilek bizirik eutsi zion zarzuelaren garrari; La rosa del azafrán eskaini zigun. Horrez gainera, Opus lirica agertu zitzaigun panorama lirikoan, Donostia opera-denboraldia sortzeko helburuarekin. Ainhoa Garmendia zuzendari eszeniko zela, El barbero de Sevilla eman zuten.

Antzerkiak programazio zabala, askotarikoa eta kalitatezkoa eskaini zuen. Martxoaren 27an Munduko Antzerki Eguna ospatu zen, eta egun horretan eman zitzaion saria aurreko denboraldian helduentzat euskaraz emandako ikuskizunik onenari. 2015ean, sari hori Arrastoak ikuskizunak jaso zuen, Dejabu Panpin Laborategiaren sorkariak. Talde horrek bigarren aldiz lortu du Donostia Antzerki Saria.

Lankidetzei esker –Biarritzekin, Koreografia Zentroaren bitartez, eta Baionarekin, Scène Nationale-ren bitartez–, jarduera interesgarriak eskaini dira arte eszenikoetara hurbiltzeko eta sentiberatasuna garatzeko, eta horrek erraztu egin du ikus-entzuleak eszenara erakartzea. Gazte taldeekiko lana oinarrizko lan-ildoa da, eta ikus-entzule berriak ekarriko ditu uste baino lehen.

Ezin ahaztu Teatro Estudio de San Sebastián-en 50. urteurrena. Ibilbide luze horretan, antzerki unibertsaleko autore nagusiak taularatu ditu, hala nola Genet, Txekhov, Pinter, Ionesco... edota Benet i Jornet, Mayorga... Manolo Gómezen zuzendaritzapean, 50 urteotan Donostian antzerkiari egindako ekarpen bikaina ospatu zuten.

Memoria2015-VEA-Genesis

Musika-programazioari dagokionez, Victoria Eugenia Antzokiaren programazioak Donostia Kulturaren musika eskaintzaren proposamenik interesgarrienak bildu zituen 2015ean. Hona hemen izen batzuk: Pablo Milanés, Leiva, Revolver, Ismael Serrano, Dire Straits tribute band: Brothers in Band eta The Musical Box Project Genesis: Selling England by the pound ikuskizuna. Euskal musikaren atalean, Oskorri bere Hauxe da despedidea kontzertuarekin, 45 urtez jardun ondoren; Ruper Ordorika, Kukai Adiskideak musika-ikuskizunarekin, Izaki Gardenak, Skasti, Naroa, Gaintza Agustin Alkhat eta Olatz Zugasti, besteak beste.

Nabarmentzekoak, halaber, Jaso Ikastolaren Invoc4tion musikala eta Adarra Sariaren bigarren edizioa, non Ruper Ordorika musikariaren ibilbidea saritu baitzen.