Sarrerak
San Sebastián, ciudad de la cultura

Antzoki Zaharra

AZ-Memoria2015-Maitasuna

Antzoki Zaharrak, dagoeneko 170 urte baino gehiago baditu ere, gazte bixarguria dirudi. Sekulako martxari eusten dio urtea joan urtea etorri, bere jite berezia gorderik betiere. Gune hurbila eta tamaina egokikoa da, eta jarduera ugari egiteko bidea ematen du teknikoki. Balioaniztasun horri esker, hiriko programazioaren zati handi bati erantzuten dio, eta era eta jatorri askotako kolektiboei. Bai donostiarrek bai bisitariek gehien estimatzen duten antzokietako bat izaten segitzen du.

Euskarazko antzerki-proposamenen programazioa sendotu egin da 2015ean, Antzoki Zaharreko jarduera nagusien artean. Gaur egun, Antzoki Zaharra da Euskal Herrian euskarazko antzerki-programazio jarraituarentzako habe nagusia. Badira urte batzuk Donostia Kulturak programa hori eskaintzen duela, Udaleko Euskara Zerbitzuarekin batera. 2015ean, euskarazko ekoizpena duten ia konpainia nagusi guztiak pasatu dira Antzoki Zaharretik: Tartean, Ados, Tanttaka, Vaivén, Txalo... Eta ikuskizun izarrak ekarri dituzte: Maitasunaren ondoan maitasuna; Zergatik, Jamil?; Erdibana; Kreditua... Programazio horren erregulartasun eta iraunkortasunari esker, eta antzerkian hizkuntza-normalizazioari ematen dion bultzadari esker, programazio berezia eta bakarra izan da Euskal Herri osoan. Horri gehitzen badiogu haurrentzat ere egin den euskarazko eskaintza, esan dezakegu Antzoki Zaharrak egiten duen lana funtsezkoa dela euskarazko antzerkia bultzatzeko. Haurrentzako dozena bat ikuskizun baino gehiago izan dira Antzoki Zaharreko agertokian, dela jende guztiarentzako funtzioetan, dela Eskolatik antzerkira programaren bitartez, zeina Donostiako ikastetxe guztiei zuzendua baita.

Memoria2015-AZ-Urdangarin

Udako Antzerkiak plaza nagusi bihurtu du Donostia beste guztien artean. Programazioa orekatua izan da edukiz eta estiloz, aurkeztutako proposamenen kalitate eta erakarmenaren aldetik, etorri diren artisten mailaren aldetik, arte-taldeen aldetik oro har (aktore, zuzendari, eszenografo eta abar). Aipa ditzagun batzuk: Arturo Fernández, Gabino Diego, Miriam Díaz-Aroca, Belinda Washintong, besteak beste.

Ezin ahaztu, hala ere, neguan etorri zirenen artean, Beatriz Rico edo Pepe Garamendy, Silvia Marsó bere Zoo de cristalekin.

Musika programazioari dagokionez, Antzoki Zaharrean zazpi musika-emankizun eskaini ziren, artista nabarmenenak: Amancio Prada, Elliot Murphy, Mikel Urdangarin, eta Al Turaz Al Andalusí: Siria Kulturan izeneko kontzertua.

Antzoki Zaharrean egin dira, halaber, Donostia Kulturaren zine-programa batzuk, hala nola Dock of the Bay, Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea edo Surfilm Festibal; horiez gainera, beste zenbait emanaldi izaten ditu urtero.