Sarrerak
San Sebastián, ciudad de la cultura

Antzoki Zaharra

Antzoki Zaharrak jo eta ke jarraitzen du, urteek ematen dioten zaporeaz eta tamaina egokiak eta donostiarren txerak ematen dioten hurbiltasunaz. Horri gaitasun eszeniko eta tekniko ona gehitzen badiogu, erabilera askotarako areto bihurtzen dute ezaugarri horiek, Donostiako programazioaren parte bati erantzuteko modukoa, era eta jatorri guztietako talde eta ekinbideei. Bai donostiarrek bai bisitariek gehien estimatzen duten antzokietako bat izaten segitzen du.

Euskarazko antzerki-proposamenen programazioa sendotuz doa Antzoki Zaharreko jarduera nagusien artean. Gaur egun, Antzoki Zaharra da Euskal Herrian euskarazko antzerki-programazio jarraituarentzako habe nagusia. Antzoki Zaharretik pasatu ohi dira Euskal Herriko eta euskarazko produkzioko konpainiarik nabarmenenak: Ados, Tanttaka, Vaivén, Txalo... Bai eta ikuskizun "izarrak" ere, hala nola Ondoko tipoa, Maitasunaren ondoan maitasuna, Zazpi aldiz elur, Pankreas, Figuranteak... Hori guztia Euskararen Udal Patronatuak eta Donostia Kulturak elkarrekin egindako lanaren fruitua da. Programazio horren erregulartasun eta iraunkortasunari esker, eta antzerkian hizkuntza-normalizazioari ematen dion bultzadari esker, programazio berezia eta, esan bezala, bakarra da Euskal Herri osoan. Horri gehitzen badiogu haurrentzat ere egiten den euskarazko eskaintza, esan dezakegu Antzoki Zaharrak egiten duen lana funtsezkoa dela euskarazko antzerkia bultzatzeko. Haurrentzako dozena bat ikuskizun baino gehiago izaten dira Antzoki Zaharreko agertokian, dela jende guztiarentzako funtzioetan, dela Eskolatik antzerkira programaren bitartez, zeina Donostiako ikastetxe guztiei zuzendua baita.

az balconconvistasbaja
Un balcon con vistas Maggie Civantos, Rubén Martínez

Udako Antzerkiak plaza nagusi bihurtzen du Donostia beste guztien artean. Programazioa orekatua izan da edukiz eta estiloz, aurkeztutako proposamenen kalitate eta erakarmenaren aldetik, etorri diren artisten mailaren aldetik, talde artistikoen aldetik oro har (aktore, zuzendari, eszenografo eta abar). Aipa ditzagun batzuk: Arturo Fernández, Enrique San Francisco, Agustín Jiménez, besteak beste; denek ere beren onena eskaini dute Antzoki Zaharreko agertoki gainean. Duela bi urte, euskarazko ikuskizunak ere hasi ginen programatzen gaztelaniazko beste proposamen batzuekin tartekatuta, hartara antzerkia ere hizkuntza-normalizaziorako bidean jarri nahian.

az pasenbebanbaja
Pasen y beban, Enrique San Francisco

Ezin ahaztu Beatriz Carvajal eta A vueltas con la vida lana, edo Kitti Manver eta Heridas del viento. Ondo hornituak biak ere edukiz, zorroztasunez eta aktoreen kalitatez.

Musikari dagokionez, 9 musika-ikuskizun eman dira, artista nabarmenenak: Zenet, Pedro Guerra, Rulo y la Contrabanda eta Ihes (Amets Arzallus eta Joxan Goikoetxea).

Horrez gainera, Antzokia Donostia Kulturaren zine-programa nagusien egoitza da: Nosferatu ziklo bide luzekoa, LABO, Dock of the Bay, Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea, Surfilm Festibal...