Sarrerak
San Sebastián, ciudad de la cultura

Heineken Jazzaldia

49. Heineken Jazzaldia uztailaren 23tik 27ra egin zen, Donostian, eta atsegin handiko giroan amaitu zen, artearen eta antolakuntzaren aldetik arrakasta handia lortuta, programaturiko ekitaldi ugarietan hainbeste jende bildu izanak eta komunikabideetako aipamen ezin hobeek erakusten dutenez.

49. Heineken Jazzaldian guztira izandako entzule kopurua 140.000 ingurukoa izan zela kalkulatu da; ordaindu beharreko kontzertuetan, 12.650 lagun zenbatu ziren.

Programa 112 kontzertuk osatu zuten guztira; 78, doakoak, eta 17, berriz, Donostian zehar hainbat agertokitan. Denak ere normaltasun osoz burutu ziren, eguraldi ona lagun, oro har, 24ko gauean eroritako zaparrada bat edo beste kenduta.

JAZZ John Scofield Trinitate Enparantza

Jaialdiaren jazz funtsa, ohi bezala, Trinitate plazan, Kursaaleko Auditorioan eta Victoria Eugenia Antzokian bildu zen.

Chick Coreak eta Stanley Clarkek emandako kontzertua –pianoa eta kontrabaxua duoan– Jazzaldiaren historiarako geratuko da. Entzuleek txalo-zartaka eskertu zuten Return to Forever-en bi sortzaileen musika-jakituria eta bien arteko elkarlana. Ia erori zen sabaia, bisean Bobby McFerrin agertu eta haiekin kantuan hasi zenean. McFerrin bezpera gauean jarduna zen Trinitate plazan, espiritualak kantatuz, eta laster bereganatu zituen entzuleak, agertokian ohi duen abegikortasunari esker.

Triniko beste une berezi batzuk: Enrico Rava, europar jazzean buru dabilela berretsiz berriz ere bere Tribuarekin; John Scofield, inoiz baino indartsuago Überjam taldearen buru; Dave Holland Prism-ekin, bere banda ondoen konbinatuetako batekin; Sun Ra Centennial Arkestra, laurogeita hamar urtetik gora dituen Marshall Allen buru zuela, musika galaxien arteko espaziora jaurtiz, han baitabil Sun Raren espiritua; eta bi dama, bi abeslari handi: bat, beteranoa, Dee Dee Bridgewater egundokoa, eta bestea berriagoa, baina eskarmentu handikoa hala ere, Kristin Asbjornsen.

JAZZ Bobby McFerrin en Plaza Trinidad 2014
Booby McFerrin
JAZZ Marshall Allen de Sun Ra Centennial Dream Arkestra 2014
Marshall Allen

Kursaalera itzulita, errezital handiak eskaini zituzten Bugge ‘n’ Friends-ek, hots, Bugge Wesseltoft norvegiar musikari geldigaitzak boskote nazioaniztunaren buru gauzatutako azken proiektuak, eta Toshiko Akiyoshi eta Les Tabackin-en laukoteak.

Hain zuzen ere, Jazzaldiaren unerik hunkigarrienetako bat Donostiako Jazzaldia saria Toshiko Akiyoshi-ri eman zitzaionekoa izan zen. Antolatzaileek aitortza egin zioten hala jatorri japoniarreko emakume pianojole eta orkestra-zuzendari honen balio pertsonal eta artistikoari; bidea urratzea lortu baitzuen jazz-mundua gizonezkoen mende zegoen garai batean, eta batez ere Estatu Batuetan egiten zenaren mende. Sari ematea jendaurrean egin zen lehen aldiz; hain zuzen ere, Basque Culinary Center-en, eta hara bildutakoek gozatu egin zuten Toshiko Akiyoshik emandako kontzertutxoarekin eta ondoren eskaini zuen prentsaurrekoarekin.

Victoria Eugenia Antzokiak abangoardiako jazzaren hiru kontzertu eskaini zituen: Muhal Richard Abrams pianojolea, Wadada Leo Smith tronpetajolea eta bere Ten Freedom Summers lan handia, eta An On Bast eta Maciej Fortuna poloniarrek Krzystof Penderecki konpositorearen filmetako soinu-bandak joz eman zutena. Eta Orchestre d’Hommes-Orchestres atsegingarriaren bi emanaldi, Kurt Weill-en kantak oinarri zituela.

JAZZ Dee Dee Bridgewater en Plaza Trinidad 2014
Dee Dee Brigdewater
JAZZ Ray Davies  en Escenario Verde 2014
Ray Davies

Kontzerturik jendetsuenen artean, azkenetik hasi behar genuke, hau da, Agertoki Berdeko azken emanalditik, 26an: Vintage Trouble bete-betean aritu zen, eta entzuleek gogotik eskertu zuten. Hondartzan kontzertu gogoangarri asko izan ziren: Ray Davies, Kinks taldeko lider ohia; George Clinton bere Parliament/Funkadelic parrandarekin; Echo&The Bunnymen, rock britainiarraren ordezkariak; The Horrors bere estetika lotsagabearekin; James Vincent McMorrow eta bere ahots harrigarria; Austraren freskotasun gaztea; eta, amaitzeko, baina ez garrantzi gutxiago dutelako, Delorean euskalerritarrak, profeta beren lurrean: atzerrian, aretoak betetzen dituzte, eta Zurriolan ere jendetza batu zuten.

San Telmo Museoa, 2014an ere, leku aproposa izan zen arte-esperimentaziorako, Euskal Herriko eta Europako talentuen bilgune. John Tilburyk, Sabin Bikandik eta Kukai Dantza Konpainiak Bat-batean sorkuntza iradokitzailea eskaini zuten. Hura bezain iradokitzailea gertatu zen Telmo Trioren proposamena ere (Hasier Oleaga, Guillermo Lauzurica eta Fanfy bideoartista frantsesa). Iñaki Salvador pianojole donostiarrak bi arte-lotura emankor egin zituen bi musikari poloniarrekin: Andrzej Olejniczak eta Maciej Fortuna. Eta Aitor Furundarena akordeoilariak lan interesgarria burutu zuen Pascal Battus artista polifazetiko frantsesarekin.

Basque Culinary Center-ek eta Mugaritz jatetxeak gastronomia eta musika konbinatu zituzten berriz ere. Eta agertoki berri gehiago izan zituen Jazzaldiak, ohikoez gainera; besteak beste, Botanika eta Dabadaba, Maria Cristina Hoteleko terraza eta San Martin merkatua.

Kursaaleko eta Nauticooleko terrazetatik eta Club Nauticoko terrazako agertoki goxotik, milaka pertsona pasatu ziren egunero, etengabe, beren gogoko musikaren bila etorrita.

Txikijazzak, haurrentzako eta familientzako jazzaldi paraleloak, 2013an jasotako arrakasta biribila berretsi zuen bigarren aldiz ere. neska-mutikoek musika entzuteko, dantza egiteko, eskulanetan aritzeko eta, oro har, arteaz gozatzeko eta ikasteko aukera izan zuten. Aipatzekoak, esate baterako, danza jazz, funky, music box, perkusioa eta DJ tailerrak, sakelakorako aplikazio baten bitartez. Txikijazzeko kontzertuek maila handiko musikariak izan zituzten; besteak beste, René Marie, Joseba Irazoki, Mac Jeara’s Band, Rock’n’Kids Band eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren Musika Gela.

Musikaldiak lan handia egin zuen sare sozialetan, Instagram argazkien lehiaketa bultzatuz eta jarduera handia eraginez Facebook-en, non 10.000 jarraitzailetik gora izan baitziren; Twitter-en, berriz, 6.000tik gora.