2014an Ernest Lluch kultur etxeak bere ardatz nagusiak biziki landu ditu: literatura, pentsamendu garaikidea eta hausnarketa historikoa izan dira, dudarik gabe, programazioaren protagonistak. Helburua hiritarrei gogoetarako aukerak irekitzea da, artista, pentsalari eta aditu azpimarragarrien eskutik.
Programazioaren ardatz hauek islatu dituzten ziklo, hitzaldi eta solasaldi ezberdinen artean badira aipamen berezia merezi duten bi: Hiria pentsatu zikloak jarduera sorta zabala eskaini du urria eta abendua bitartean. Javier Echeverría, Daniel Innerarity, Miren Gutiérrez, Josean Llorente, Varvara Guljajeva, Dani Artamendi edo José Luis de Vicente izan dira, beste batzuen artean, filosofia, soziologia edota teknologiaren alorretatik hiri garaikidearen erronka eta esperientziei buruz solasean aritu direnak.
Mendeurrenak izan da beste ziklo nabarmen bat. Jon Arrieta, José Álvarez Junco eta Julián Casanova historialariek 1714, 1814 eta 1914 urteetako gertakari garrantzitsuen mendeurrenak aztertu dituzte publiko ugariaren aurrean.
Solasean… programak sortzaile azpimarragarrien erretratua egiten du, haien obra eta ibilbidea elkarrizketa moduan errepasatuz. Aurten, Ramón Barea aktore eta zuzendaria, Montxo Armendariz zinegilea eta Arantxa Urretabizkaia idazlea izan dira gonbidatuak.
Azkeneko urteetan Ernest Lluch kultur etxeak zientziaren garrantzia azpimarratu nahi duen Zientziaren bide berriak egitasmoa bultzatu du Donostia International Physics Centerrekin batera, puntako zientzialarien eskutik gai ezberdinen azalpen ulergarri eta erakargarria proposatuz. Aurten Xabier Lopez eta Jesus Ugaldek materiaren sekretu txikienak eta unibertsoaren zabalerak aztertu dituzte.
.
![]() |
"Solasean..." Montxo Armendariz |
![]() |
Literaktum. Bernardo Atxaga eta Anari |
Baina alor bat besteen gainetik aipatu behar bada, dudarik gabe literatura da. Urtarrila eta martxoa bitartean, Jon Bilbao, Isaac Rosa eta Belén Gopeguiren hitzaldi/elkarrizketek literaturaren alderdi sozialaren hausnarketa proposatu zuten.
Apirilean, literatura azken bi urteetako Literaturaren Astea egitasmoaren garapena izan da, Liburuaren Egunaren inguruko jarduera ezberdinak hilabete osora zabalduz: Mikel Aierbe eta Iñigo Astizen Hondakindegia irakurketak, Idoia Estornés eta Leonardo Valencia idazleen solasaldiek, beste jarduerekin batera (ipuin kontalariak, haur antzerkia, ahozko narrazioa, etab.) literatura kultur etxearen atmosfera bihurtu dute.
Maiatzean ospatzen den Literaktum jaialdiaren irekiera Ernest Lluch Kultur Etxean izan zen, gogoan geratuko den ekitaldi batekin: Desertuko biztanleei buruz, Bernardo Atxagaren irakurketa, Anariren zuzeneko musikaz lagunduta.
Aurten ekainak ere toki berezia gorde zuen Amaran literaturarako. Donostia 2016 eta Donostia Kulturak antolatutako Artejira jaialdiak hiriko auzo ezberdinetako kale eta plazetan kultur etxe bakoitzaren espezialitatearekin lotutako ekitaldiak antolatu zituen eta Ernest Lluch kultur etxearen ardura izan ziren literatur jarduera ugari: Patxi Santamaria eta Inazio Tolosaren Oteiza: testuak eta beste poemak, Oier Guillan eta Rafa Ruedaren Munduaren neurria, autobusetan irakurritako testuak Literatura martxan titulupean, Shaktiren Irakurriz ikuskizuna edo Xuxurlariak taldea.
Eta udazkenean literatura berriz ere programazioaren ardatz nagusietako bat izan da: Javier Minaren Ibiltariaren begirada erakusketa eta hitzaldia, Gerardo Markuleta eta Jabier Muguruzaren Espriu euskaraz mintzo irakurketa musikatua, Patxi Barco eta Carlos Zabalaren Bahía de La Concha irakurketa dramatizatua, Luis García Montero, Karmelo C. Iribarren eta Itziar Mínguezen Dudosa geografía urbana errezitaldi poetikoa edota poesia eta flamenkoa uztartzen dituen David Morelloren Cuando los poetas cantan saioak literaturaren aukera amaigabeen eredu bikaina izan dira.
Eta honetaz gain, ezin dira ahaztu liburutegiak antolatzen duen literatur solasaldia edo Plus 55 zerbitzuak garatzen duen Narratzaileen Txokoa egitasmoa, besteren artean, irakurketa sustatzen duten Irakurketa Kluba eta Ipuinaren Orduarekin batera.
Literaturak pisu handia du ere Erakusleihoan, diziplina artistiko ezberdinei irekita dagoen programa, lengoaia ezberdinak uztartzen dituzten formatu txikiko obra sortzaile eta berritzaileak lehenesten dituena: goian aipatutako Hondakindegia, Espriu euskaraz mintzo, Bahía de La Concha eta Cuando los poetas cantan lanak programa honen barruan taularatu dira, zuzeneko irakurketaren xarma eta indarra paregabeak direla azalduz.
Orain arte aipatutako ekitaldi gehienen audioak entzungai daude donostiakultura.tv kanalean, bisita ugarirekin programazioaren oihartzuna zabaltzen dutelarik.
![]() |
Olatu Talka |
![]() |
Bularretik Mintzora |
![]() |
Erakusketa. "Ibiltariaren begirada", Javier Mina |
Zinemak astero du bere hitzordua Ernest Lluch kultur etxean eta 2014a ez da salbuespena izan. 13 urte dira jarraian astelehenero zuzendari, genero eta garai ezberdinetako pelikulak programatzen, zikloetan bilduta, urria eta maiatza bitartean.
Erakusketen atalean, azkeneko urteetako sorkuntza eta ekoizpen propioaren sustapenaren apustuan pauso berri bat eman dugu. Mario Olmeñoren Donostreet; EHUko Pintura Master-aren ikasleen Metamorfosia: Desbideraketak eta alterazioak; Kris Arzadun, Gorka Bravo eta Idoia Unzurrunzagaren Hiri Horizont3ak eta Nerea Calvillo, Mar Canet, Varvara Guljajeva, Ángel Hernández eta Jesús Domínguezen Hiri digitala erakusketak kultur etxeak bultzatu eta ekoiztutako proiektuak izan dira: argazkilaritza, pintura eta instalazio garaikideek lengoaien aniztasunaren apustua azpimarratzen dute.
Urtero indarrean dauden ekitaldi eta jaialdiak programazioaren atal oso garrantzitsua jarraitu dute izaten, kultur etxearen ekintza lurraldean zabaltzen dutelarik: Musika Sakratua eta Abesbatzen Astea, Poltsiko Antzerkia, Donostikluba, Olatu Talka, Kale Antzerkia, auzoko zonalde ezberdinetan garatzen dira, Ikasbide, Amara-Osinaga, Amara Zaharra eta Loiolako Erriberetako bizilagun elkarte eta jai batzordeekin elkarlana ahaztu gabe.
Lurraldearen dinamizazio sozial eta kulturalari dagokionez, 2014 aurrepausoak ekarri dituen urtea izan da ere: iaz osatutako Euskara Batzordeak gero eta ibilbide sendoagoa du, eta kultur etxeak, bertan parte hartzeaz gain, baliabide ezberdinak bideratu ditu batzordeak bultzatutako egitasmoetara. Gainera, goian aipatutako programen zabalkundea sendotu da ere, bereziki Amara Zaharrean eta Loiolako Erriberetan, etorkizunari begira ildo horretatik jarraitzeko asmoa azalduz.
Haur programazioari buruz gauza bera esan daiteke. Bereziki zaintzen da urtean zehar txikiei zuzendutako eskaintza: haur antzerkia, txotxongiloak, pailazoak, Kutxa Magikoa, Ipuinaren Ordua, Hip Hip Urri edota Gabonak Zuretzat haurrak oso kontuan hartzen direla argi frogatzen dute. Eta ez da ahaztu behar Haurtxokoak eta Liburutegiak eskolekin egiten duten lana, bisita gidatu eta bestelako ekintzekin. Haien artean egitasmo berri bat aipatu behar da, Amarauna proiektuaren baitan: Amarajira, auzoaren ondarea eta historia hobeto ezagutzeko liburutegiak auzoan zehar eskolentzat antolatu dituen txangoak.
Ikastaroen atalari dagokionez, Ernest Lluchek ikasle eta ikastaro kopuru handia izan du aurten ere: 2.000tik gora ikasle eta 90 ikastaro inguru. Horretan, eragin handia izan du egile ikastaroen eskaintza oparoak: Luisa Etxenike, Jesús Torquemada, Virginia Imaz, Pello Añorga, José Luis Orella edota Mafalda Saloioren ikastaroek ezin hobe osatzen dute gainontzeko eskaintza orokor aberatsa.
Programazioa eta ikastaroekin batera, Ernest Llucheko Liburutegi, Haurtxoko, Gazteleku eta Plus 55 zerbitzuen aukera zabalek kultur etxea erabiltzaile gehien dituztenen artean kokatzen dute. Eta azken hau borobiltzeko, Amarako kultur etxeak urtetik urtera lagapen kopuru oso handia egiten du, auzoko eta Donostiako dinamizazio kultural eta sozialaren eragile nagusienetako bat bihurtuz, zalantzarik gabe.
.
Kopurua | Erabiltzaileak | |
---|---|---|
GUZTIRA | 564 | 19.734 |
Antzerkia | 25 | 3.689 |
Bideoa | 33 | 1.945 |
Musika | 12 | 726 |
Hitzaldiak | 24 | 1.020 |
Ikastaroak eta tailerrak | 85 | 1.929 |
Erakusketak | 8 | 1.925 |
Elkarteen bilerak eta jarduerak | 272 | 6.745 |
Aretoen alokairuak | 2 | 11 |
Liburutegiko jarduerak | 103 | 1.744 |
Kopurua | Erabiltzaileak | |
---|---|---|
GUZTIRA | 336 | 159.145 |
Liburutegiko bisitariak | 134.943 | |
Haurtxokoa | 164 | 5.562 |
Gaztelekua | 111 | 5.906 |
Plus 55 | 61 | 1.918 |
Kzgunea | 10.786 |
Guztira | Euskaraz | Gaztelaniaz | ||||
---|---|---|---|---|---|---|
Kopurua | Erabiltzaileak | Kopurua | Erabiltzaileak | Kopurua | Erabiltzaileak | |
GUZTIRA | 206 | 2.376 | 14 | 196 | 71 | 1.334 |
2013/2014 ikastaroak | 43 | 757 | 7 | 103 | 36 | 654 |
2014/2015 ikastaroak | 42 | 773 | 7 | 93 | 35 | 680 |
Kzgunea ikastaroak | 121 | 846 |
Guztira | Euskaraz | Gaztelaniaz | ||||
---|---|---|---|---|---|---|
Kopurua | Erabiltzaileak | Kopurua | Erabiltzaileak | Kopurua | Erabiltzaileak | |
GUZTIRA | 206 | 1.245 | 14 | 29 | 71 | 370 |
2013/2014 ikastaroak | 43 | 208 | 7 | 17 | 36 | 191 |
2014/2015 ikastaroak | 42 | 191 | 7 | 12 | 35 | 179 |
Kzgunea ikastaroak | 121 | 846 |
Donostia Kultura 2022 © copyright
Bazkidea zara baina oraindik pasahitzik ez daukazu? Erregistratu orain eta zure esku izango dituzu web eduki eta zerbitzuak: buletinak, sarreren zozketak ... Bi minutu besterik ez dira izango!
ErregistratuDonostia Kultura bazkide txartela eskatu. Txartelarekin deskontuak, abantailak, eskaintza esklusiboak eta askoz gehiago eskuratuko duzu. Zure eskaerak automatikoki erregistratzen zaitu gure webgunean.
Eskatu orain zure txartelaDeskontuak eta bestelako abantailak izateko, hasi saioa Donostia Kulturako bazkide gisa.
Saioa hasi bazkide gisa