Sarrerak
San Sebastián, ciudad de la cultura

Zinema eta Bideoa

Proiekzioen datuak
EgunakSaioakFilm-kopuruaIkusleak
Guztira  75 128 295 35.364
Nosferatu programazioa 20 20 22  2.258
XII. Surfilmfestibal 3  7 37  1.538
Giza Eskubideen XII. Zinemaldia 9 30 40 10.903
Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren XXIV. Astea 9 40 85 14.023
Ziklo eta saio bereziak 34 41 111

  6.642

 

 

Donostia zinez da zine-hiria, eskaintza etengabea baitu sektore pribatuan, elkarteenean eta baita instituzionalean ere. Batera edo bestera, Donostia Kulturak ekinbide gehienetan hartzen du parte, dela zuzeneko antolatzaile gisa, dela lankidetzan, dela aholkulari modura.

2014an, Max Ophüls maisu handiari eskainitako Nosferatu zikloak hartu zuen urtearen lehen zatia; aurkikuntza bikainak egiteko aukera paregabea zinezaleentzat. Azaroan, Langile-klasea zineman zikloak eman zion hasiera ikasturte berriari; oraingoan ere Euskadiko Filmategia lankide genuela ekoizpenean, eta bi zikloetan euskarazko azpidatzien eskaintza sendoturik. Gai berri horrekin batera, bi liburu monografiko argitaratu dira, Carlos Herederok eta Joxean Fernándezek koordinaturik (gaztelaniaz eta euskaraz).

clase obrera
"La chica de la fábrica de cerillas" ("Langile-klasea zineman" zikloa)
dock of the bay - the stone roses
"The Stone Roses" (Dock of the Bay)

Urteak daramatzagu Tabakalerarekin lankidetzan, baina 2014an areagotu egin da elkarlana. Batetik, Cermont-Ferrand-eko LABO sail ospetsua ekarri zen berriz ere Donostiara, Kimuak programako euskal film laburrak barne. Bestetik, proiekzio alternatiboen hilabeteroko programa hasi da gure Antzoki Zaharrean, Zirkuitua izenekoa.

Dock of the Bay dokumental musikalen zinemaldia, Qualia elkarteak sustaturik, berriro etorri zen Antzoki Zaharrera eta hiriko beste toki batzuetara, eta genero horretako emanaldiak ekarri zizkigun; gero eta zale gehiago ditu generoak, eta gero eta sendotuago daude hala lehiaketa saila nola zinemaldiaren beraren nortasuna.

Donostiaren irudiari lotutako beste jaialdi garrantzitsu bat Surfilmfestibal da, jada hamabigarren ediziora iritsi dena. Bertako kolektiboekin elkarlanean, bere formatua egokitzen doa eta bere eskaintzak aldatzen doaz eskura dituen errekurtsoen arabera. Aurten berriz saririk gabeko "mostra" bat izan da, bakarrik surf munduko zintarik esanguratsuenak programatuz. Europa mailako sona handiko estreinaldiak izan dira, Damnation (Olatu garbiak saileko ingurumenaren ildoari jarraikiz) edota Out in the Line Up kasu. Calentamiento local saioak bertako surf laburrak, zuzeneko emanaldiak eta dibertsioa uztartu zuen, jaialdi honetako DNAren erakusgarri; kostaldeko tribuen topaleku bihurtu zen, eduki onenetaz modu ozarrean gozatzeko gunea. Bertakoa bai, baina baita irismen globaleko ekimena ere.

Bestalde, lankide izan gara beste zinemaldi batzuetan, hala nola Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko 38. Zikloan eta Tolosako Zeinu Hizkuntzan Egindako Zinemaren Jaialdian, bai eta Creative Commons Zinemaldiaren urteko programazioan ere. Berriro izan genuen Menditour ere, naturaren alderako errespetua balio nagusietako bat duen zikloa, eta arrakasta handia izan zuen.

labo - the missing scarf
"The Missing Scarf" (LABO)
damnation
"El mar del fin del mundo" (Itsaspeko Zinema)

Emakumeen Etxea elkarteak beste urrats bat egin zuen Zine Feministaren Hirugarren Ikustaldian, zeina Agnes Varda eta Claire Denis zinegileei eskaini baitzaio 2014an. Feministaldia zinemaldiak ere bere emanaldia izan zuen Antzoki Zaharrean, eta EGHAM kolektiboak Bilboko Zinegoak zinemaldiko bi saio ekarri zituen. Atzegi kolektiboak, berriz, ikus-entzunezkoak erabiltzen jarraitzen du, sentiberatasuna handitzeko eta lanerako tresna indartsua diren aldetik.

2014an, ekinbide berrizaleak izan ditugu, halaber: Fashion Films zikloa, indarrean datorren azpigenero bat, edo zine ludikoko Bang! Bang! Donostia proiekzioak.

Emanaldi berezi gisa, gogoan ditugu Five Days to Dance dokumentalaren estreinaldia, Donostia 2016rekin batera, edo Azken bidaia filmaren ondotik izandako solasaldi hunkigarria.

Donostia Kulturak Filmazpit programa kudeatzen jarraitu du laugarren urtez, Eusko Jaurlaritzaren laguntzaz; euskaraz azpidatzitako film sorta bat, kultur zirkuituetan zabaltzeko.