Sarrerak
San Sebastián, ciudad de la cultura

Antzoki Zaharra

Antzoki Zaharrak jo eta ke jarraitzen du, urteek ematen dioten zaporeaz eta tamaina egokiak eta donostiarren txerak ematen dioten hurbiltasunaz. Horri gaitasun eszeniko eta tekniko ona gehitzen badiogu, erabilera askotarako areto bihurtzen dute ezaugarri horiek, Donostiako programazioaren parte bati erantzuteko modukoa, era eta jatorri guztietako talde eta ekinbideei. Bai donostiarrek bai bisitariek gehien estimatzen duten antzokietako bat izaten segitzen du.

Euskarazko antzerki-proposamenen programazioa sendotuz doa Antzoki Zaharreko jarduera nagusien artean. Gaur egun, Antzoki Zaharra da Euskal Herrian euskarazko antzerki-programazio jarraituarentzako habe nagusia. Antzoki Zaharretik pasatu ohi dira Euskal Herriko eta euskarazko produkzioko konpainiarik nabarmenenak: Ados, Tanttaka, Vaivén, Txalo... Bai eta ikuskizun izarrak ere: Emaztegaiaren semea, Gau erdian, Hiru, Terapiak, Su txikian. Hori guztia Euskara Zerbitzuak eta Donostia Kulturak elkarrekin egindako lanaren fruitua da. Programazio horren erregulartasun eta iraunkortasunari esker, eta antzerkian hizkuntza-normalizazioari ematen dion bultzadari esker, programazio berezia eta, esan bezala, bakarra da Euskal Herri osoan. Horri gehitzen badiogu haurrentzat ere egiten den euskarazko eskaintza, esan dezakegu Antzoki Zaharrak egiten duen lana funtsezkoa dela euskarazko antzerkia bultzatzeko. Haurrentzako dozena bat ikuskizun baino gehiago izaten dira Antzoki Zaharreko agertokian, dela jende guztiarentzako funtzioetan, dela Eskolatik antzerkira programaren bitartez, zeina Donostiako ikastetxe guztiei zuzendua baita.

AZ  dFERIA2013 Terapiak txiki
Terapiak, Vaiven Producciones & La Pavana

Udako Antzerkiak plaza nagusi bihurtzen du Donostia beste guztien artean. Onartu beharra dago, hala ere, urte zaila izan dela 2013 programazioari behar bezala buru emateko. Programazioa orekatua izan da edukiz eta estiloz, aurkeztutako proposamenen kalitate eta erakarmenaren aldetik, etorri diren artisten mailaren aldetik, arte-taldeen aldetik oro har (aktore, zuzendari, eszenografo eta abar). Aipa ditzagun, besteak beste, Belinda Washington, Mirian Díaz-Aroca, Gorka Otxoa, Juan Diego, José Luis Gil; beste askorekin batera, beren onena eskaini dute Antzoki Zaharreko agertoki gainetik. Duela bi urte, euskarazko ikuskizunak ere hasi ginen programatzen gaztelaniazko beste proposamen batzuekin tartekatuta, hartara antzerkia ere hizkuntza-normalizaziorako bidean jarri nahian.

AZ morfeo txiki
El coloquio de los perros, Morfeo Teatro

Ezin aipatu gabe utzi Cervantesen El coloquio de los perros, Morfeo Teatrok ekarria. Aspaldi honetan taularatu den coloquiorik onenetako bat, ziur asko.

Musikari dagokionez, Antzokiak hartu dituen zortzi musika-ikuskizunek izen nabarmenak bildu dituzte: Alex Ubago, Nick Lowe, Eñaut Elorrieta edo Mikel Markez, besteak beste.

Horrez gainera, Antzokia Donostia Kulturaren zine-programa nagusien egoitza da: Nosferatu ziklo bide luzekoa, LABO, Dock of the Bay, Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea, Surfilm Festibal...