Sarrerak
San Sebastián, ciudad de la cultura

Victoria Eugenia Antzokia

Victoria Eugenia Antzokia da Gipuzkoako lehen antzokia, eta lider izaten jarraitzen du lurralde honetako programazio eszenikoan.

Biarritz eta Baionarekiko lankidetzari esker –Biarritzekin, Koreografia Zentroaren bitartez, eta Baionarekin, berriz, Scène Nationaleren bitartez–, Arte Eszenikoetara hurbiltzeko eta sentsibilizatzeko jarduera orotarikoak eskaintzen zaizkie interesa dutenei, eta horrek ikus-entzule jakitunago eta sentiberagoak sortuko ditu; azken buruan, baita ikus-entzule berriak ere, gazteen artean batik bat.

Tanta batzuk aski dira 2013ko urtea zer izan den irudikatzeko: dantzan, Malandain Ballet Biarritz-ek Cendrillon estreinatu zuen, eta, horri esker, jarduera paralelo asko jarri ziren martxan, oso modu aberasgarrian jarri ere. Aipatzekoa da, halaber, Kukairen Komunikazioa-inkomunikazioa ikuskizuna, zeinak lehen mailako konpainien artean kokatu baitu Kukai; poliki baina gelditu gabe ari da goi-mailara bidean dantzaren arloan. Ezin ahaztuko dugu Dantzaz, talentu gazteak sustatzeko konpainia, zeinak Kameleoia estreinatu baitzuen. Ezta Beijing Ballet, Lafeuille Dance eta beste konpainia batzuk ere, edo Gesc Gelabert, Sol Pico, Philippe Lafeuille eta beste hainbat koreografo izen handiko. 

vea-gbravo cenici 03 small
Cenicineta, Philippe Lafeuille
vea cenicienta mg 6408 small
vea gbravo cenici 04 small

Antzerkian, Gasteizko Teatro Principalek, Bilboko Arriaga Antzokiak eta Victoria Eugeniak berak Tanttaka antzerki-konpainiarekin egindako koprodukzioak eman zion hasiera urteari. Akordeoilariaren semea izan da koprodukzio-hitzarmen horren lehen emaria, euskarazko eta gaztelaniazko bertsioetan. Mugarri bat; izango ahal du segidarik. Bestalde, lilura sortu zuen Juan Diego Bottoren Un trozo invisible de este mundo lanak, eta gauza handia izan zen, halaber, Alfonso Sastreren Lluvia de ángeles sobre París testua, Antonio Malondak zuzendua. Donostiako udak eutsi egin zien sortutako itxaropenei, eta agertoki gainean ikusi genituen Juan Echanove, Eva Hache, María Galiana, Amparo Larrañaga... De ratones y hombres ere hitzordu nabarmena izan zen antzerkian; Miguel del Arcok zuzendua, Roberto Alamo aktore talde zabal eta hauta baten buru zela. Nola ahaztu Los hijos se han dormido, Txekhoven Kaioan oinarritua, Daniel Veroneseren zuzendaritzapean. Zale asko erakarri zituen Teatro de los Andes-ek ere, Hamlet de los Andes aurkeztu baitzuen, nortasun eta proposamen nabarmeneko Hamlet andetar bat. Azkenik, gure aitormena Esta noche no estoy para nadie ikuskizunari, urteko antzerki musikal onenaren saria jaso baitzuen.

vea gbravo antzerkisaria2013 50 txikia small
XIII. Donostia Antzerki Saria
vea gbravo antzerkisaria2013 31 small
Publikoari Gorroto, Huts Teatroa

Oraindik ere jarraitzen dute Donostiara etortzen biran diren musikal nabarmenenak; 2013an, La Bella y la Bestia izen genuen. Eta Sasibillek ere piztuta du zarzuelaren garra; Antología de Pablo Sorozabal nabarmendu behar da, ikuskizun ederra maisua hil zela 25 urte bete diren honetan.

Antzerkiak programazio zabala, askotarikoa eta kalitatezkoa eskaini zuen. Eta amaitzeko, gogora dezagun martxoaren 27an euskaraz ospatu ohi dugula Munduko Antzerki Eguna, aurreko denboraldian euskaraz eta helduentzat eskainitako ikuskizunik onenarentzako saria emanez; 2013an, Publikoari gorroto lanari eman zitzaion.

Antzokian izaten dira zenbait zinemaldi ere; esate baterako, Donostiako Nazioarteko Zinemaldia, Giza Eskubideen Zinemaldia eta Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea, besteak beste.

Musikaren aldetik, Victoria Eugenia Antzokiko programazioak proposamen guztiz interesgarriak bildu zituen 2013an: Ismael Serrano, Pablo Milanés, Chuchito Valdés, Ara Malikian Kepa Junkerarekin, Judith Jauregui edo Ruper Ordorika.