Sarrerak
San Sebastián, ciudad de la cultura

Zinema eta Bideoa

Proiekzioen datuak
EgunakSaioakFilm-kopuruaIkusleak
Guztira  71 120 209 32.834
Nosferatu programazioa 24 24 24  3.538
XI. Surfilmfestibal 3  6 19  1.667
Giza Eskubideen XI. Zinemaldia 8 25 44 11.121
Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren XXIV. Astea 8 34 56 11.029
Ziklo eta saio bereziak 28 31 66

  5.479

 

 

Donostiak osasun onez jarraitzen du ikus-entzunezkoen eskaintzaren eta dinamizazioaren aldetik, hala Donostia Kulturak berak edo bestelako gizarte-eragile batzuek egiten duten eskaintzari dagokionez (horietako askori gure laguntza eta/edo orientabidea eskaintze diegu) nola ikus-entzuleek gure proposamenei emandako erantzunari dagokionez.

Nosferatu da ziklorik beteranoena, klasikoen programaziorako ohiko denboraldia Antzoki Zaharrean. 2013a genero baten antologia ondo osatu batekin hasi zen: AEBetako musikala. Udazkenean, Max Ophüls errealizadore gutxi aztertu baina bikainaren filmografia guztia emateari ekin genion. Bi ziklootan, handitu egin da euskaraz azpidatzitako tituluen ehunekoa. Euskadiko Filmategiarekiko lankidetza funtsezkoa izan da programa horiek aurrera ateratzeko.

carta de una desconocida
"Carta de una desconocida" ("Max Ophüls" zikloa)
sugar man
"Searching for Sugar Man" (Dock of the Bay)

Hain zuzen ere, elkarrekin ospatu genituen Filmategiaren 35 urteak, bi saio hunkigarrirekin; batean, Víctor Erice izan zen gurekin, eta bestean Ama Lur film mitikoa gogoratu genuen.

Elkarlanaren ildotik, berriro ekarri zen Donostiara Clermont-Ferrand-eko LABO sail izen handikoa, Tabakalera eta Filmategiarekin berarekin batera, eta horren barruan, lehen aldiz, Kimuak film laburren antologia.

Dock of the Bay musika-dokumentalen zinemaldia, Qualia elkarteak sustaturik, berriro izan genuen Antzoki Zaharrean, bai eta kultur etxeetan ere, genero horretako proiekzioak hartu baitzituzten.

Parte hartu dugu beste zinemaldi batzuetan ere: Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko 37. Zikloan eta Tolosako Zeinu Hizkuntzan Egindako Jaialdian, bai eta Creative Commons Zinemaldiaren formatu berrian ere.

Zinea balio askoren eroale, gordailu eta tresna da. Ekologismoa, ingurumenaren alderako sentiberatasuna, beti egon dira Surfilm-en, baina aurten baita Menditouren edizioan ere, zeina Club Vasco de Camping-ekin batera egin baitugu.

Emakume-elkarte banarekin, bi miniziklo sustatu dira: Irudimen transfeministak, Medeak-ekin batera, eta Margarethe von Trotta errealizadorearena, Emakumeen Etxearekin batera. EGHAM kolektiboak ere Bilboko Zinegoak zinemaldiko bi emanaldi ekarri zituen berriz ere Donostiara. Eta Atzegik gure guneak erabili zituen berriz ere ikus-entzunezkoaren bidez bere sentsibilizazio-kanpaina berria hedatzeko.

Estreinaldi solteen kapituluan, era askotako lan dokumentalak izan ditugu: To Say Goodbye, Gu jatorri anitz, herri bat, Memoria gitana, guerra civil y dictadura en Euskal Herria, Aitzol, pizkundearen heriotza, Balta txuria, balta berdea eta No More Tour. Denek ere gure (iraganeko eta oraingo) historia eta kultura hurbilenen alderako ardura ageri zuten.

Bestalde, Donostia Kulturak Filmazpit programa kudeatzen jarraitu du hirugarren urtez, Eusko Jaurlaritzaren laguntzaz; euskaraz azpidatzitako film sorta bat, kultur zirkuituetan zabaltzeko.

 

Zine argitalpenak

2013 urte emankorra izan da. Euskadiko Filmategiarekin batera, eta beste zinemateka batzuek (Valentzia, Nafarroa) lagunduta, gure zikloekin batera argitaraturiko Nosferatu liburuek beste ibilbide bati ekin diote, eta euskara hutsezko argitalpen ildo bat ireki dute.

Hartara, bi liburu argitaratu dira gaztelaniaz, El cine musical USA eta Max Ophüls. Carné de baile, eta euskaraz, berriz, Estatu Batuetako zinema musikala eta Max Ophüls.