Sarrerak
San Sebastián, ciudad de la cultura

Victoria Eugenia Antzokia

2012an, Victoria Eugenia Antzokiak... mendeurrena bete du! Hori dela-eta, oroimenezko hainbat ekitaldi antolatu dira, atal berezi batean bilduko ditugunak. Hala, programazio arrunteko 80.000tik gora ikusleez gainera, beste 30.000 lagunek gozatu dute ekitaldi horietaz: erakusketa bat, hartarakoxe sortutako piromusikal ikusgarri bat, altzari zaharrenetako batzuen salmenta, eta abar. Guztiari buru emateko, ehun urteon arrasto ezabaezina utzi nahi eta bideo bat sortu dute, agertoki horretatik pasatu direnen lekukotza onenak jasotzen dituena, eta web bat, mende horretakoak biltzen dituena denik eta zehaztasun eta zorroztasun dokumentalik handienaz.

Victoria Eugeniak 100 urte
Victoria Eugenia: antzokiaren historiari buruzko webgunea.

Arte Eszenikoen programaziora etorriz, 2012an indartu egin da ikus-entzule berriak sentsibilizatzeko eta sortzeko xedea duen programazioa. Hori da 2012ko berritasunik handiena, eta hor hobetu da nabarmen ikus-entzuleen erantzuna. Esan dezakegu jarduera eszenikoa finkatu eta orekatu egin dela Donostian. Horrexegatik, hain zuzen, aipatzekoa da hiru hiriburuetako hiru antzokiak lehen aldiz bildu izana: Arriaga Antzokia, Gasteizko Principal Antzokia eta Victoria Eugenia Antzokia. Hirurok, Tanttakarekin batera, Bernardo Atxagaren Soinujolearen semea koproduzitu dugu euskaraz eta gaztelaniaz, Fernando Bernués zuzendari zela. Tamaina eta itxura ederreko ikuskizuna, euskal dramaturgia aberasten duena. Helduei zuzendutako euskarazko antzerki-proposamenen programazioa sendotuz doa, bai eta Donostia Antzerki Saria ere, euskaraz helduentzat eskainitako euskarazko ikuskizun onenari ematen baitzaio, Donostiako agertokietan aurreko urtean antzeztutakoen artean. Udalaren Euskara Zerbitzuak eta Donostia Kulturak elkarrekin egindako lanaren fruitu da hori. XII. edizioan saritutako ikuskizuna Dejabu-ren Gure bide galduak izan zen.

Laburbilduz: Dantzan, nabarmendu ditzagun Genevako Balleta, Víctor Ullateren itzulera eta Tapeplasek klakea ekarri izana. Apirilean, Gipuzkoako Dantza Profesionalen Elkarteak berriro bildu zituen Euskal Herriko dantzariak Gala batean, non dantzaren artistarik behinenez eta sortzen ari diren beste berri batzuez gozatu baikenuen

Ezin ahaztu Malandain Ballet Biarritz eta BALLET.T Zentro Koreografikoarekin batera gauzatu dugun egitasmoa. Egitasmo horri esker, bost dantza-ikuskizun ekoitzi ahal izan ditugu, Malandain Ballet Biarritz-en kalitate-zigiluaren jabe laurak ere. Bultzada berria eman zaio 2012an koreografia-jarduera osoari. Sorkuntza-lantegiak, dantza tradizionalekoak, master class-ak (Toni Jodarekin), probasaio irekiak (Anakrusarekin), koreografo gazteei laguntzeko Dantzaklubak, zenbait koreograforekin egindako solasaldiak (Thierry Malandain, Sharon Lavi) eta beste hainbat jarduera, ikus-entzule berriak sentsibilizatzeko eta erakartzeko xedez pentsatuak, nola eta dantzaren mundura hurbilaraziz lehen mailako espezialista eta artisten eskutik. Hori guztia BALLET T. izenburupean biltzen dugu, baina 2012an "tempus berria" jarri diogu azpizenburu; izan ere, hasierako aldia gainditu ondoren, sakontzeko etapa berri batean hasi gara sartzen.

Harria
Harria: 100 urte.
VEA 100 urte ospakizunak
Victoria Eugenia: mendeurreneko ospakizunak.

Antzerkian, artista eta konpainia handiak izan ditugu, hala nola Donka, "zirku berria"ren ordezkari gisa, edo José María Pou Llama a un inspector lanean. Programazioan, oreka izan da antzerki garaikidearen eta klasikoaren artean. Alfredo Sanzolek En la luna aurkeztu zuen; bestetik, El castigo sin venganza edo El sombrero de tres picos izan genituen. Donostiar udako antzerki ohikoaren emaitza ere ona izan da. Ederki osatu dute batak bestea La cena de los idiotasek edo Silvia Marsók bikain jokaturiko Yerma hezur-haragizkoak. Tricicle, Carlos Latre, Faemino y Cansadok sarrera guztiak agortzea lortu zuten 15 funtziotan. Eta aipagarria da, halaber, Harria liburuaren aurkezpena: harri-jasotzaileei egindako omenaldia, antzokia artearen eta kirolaren biltoki bihurtu zuena, eta irudi eder asko utzi ziguna oroimenean.

Sasibillek piztuta dauka zarzuelaren garra Donostian, eta musikalei dagokienez, Jaime Azpilicuetaren My Fair Ladyz gozatzeko aukera izan genuen, genero horretako beste zenbait tituluren artean.

Musika

2012an, 56 musika-ikuskizun izan dira Victoria Eugenia Antzokian, eta 22.000 ikus-entzuletik gora bildu dituzte.

Ikuskizun horietako asko Heineken Jazzaldian izan ziren. Bost, Musika Hamabostaldian; hamar, Klubean.

Zazpi, Euskal Musikaren kontzertuak izan ziren. Batzuk aipatzen hasita, nabarmendu ditzagun Xiberoko Sutondoan ikuskizuna, parada ezin hobea omenaldia eskaintzeko Dominika Etxart, urtebete lehenago zenduari; Oskarbi, Gorka Knörr eta Anje Duhalderen diskoen aurkezpenak, eta Jabier Muguruzak eta Mikel Azpirozek osatutako bikotearen emanaldia.

Gaujazza
Gaujazza.
XII Donostia Antzerki Saria
XII Antzerki Saria.

Musika Klasikoaren sailean (hamaika konzertu), lankidetza-programa zabal eta oparoa izan dugu, zeinari esker Asociación de Cultura Musicalek, Musikene Goi Mailako Musika Kontserbatorioak, Francisco Escudero Kontserbatorio Profesionalak eta Easo Abesbatzak beren egitasmo sinfonikoak, koralak eta ganbera-musikakoak gauzatu baitzituzten. Horien guztien artean, azpimarra dezagun Francisco Escuderori berari omenaldia eskaintzeko egin zen kontzertua, Asociación de Cultura Musical-en eta Francisco Escudero kontserbatoriaren lankidetzari esker.

Beste kontzertuen artean, aipatzekoak, halaber, Ludovico Einaudi, Tindersticks, Mikel Erentxun, Marlango, St. Vincent, Alejandro Escobedo, Raphael, Eleftheria Arvanitaki, Caléxico, Wim Mertens, Corizonas, Luis Eduardo Aute eta Ismael Serranorenak.

Zinea

Victoria Eugenia Antzokian Giza Eskubideen Zinemaldiaren X. urteurrena egin zen 2012an (Bakearen Etxearekin batera antolatua), eta oso pertsona interesgarriak etorri ziren, hala nola Paco Larrañaga eta Iciar Bollaín (saritua); eta erabateko estreinaldirik ere izan zen, hala nola Gazta zati bat filmarena. Antzokia eztabaidarako eta konpromisorako leku bihurtu zen berriz ere.

Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astean, berriz, itxura aldatu zuen: eszenografia ikaragarriz jantzi zen, eta zinemaldi horren jite bihurriagoaz. 2012an, Universal Estudioen mendeurrena ospatu zen, film aipagarrienetako batzuek osatutako ziklo baten bidez (euskarazko azpidatziekin denak), zeinak oso harrera ona izan baitzuen.

Bestalde, izan da tarterik Atzegi kolektiboaren lanari omen egiteko, proiekzio ezin hunkigarriago baten bidez, eta Xora estreinatzeko, zubereraz egindako lehen film luzea.