Sarrerak
San Sebastián, ciudad de la cultura

Hiriko museoa 2012

Museo berria ireki zenetik urte eta erdi igaro ondoren, San Telmo, plaza ireki gisa, euskal gizartearen topaleku bihurtu da, norberaren eta bestearen ezagutzarako, trukerako, partaidetza eta elkarrizketarako. 2012an, sendotu egin da hainbat interes, gai eta ikusle motari irekitako jardueren eskaintza, non eragin-trukea erkidegora zabaldu baita: zientzia- eta unibertsitate-erakundeetara, gizarte- eta kultura-elkarteetara, enpresetara, administrazio publikoetara, eta abar.  

Historiaren Etxea

Hala, 2012an, 14 erakusketa egin ziren guztira, formatu askotakoak: 1.000 m2-ko erakusketa handiak eta 10 metro luze ziren mikroerakusketak, gehienak beste museo eta erakunde batzuekiko lankidetza-egitasmo gisa kudeatuak, zerbitzu publikoaren erabilerari errentagarritasun handiagoa atera nahian. San Telmo Museoko erakusketek begirada berria ematen diote bertakoari eta kultura-, ondare- eta gizarte-aniztasunari. Etorkizunari eta gaur egungo gizarteak erantzun beharreko demei begirako erakusketak dira, baina gure jatorria eta errealitatea ahaztu gabe. Nabarmentzekoak, horien artean, Pantaila Globala, Bazterrekoen irudiak eta Badu, bada.

San Telmo Museoaren kultura-eskaintzak jarduera-agenda osatu bat eskaintzen du, era guztietako ikusleentzat. Besteak beste, nabarmentzekoak dira museoak jarraitzeko asmoz antolatu dituen ziklo eta hitzaldiak, lankidetza-harremanetan sartuz zientzia-erakunde eta elkarteekin, eta urte osoan zehar jarduera-eskaintza sendotuz kalitatearen eta zientzia-zehaztasunaren bidetik gure historia eta ondarea hobeto ezagutzeko. Horren lekuko dira Urtaro eta Bertatik Bertara programak.

San Telmok osatu egin du, hala, lurraldean dagoen museo-eskaintza, eta lankidetza-programei eman die hasiera, museo-sarea martxan jartzea helburutzat hartuta. Horren froga dira Gordailu Gipuzkoako ondare-zentroa sortzeko laguntza eta partaidetza, eta Museoen Museoa egitasmoa martxan jartzea.

Museoak parte hartzen du, halaber, Donostiako kultura- eta gizarte-bizitzan, jaialdi nagusietako zenbait jardueraren gertaleku izanez (Heineken Jazzaldia, Nazioarteko Zinemaldia, Olatu Talka, Musika Hamabostaldia, Euskal Jaiak, Giza Eskubideen Zinemaldia, eta abar).

Bestalde, eraikinaren arkitekturaren bitxiak sorrarazten duen interesa ere (bai parte zaharrak eta bai berriak) erakargarri gertatzen da zenbait ekitaldi pribatu antolatzeko; halako jarduerak nabarmen ugaritu ziren 2012an.


Bisitariak

San Telmoren memoriak, batetik, museoan izandako bisiten eta bisitarien kopurua jasotzen du. Bestetik, Urgull mendiko eskaintza koordinatuz jarraitzen du, eta berea du Motako Gazteluko Historiaren Etxeko erakusketaren ardura, non bisitari asko izaten baitira urtero.

  • San Telmo Museoko bisitak: 115.575

Bisitak bisitarien jatorriaren arabera (ehunekotan)

  1. Donostia             % 31
  2. EAE                %54 (Donostia barne)
  3. Estatua            % 20
  4. Beste herrialdeetakoak         %26

Bisitariak guneka:      (Bisitariak ehunekotan)

  1. Erakusketen gunea (iraunkorra eta aldikakoa)     78%
  2. Kultura gunea                                                         22%


Talde-bisitei dagokienez, San Telmoren memoriak honako gune hauetan egin diren bisita gidatuen kopurua jasotzen du:

1. Museoan bertan
2. Donostiako Parte Zaharrean egiten diren bisitak, Kalejira I eta II programen bitartez
3. Historiaren Etxeko erakusketako bisita gidatuak, Motako Gaztelukoak ―non bisitari asko izaten baita urtero― eta Urgull mendikoak.

    
San Telmo                  Kalejira                
Bisita gidatuak guztira:             566             93            
Bisita gidatua egin duten bisitariak guztira:         11.839         1.441             


Urgull

Historiaren Etxea

Historiaren Etxeak martxoaren azkenetan ireki zituen ateak. Ireki eta ondorengo ia bederatzi hilabeteetan, 107.927 bisitari izan zituen.

Aste Santuko oporretan eta udan ere, hainbat jarduera antolatu ziren, eta haur asko erakarri zituzten.

San Telmotik koordinatu zen Natur Txoko irekitzea, Cristina Enea Fundazioarekin sinatutako hitzarmen baten bitartez, bai eta Damen Bateriako Liburutegia irekitzea ere, zeina Udal Liburutegi Zerbitzuak kudeatzen baitu.

Erakusketa iraunkorraz eta jardueren programazioaz gainera, ondarea zaharberritzeko zenbait lan egin dira.

Alde horretatik, nabarmentzekoa da “Rosita Waiker” XVI. mendeko bonbardaren kanoi-gurdiaren zati bat berregin izana, eta Damen Baterian dauden XIX. mendeko lau Saint-Chamond kanoiak zaharberritzea.


Bildumak

Gaur egun, San Telmo Museoko Bildumen Katalogoak 27.711 objektu ditu inbentariatuta, eta honela sailkatuta:

Bildumen katalogoa      Objektuak
Guztira                 27.711
Arkeologia            645
Arte Ederrak         6.607
Etnografia             8.069
Argazkiak             9.713
Historia                2.677

2012an, 180 pieza sartu dira Museoan; horietatik, 15 erosita, 2 aldi baterako gordailuan, eta 163 dohaintza gisa.


Dokumentazioa eta artxiboa

2012an, Santa Teresan jasotako bildumak Gipuzkoako Foru Aldundiak martxan jarritako Gordailua ondare-zentroko biltegietara aldatzeko proiektuak markatu du arloko lana. Orain artean, 1.363 pieza lekualdatu dira guztira, gehienak Arte Ederretako lan markodunak.

Ikerkuntzari dagokionez, Ikerfolken laguntza izan dugu jantziak eta ehunezko bildumak ikertzeko, tratatzeko eta zabaltzeko. Orobat, 1813ko gertakariekin lotura zuzenena duten Arte Ederretako lanak katalogatu dira (estanpak, marrazkiak eta margolanak), bigarren mendeurrenean materialok erabiliko direlakoan. Lan horretaz Mikel Alberdi arduratu da, Zumalakarregi Museoko ikertzailea.

Bildumei buruzko informazio guztirako irispidea integratzeko eta hobetzeko lan-ildoari segida emanez, Filemaker aplikazioko Bildumen Katalogoaren barruan, kontserbazio-modulu bat sortu da, aplikazio horretan bildumen kontserbazio-egoerari buruzko informazio xehea bildu ahal izateko, eta hartara piezak kontserbatzeko eta zaharberritzeko prozesuak hobeto kudeatu ahal izateko. Bide beretik, baina bisita gidatuei buruzko informazioari dagokionez, aplikazio bat sortu da bisiten eta lantegien erreserbak kudeatzeko.

Kanpo-kontsulten eta erreprodukzio-eskaeren kopurua aurreko urteetakoen antzekoa izan da. Guztira, 100 kanpo-kontsulta baino gehiagori erantzun zaio, eta 40 erreprodukzio-eskaerari. Barne-kontsulten artean, nabarmentzekoa da, eskatzen duen denboragatik, 1813ko gertakariekin zerikusia duten bildumei dagokiena, zeinak bigarren mendeurrena dela-eta erabil bailitezke.


Liburutegia

2012an, 2.200 lagunek baino gehiagok erabili dituzte San Telmoko liburutegiko zerbitzuak. 2011n ez bezala, 2012an liburutegira etorri direnak ez dira etorri Museoa berrirekitzearen jakin-minak erakarrita, baizik eta zerbitzua gero eta erakargarriagoa delako ezari-ezarian irakurleen eta ikertzaileen artean. Erabiltzaile asko fidelizatu ahal izan ditugu, eta, horien portaeraren arabera, esan daiteke kontsulta eta maileguen joerak gora egingo duela pixkanaka eta etengabe.

San Telmo Museoa gizarte-museo gisa pentsatuta dagoenez, liburutegian leku gehiago eman zaie soziologiari eta gizarte-mugimenduei. Bestalde, Euskal Herriaren eta euskal gaien inguruko eleberri historikoak erostea erabaki da. 2012an, nola ez, museologia, arte, euskara, zaharberritze, etnologia, historiako erreferentzia-lanak erosi dira. San Telmora datozenek, dena den, ez dituzte kontsumitzen azkenaldiko lanak bakarrik; erreserba-funtsak ere erabiltzen dituzte. Aldizkari zaharrak eta monografia historikoak askotan eskatu izan dira urtean zehar.

Liburutegi aktiboa

San Telmo liburutegia

San Telmoko liburutegia museoko espazio aktiboa da, eta, horrenbestez, funtsak mailegatzeaz eta katalogatzeaz gainera, era guztietako hartzaileentzako jarduerak antolatu ditu: liburu-aurkezpenak, haurrentzako ipuin-kontaketak, literatur irakurraldiak, eta abar. Besteak beste, Iban Zaldua edo Ramon Saizarbitoria pasatu dira San Telmotik.


Lankidetzak eta ekinbideak
Zenbait lankidetza egin dira; besteak beste, Gureak enpresarekin, ahalmen urrikoei zor zaien lekua aitortzeko eta integratzeko xedez, Pauso Berriak praktika-programaren bitartez.

Bestalde, 2011ko ekinbide bati jarraipena emanez, eta atzerriko hainbat liburutegiren ildotik, Museoko liburutegian bada Bookcrossing zerbitzu bat, non erabiltzaileak libre dauden liburuak har baititzake.

Zaharberritzea

Guztira  74 pieza zaharberritu dira edo sartu dira kontserbazio-prozesuan.

Komunikazioa

San Telmo museoa

San Telmo Museoaren berritasunak eta arkitektura aldetik sortzen duen interesak argazki-sesio eta telebista saioetako agertoki bihurtu du museoa.

Halaber, 2011ko jardunarekin alderatuta neurri txikiagoan izan bada ere, Estatuko eta nazioarteko komunikabide eta argitalpen anitzetan agertu da museoa: arkitektura eta arte argitalpenetan, egunkarietan, turismo gidetan...

Komunikazio atalaren lanaren beste parte handi bat aldikako erakusketa eta jarduerei zabalkundea ematea izan da; ohiz kanpoko esfortzua egin da Badu, bada erakusketarekin. Izan ere, erakusketaren, jardueren eta webgunearen gizarteratzea eta dinamizazioa funtsezkoak ziren proiektua ondo burutzeko. Horretarako, ohiko tresnez gain, bereziki erakusketarako sortutako webgunea eta sare sozialetako presentzia kudeatu da.

Hileroko agendari dagokionean, diseinua aldatu egin da, informazioa argiago azaltzeko eta jarduerak bilatzea errazteko.

Webgunea ere hobetu da, atal bat gehiago sartuz. Honetan, hezkuntza alorreko bisitarientzako ibilbideak proposatu dira, adinen arabera antolatuak.

 

Lankidetzak

2012an, San Telmo Museoa lankide izan da zenbait arlotan eta zenbait helburuz. Hona hemen lankidetzen zerrenda:

Administrazio publikoa

Gipuzkoako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza, Donostiako Udala, EITB.

Erakunde eta instituzioak

Aranzadi Zientzia Elkartea, Etxepare Institutua, Region Aquitaine, Harri Xuri, Euskaltzaindia, SIIS Eguia-Careaga fundazioa, Oteiza fundazioa, Euskal Herriko Unibertsitatea, Zinemaldia-Festival Internacional de Cine, Heineken Jazzaldia, Fundación ICO (Madril)

Museoak / Kultur etxeak

Donostiako Museoen Sarea, Untzi Museoa, Centro de Arte Santa Mónica (Bartzelona), Museo de la Inmigración (Bartzelona), Museo del Prado (Madril), Museo Escultura (Valladolid), Museo Centro de Arte Reina Sofía (Madril), Musée Quai de Branly (París), Centre de cultura contenporània de Barcelona (CCCB), Oteiza Museoa, Eureka zientzia museoa, Igartubeiti Museoa, Museé d’Aquitaine (Bourdeaux), Ekainberri.

Gizarte eta kultura elkarteak

Parte Hartuz, Sartu, Prosalus, CongdEuskadi, ONCE, Gainditzen, Bagera, Ropka Euskadi, Acnur, Hirukide, Demagun elkartea, Gurutze Gorria, Mugarik gabe, Gizalde, Nagusilan, Emaús, ASG-GEE, SOS Racismo, Atzegi, Polo Matia Fundazioa, Caritas, Agipad, Fundación Juan Ciudad, Arrats, Bagera, Greenpeace Gipuzkoa, Kalapie, Gaztetxoen Elkartea, Euskal Herrian Euskaraz, Euskal Idazleen Elkartea, Arrasate Euskaldun Dezagun.


Enpresak eta ekonomia-erakundeak

Kutxa, La Caixa, El Diario Vasco, Berria, Altuna y Uria, S.A., Iberdrola eta Cadena Ser.

Irakaskuntza eta Unibertsitatea

Eskolak, euskaltegiak (AEK, Ilazki…), EHU-UPV, Deusto, Red académica i2basque, TKNIKA, Unesco Katedra-EHU, Deustuko Unibertsitatea, Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea.

Turismoa

Donostia Turismo, Basque Tour, Gipuzkoa Turismo, Euskadiko turismo-bulegoak, Offices de tourisme Pays Basque, kongresu-agentziak.